Ekintzaileentzako ikastaroa antolatu du Bermeoaldeko Behargintzak
Otsailaren 21etik 28ra bitartean eskainiko dute 30 orduko formakuntza ikastaroa; sarean izango da.
Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziak formakuntza ikastaroa antolatu du ekintzaileentzako. Sarean eskainiko den ikastaroa izango da, 30 ordukoa; otsailaren 21etik 28ra bitartean izango da, hain zuzen ere.
Ikastaroa enpresa berria martxan jartzeko asmoa daukatenei edota urritik aurrera martxan jarri zuten enpresaburuei zuzendutakoa dela zehaztu dute. Jakitera eman dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak homologatuta dagoen ikastaroa da. Izan ere, aipatu ikastaroa gaindituta edukitzea “derrigorrezko eskakizuna” da BFAk ematen duen Enpresak Abian Jartzeko eta Sortzeko Laguntza jasotzeko.
Honakoak landuko dituzte Oinarrizko Enpresa Kudeaketa izena duen ikastaroan: ideiaren analisia eta balorazioa, negozio eredu desberdinak, izaera juridikoak, eraketa eta hastapen izapideak, marketing tresnak, ekonomia eta finantza plana, zergak eta likidazioa, inbertsioen finantzaketa, diru laguntzak, enpresaren gizarte erantzukina edota teknologia berrien erabilera.
Informazio gehiago gura dutenek edota izena emateko interesa daukatenek, Behargintzarekin harremanetan jarri beharko dira: Zubiar Tar kepa 26-28, lehenengo solairuan (udal azokan)/94-617 91 90.