Etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza egitea eskatu du EH Bilduk
Azken bi urteetan etxebizitza turistikoen kopurua "nabarmen" igo dela azpimarratu dute: "2019an 39 etxebizitza turistiko zeuden eta 2021ean 84. Legez kanpo dauden hogei ere badaude".
Bermeoko EH Bilduren udal taldeak udal gobernuari proposatu dio pisu turistikoak arautzeko ordenantza bat egitea. Denbora gutxian herrian dagoen etxebizitza turistikoen eskaintzak «gora» egin duela nabarmendu dute.
Eusko Jaurlaritzako datuak aztertuta, diotenez, gaur egun 84 etxebizitza turistiko daude “modu legalean erregistratuta” Bermeon. Hori bai, azken bi urteetako igoera azpimarratu dute: 2019an Bermeon 39 etxebizitza turistiko zeudela eta 2021ean 84 zirela jakinarazi dute. %205eko igoera egon da, hortaz.
“Legez kanpo edo jarduera ekonomikoengatik zergak ordaindu barik edota turismo araudia bete barik” dauden etxebizitza turistikoak ere badauela esan dute koalizioko zinegotziek; mota horretako hogei etxebizitza turistiko zenbatu dituztela jakitera eman dute. Uste dute hori guztia arautzea “beharrezkoa” dela, eta etxebizitza turistiko guztiak erregistratuta egotea “beharrezkoa” dela. Horregatik, hori guztia arautuko duen ordenantza bat egiteko proposamena egin diote EAJren udal gobernuari.
Era berean, lehenengo solairuaren araua aztertzeko eta gaur egun daudenei irtenbide bat emateko proposamena ere egin dute.
“Eragina herritarrengan”. EH Bilduren udal taldeak gogora ekarri gura izan du Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Turismo Legearen arabera, etxebizitza turistikoak direla «publizitatearen bitartez iragartzen direnak edo urtean jarraian 31 egun baino gehiagotan jarduera turistikora zuzendutakoak».
Beste leku askotan ez bezala, Bizkai, Araba eta Gipuzkoak etxebizitza turistikoak lege baten bidez araututa daudela dio koalizioak: “Eusko Jaurlaritzak lizentzia eman behar du etxebizitza bat jarduera ekonomikoagaz hasteko. Hala eta guztiz ere, Turismo Legeak argi eta garbi adierazten du lizentzia hori ez dela nahikoa, eta udal bakoitzaren araudia bete behar dela”. Bermeon, baina, araudirik ez dagoela diote, eta horregatik egin dituzte proposamenok.
Etxebizitza turistikoen eskaintza handitzen denean, etxebizitzaren prezioa “garestitzea” dakarrela dio EH Bilduk, baita ere, “alokairurako etxebizitzarik ez egotea”. Eta horrek guztiak “eragin zuzena” dauka bermeotarrengan: “Alokairurako edota etxebizitza bat erosteko aukera gutxiago egongo lirateke, eta horren ondorioz, gazteek emantzipaziorako aukera gutxiago izango lituzkete”.
Bestalde, eraikin batean etxebizitza turistiko asko pilatzen direnean, bizilagunentzat egunerokoa «oso gaitz» bilakatzen dela aipatu dute; «eraikinak hustea ekarri dezake». Horregatik guztiagatik, EH Bilduren arabera, bizilagunen bizikidetza eta herriko ostatu, hostal eta nekazal turismoentzako «egokiak» diren neurriak hartu behar dira.
Udal gobernuari egindako proposamenekin, EH Bilduk uste du etxebizitza turistikoak “legeztatzea” ekarriko lukeela, baita ere bizikidetzan sortu daitezkeen arazoak ekiditea. Uste dute, gainera, proposatutakoagaz, herriko gazteek aukera gehiago izango lituzketela emantzipaziorako.