Udal gobernuak Energia Planari uko egin diolako kexu da Busturiko EH Bildu
EH Bilduk Informazio Batzordean aurkeztu duen mozioa ez dute onartu EAJko eta BITeko zinegotziek. Energia Plana dagoeneko onartuta egon behar zela dio EH Bilduk.
Busturiko EH Bilduk azaldu duenez, udal gobernuak klima aldaketaren aurkako Energia Jarduketa plana egiteari uko egin dio. Informazio Batzordera mozio bat eroan zuten EH Bilduko ordezkariek, ez ziren, baina, mozioaren alde agertu Busturiko Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) eta BIT.
“Klima aldaketa daukagun arazo larrienetakoa da, mundu osoaren eta jendarte osoaren arazoa da eta, horregatik, maila guztietatik heldu behar zaio. Busturiko EAJk eta BITek ez dute uste holan denik”, diote Busturiko EH Bilduko zinegotziek.
Gogorarazi gura izan dute Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 legeak dioela administrazio publiko guztiek Energia Plana eduki behar dutela; “diagnostikoa eta estrategiak eduki behar ditu bere baitan”. Diotenez, aipatu planak 2020. urterako “prest” eta “onartuta” egon beharko luke: “Salbuespen modura, gura izanez gero, herri txikiek eskualde mailako plana egin ahal zuten. Baina hori ere, 2021eko otsaila baino lehen eginda egon behar zuen”.
EH Bilduren mozioan esaten da neurriak “modu ordenatuan” hartu behar direla, “irizpide zientifikoak kontuan hartuta”. Epe luzerako tokiko plangintza tresna bat litzatekeela diote, bere baitan zenbait helburu hartuko lituzkeenak: “Ikuspegi bat eta helburu estrategiko batzuk sortzea udalerriaren barruan, klima ekintzari eta bidezko trantsizio energetikoari dagokienez, herritarrak ere inplikatuz; datozen urteetan egin beharreko jarduerak zehaztea eta lehenestea; eta, herritarren artean klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko jarduna dinamizatzea eta bultzatzea”.
EH Bilduren ustez, Busturiko planak, gutxienez, energiaren kontsumoa, hondakinen kudeaketa eta ingurune naturalaren erabilpena aztertu beharko lituzke. Informazio Batzordean aurkeztutako mozioan EH Bilduk udalari eskatzen zion ahalik-eta arinen martxan ipintzea klima eta energiari buruzko Busturiko plana egiteko behar den tramitazioa, herritarren eta eragileen parte hartzea bermatuz. Gainera, 2022tik aurrera udal aurrekontuetan “diru sail bat edo batzuk sortu ditzala”, klima aldaketaren kontra zenbait ekimen garatzeko. Uste dute 2022an gutxienez udal aurrekontuaren %2 bideratu beharko litzatekeela zeregin horietarako. Hurrengo urteetan, berriz, planak adieraziko lituzkeen egitasmoen eta balorazioen araberako kredituak sortzeko konpromisoa hartzea eskatzen zuten.
Hala ere, zehaztu dute 2022an udalak “uko” egin diola energia eta hondakinen berezko plana prestatzeari: “Herri txikia dela jartzen dute aitzakitzat eta diru asko balio duela. Ondorioz, gure herrian aldaketa klimatikoari aurre egiteko benetan eta modu planifikatuan, inolako ametsik ez dagoela argi geratu da udal gobernuaren aldetik”.
Gainera, “helburu garbiak marraztuko dituen estrategia eta proiektu zehatz barik”, Busturiko Udalak diru laguntzak lortzeko aukerak galduko dituela nabarmendu dute; “adibidez, hondakinen kudeaketarako kasuan, duela aste batzuk bertan gertatu zen bezala”. EH Bilduren arabera, energia arloko zenbait diru laguntza eskatzeko “ezinbestekoa da Energia Plan propio izatea”. Koaliziokideen arabera, “gobernu honekin” ezin da espero Busturia ekologikoagoa lortzea.