400dik gorako intzidentzia tasa daukaten herriei ekitaldi jendetsurik ez egiteko eskaera egin die Jaurlaritzak
Gaur argitaratutako aginduaren arabera, neurri "prebentiboak" bete ezin badituzte, ekitaldi jendetsuak "bertan behera" utzi behar dituzte edo "atzeratu", egoera epidemiologikoa hobetu arte.
Iñigo Urkullu lehendakariak eguenean esan zuen astelehenetik aurrera osasun larrialdia bertan behera geratuko dela. Hala, ezarrita dauden murrizketa gehienak arinduko dituztela iragarri zuen. Izurria kontrolpean edukitzeko, hala ere, zenbait neurrik indarrean jarraituko dutela jakinarazi dute gaur. Izan ere, COVID-19aren pandemiak sortutako osasun larrialdi egoerari amaiera ematen dion 5/2022 dekretua argitaratu dute, eta horretan zehazten dira aro berrirako neurriak.
Agindu horretan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei esaten die 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute, ez baimentzeko ekitaldi jendetsurik; aginduaren arabera, neurri “prebentiboak” bete ezin badituzte, “bertan behera” utzi behar dituzte edo “atzeratu”, egoera epidemiologikoa hobetu arte. Gaur egun udalerri gehienak daude 400 kasuko izentzidentzia metatutik gora.
Adierazi dute, gainera, “jatea eta edatea” tartean daudenean izaten direla prebentzio neurriak betetzeko zailtasunik handienak, “halakoetan ezin baita maskara jarrita eduki”. Kasu guztietan ere, “jendetzak” saihestera egin behar dela esan dute, eta, horretarako, ondo hautatu behar direla ekitaldi publikoak egiteko tokiak.
Espazioak ondo “antolatu” behar direla adierazi dute, ahal dela jan eta edanerako aparteko tokiak bereizi behar direla gaineratuta. Gogoratu dute baita ere, “ahal den guztietan” kanpoan egin behar direla ekitaldiak.
Aireztapen egokiaren garrantzia ere nabarmendu dute, eta esan dute toki publikoetan CO2 neurgailuak erabiltzea komeni dela. Kalean maskarak beti soinean eramatea beharrezkoa ez bada ere, immunoeskasiak dituzten pertsonei beti jarrita eramateko gomendioa egin diete.
Aratusteak hurbil daude, eta jai horietan sor daitezkeen jende pilaketak dira “kezkarako” arrazoi bat.
Jakitera eman dutenez, Osasun Sailaren web orrian argitaratuko dituzte udalerrien zerrenda tasak zehaztuz, astean bi aldiz. Gainera, udalek herriaren egoeraren berri eman beharko diete herritarrei.
Gaur argitaratutako dekretuak dio, bestalde, barrualdean “nahitaezkoa” dela maskara erabiltzea; “ekitaldiak egiten diren bitartean eta ostalaritzan eta jatetxe arloko edozein jardueratan, jateko edo edateko unean soilik kendu ahal izango da maskara”.