"Ez ditut sesioak prestatzen, ateratzen zaidana jartzen dut"
Bilboko Udalak antolatutako DJ lehiaketa irabazi zuen bermeotarrak joan den hilabetean. Bere abestiak ekoizten hasi dela dio, oraindik zer ikasi baduela nabarmenduta.
Bilboko Udalak antolatutako DJ lehiaketaren irabazlea izan zara. Pozik?
Poztekoa da lehiaketa bat irabaztea. Hala eta guztiz ere, asko daukat ikasteko. Esaterako, scratch ikasten nabil, askotan rap musikaren atzean entzuten den biniloa harraskatzeko teknika da. Pandemia hasi zenean hasi nintzen ikasten, beti gura izan dudalako. Orduan denbora nuen, eta horretan hasi nintzen.
Bakarrik ikasten duzu?
Bai, YouTubeko bideoak ikusten ditut. Badaude eskola modukoak profesionalekin edo horretan adituak direnekin. Nik, baina, nik neuk egiten dut, Interneten bideoak eta tutorialak ikusten. Momentuz, nahikoa ondo joan zait, baina berriro diot nahikoa geratzen zaidala ikasteko. Izan ere, maila altu batera heltzea gustatuko litzaidake.
Lehiaketa batera aurkeztu zaren lehenengo aldia izan da?
Bai, hau izan da lehenengoa. Inoiz pentsatu izan dut, baina aurkezteko datak pasatu izan zaizkit. Kasu honetan ere, azken egunean bidali nuen lehiaketara aurkezteko behar zen bideoa.
Finalean, Paul Larrozea bermeotarragaz aritu ziren lehian. Hori ere poztekoa izango zen.
Bai, hala da. Poztekoa da, nahiz eta bakoitza bere lanera egon behar zen. Esan beharra daukat ez nuela ezer prestatuta eroan. Nik egiten dakidana erakustera joan nintzen finalera, jendeak nire lana ezagutzeko; ez nuen buruan lehiaketa irabaztea, gozatzea baino. Esperantza txiki bat beti daukazun arren, ez nuen espero. Paulek oso ondo jartzen du musika, beste estilo bat dauka berak. Nire estiloa gogorragoa eta arinagoa da, Drum and bass estiloa asko erabiltzen dut; reaggetik eratorritako estiloa da, eta horretan azpigeneroak ere badaude.
Zure ekipoagaz joan zinen finalera?
Bai, hiru izan ginen finalean eta bakoitzak bere ekipoa eroan zuen. Nahi izanez gero, eurek jartzen zuten ekipoa, baina nik gurago nuen nireagaz joan; ni nirera ohituta nago, ez dakit beste ekipo batean zer aurkitu dezakedan.
Bat-bateko saioa izan zen?
Nik horrela egiten dut beti, inoiz ez daramat ezer prestatuta; momentuan ateratzen zaidana. Prest eroaten dudan gauza bakarra soinuak dira, scratch egitekoak ditudanak, adibidez. Lehiaketan izena emateko bideo bat bidali behar genuen; tekno iluna grabatu nuen. Finalean, berriz, drum and bass estilotik jo nuen. Ez nekien zer egin, eta hortik jo nuen.
Teknoa errazagoa egiten bazait ere, gehiago gustatzen zait drum and bassa
Noiz hasi zinen eta zelan?
15 edo 16 urte nituenean sortu zitzaidan interesa. Uste dut Tomorrowland moduko jaialdiren bat ikusita-edo izan zela. Hala ere, hasieran ez duzu pentsatzen maila on batera iritsi zaitezkeenik; nahi bai, baina zaila dela badakizu. Beharrezkoa da errealista izatea, oso ona izan behar zara horretaz bizi ahal izateko. Baina gutxi-gutxika joan da dena. Lehenengo ekipoa mahai txiki bat zen, ordenagailura konektatuta. Gerora erosi nuen beste ekipo bat askoz ere profesionalagoa. Orain, berriz, ekipo oso ona daukat, merkatuan dauden hobeenetarikoa, hau da, maila profesionalean erabiltzen den horietako bat. Garestiak dira, eta epeka ari naiz ordaintzen. Ia dena daukat bigarren eskukoa, biniloen platera izan ezik; berria erosi dut. Aberatsa ez bazara, ezinezkoa da dena batera erostea. Dena daukat etxeko gelan, leku nahikoa behar du.
Hasi zinenetik gaur egunera arte, estiloa aldatu duzu?
Askorik ez. Drum and bass gustukoa nuen, eta hortik hasi nintzen eta hortik jarraitzen dut. Baina ez dut estilo bakarra entzuten, drum and bass, tekno, rap, reagge… askotarikoak entzuten ditut, eta musika jartzeko orduan ere berdin. Askotan, egunaren arabera izaten da. Teknoa errazagoa egiten bazait ere, gehiago gustatzen zait drum and bassa.
Eta jendeak, zer du gustuko?
Rapa esango nuke, baita ere teknoa. Drum and bass hemen ez da horrenbeste entzuten, Ingalaterratik etorri den estiloa da, eta handik gehiago entzuten da. Hemen gutxika ere badoa ezaguna egiten, sare sozialetan badoa gehiago zabaltzen. Sound Systemetan ere gero-eta gehiago entzuten da.
Lehiaketa irabazteak zure izena zabaltzeko balio al dizu?
Bai, interesa agertu dute batzuek; nire sare sozialengatik galdetu didate. Ezagutzen ez ninduten batzuk ere hurbildu zaizkit esaten gustatu zaiela. Sariari esker, BIME CITYren hurrengo aldiko jardueretako batean diskoak jartzeko aukera edukiko dut. Bilborocken ere saio bat egiteko aukera edukiko dut, data zarratzeko daukat. Eta, gainera, bideoklipa grabatzeko aukera emango didate, eta argazki-saio bat ere bada saria. Egia esan, ez zait askorik gustatzen argazkiena. Etxean ere nire saioen bideoak grabatzen ditut YouTuberako. Hasieran goitik atera eta eskuak baino ez ziren agertzen, orain albotik egiten dut, agertzea hobeto dela konturatu naiz.
Zuen lana zabaltzeko sare sozialak beharrezkoak al direla uste duzu?
Gaur egun ia beharrezkoa dela esango nuke, asko laguntzen dute. Nik Instagram, Twitter eta YouTube erabiltzen ditut. Saiatzen naiz elikatzen, baina kosta ere egiten da, askotan lanetik nekatuta iristen naiz, baina egin behar dudan gauza bat da.
Zenbat denpora eskaintzen diozu?
Saiatzen naiz egunero zer edo zer egiten; ordu bat bada ere, scratchak eta hobetzeko lanak egiten saiatzen naiz. Baina denbora lar ere ez daukat.
Eraginak edonondik jasotzen ditut, baina gehien, agian, rapetik edo reaggetik
Kontzertuak zelan doaz?
XSakaran DJa naiz, hortaz, alde horretatik kontzertu batzuetan egoten naiz. Bere kontzertuen aurretik musika jartzen ibiltzen naiz, lekuen arabera. MØNET modura, nik bakarrik, ez dut kontzertu askorik eduki. Gustatuko litzaidake ni bakarrik hastea, baina beldur apur bat ere ematen dit. Ez naiz publikoaren aurrean askotan egon, atzean egoten naiz ni eta Xabi dago aurrean. Ni atzean nago neure gauzekin, neure erara, ez zait askorik ikusten. Xabik kontzertuetan niretzako txaloak eskatzen dituenean, gorritu egiten naiz.
Eraginik ba al daukazu?
Lehenago esan dudan moduan, askotariko musika estiloak entzuten ditut, eta denetatik jasotzen dut zer edo zer. Sarritan, girotze musikan jartzen dut arreta. Eraginak edonondik jasotzen ditut, baina gehien, agian, rapetik edo reaggetik.
Jendea dantzan ikustea pozgarria izango da, ezta?
Bai, oso pozgarria. Gaur egun, hala ere, gogorra da taula ginean musika jartzen egon eta jendea jesarrita ikustea. Baina aulkian jendea mugitzen ikusteak poztasuna ematen du.
Etorkizuna zelan ikusten duzu?
Nire abestiak ekoizten hasi naiz, baina horretan ere badaukat asko ikasteko. Momentuz, ez daukat ezer ateratzeko moduan. Ikasi egin behar dut nahasteak egiten, masterizatzen, soinuak jartzen… Live sesioak egitea ere badaukat buruan, eta Twitchen ere hasi gurako nuke. Gustukoa dut mundu hau eta jarraitzea da nire asmoa.