Eneritz Iturriaga omenduko dute Oizeko erronkan
2022ko Oizeko erronkan Eneritz Iturriaga txirrindulari ohia omenduko dute. Aixerrotape Txirrindulari Elkartearen ordezkariek azaldu dute bere kirol ibilbideagatik, txirrindulari asko eta askorentzat erreferente izateagatik eta Bizkaia Durango taldeko zuzendari moduan egindako lanagatik egingo diotela aitortza abadiñarrari.
Ekainaren 11an [zapatua] egingo dute Oizeko erronka, XII. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistaren barruan. Hain zuzen, hiru ibilbide egongo dira aukeran aurten ere. Oizeko erronka deritzona 162 kilometro lasterketa da (3.200 m-ko desnibela), eta beste biak, berriz, 128 km-ko (2.000 m-ko desnibela) eta 75km-koak dira (1.000 m-ko desnibela). Ibilbide luzeenak 08:00ak aldera hasiko dituzte, eta laburrena 10:00etan.
Izen ematea abenduaren 15ean zabaldu zuten. Parte hartu gura duten txirrindulariek Rock the sport plataforman izena eman behar dute.
Urtarrilaren 31tik martxoaren 13ra izena emanez gero, 38 euro ordainduko dute federatuek, eta federatu gabeek 44 euro, eta martxoaren 14tik maiatzaren 1era, ostera, 44 euro eta 50 euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren.
16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete. Adinez nagusiak ez direnek, tutoreen baimena sinatuta bidali behar dute aixerrotaze@gmail.com helbide elektronikora.