2020ko bisitari kopurua bikoiztu du Ekoetxeak 2021ean
Ekoetxea Urdaibaik eskaintzen duen Eskola Programa Didaktikoaren emaitza «onak» nabarmendu dituzte; 9.441 ikaslek eta 734 irakaslek parte hartu dute 2021ean.
Ekoetxea Urdaibaiko programa eta zerbitzuetako arduradun Roke Perez-Agoteren arabera, 2021a aurreko urtea bezain urte zaila izan ez den arren, «oraindik ez da pandemiaren aurretik bizi zena moduko erabateko normaltasuna berreskuratu». Osasun, gizarte eta ekonomia egoerak asko baldintzatu ditu zentroaren emaitzak. Hala eta guztiz ere, Ekoetxea Urdaibaik 58.565 bisita izan zituen 2021ean; aurreko urtekoaren ia bikoitza (30.410 bisita 2020an). «Datu horrek ia pandemiaren aurreko bisitari kopuruan kokatzen bagaitu ere, ezinezkoa da ondorio argirik ateratzea, bisitariak hartzeko baldintzak (edukiera, fluxuak, distantziak…) ohikoak izatean hasi arte», azaldu du.
Eskola Programa Didaktikoari dagokionez, 9.441 ikaslek eta 734 irakaslek parte hartu zutela aipatu du. Horietatik, 6.170 ikaslek Ekoetxea Urdaibaik eskainitako Unitate Didaktikoetakoren batean parte hartu zuten; gainerakoek, berriz, bisita gidaturen batean parte hartu zuten, zentroa bera ere bisitatuz. Pandemiak eragindako egoera kontuan hartuta, «arrakastatsutzat» jotzen dituzte partaidetza zenbakiak: «Gogoan izan behar da 2021ean ikastetxeek zailtasunak izan zituztela edo ezin izan zituztela ikastetxeetatik kanpo irteerarik antolatu».
Iraun programaren «arrakasta» nabarmendu du. Aipatu programari esker, Ekoetxea Urdaibaiko hezitzaileak ikastetxeetara bertaratzen dira milaka ikasleri «kalitatezko» Iraunkortasunerako Hezkuntza programa didaktikoa eskaintzeko. Hala, aipatu duenez, 4.215 izan dira Iraun programa ikastetxean bertan jaso dutenak.
Bestalde, jarduerarik jendetsuena zein izan den galdetuta, Zetazeoak 10etan programa izan dela erantzun du. Jarduera hori elkarrekin antolatzen dute Ekoetxea Urdaibaik, Verballenasek eta Hegaluze Itsas Zerbitzuek. Hain zuzen ere, 613 lagun ontziratu ziren eta bederatzi zetazeo espezie ikusteko aukera eduki zuten, baita Laut dortoka bat ere.
Zailtasunak zailtasun, oro har, iazkoa «oso urte positiboa» izan zela nabarmendu du. Erabiltzaileen asebetetze mailak oso altuak izaten jarraitzen dutela azpimarratu du, aurreko urteagaz alderatuta, hamarren bat igo dela nabarmenduta. 10etik 9,68 jaso dituzte asteburuko jarduerek eta erakusketak eta 9,76 Eskola Programa Didaktikoak.
Erronka berriak. Ekoetxea Sareko arduradunek azaldu legez, lau zentroak (Ekoetxea Meatzaldea, Ekoetxea Txingudi, Ekoetxea Azpeitia eta Ekoetxea Urdaibai) kontuan hartuta, 100.000 bisita baino gehiago jasotzen dituzte urtero. Bisita horietan, «ingurumenaren kalitatearen garrantzia eta gizakiaren bizitzaren eta bere etorkizuneko bizitzaren kalitatean duen eragina» azpimarratzen da.
Azaldu dutenez, jarduera horien helburua ez da bakarrik ingurumen kontzeptu eta prozesuak transmititzea, «pertsonen egunerokotasuneko ohituretan eta egiteko moduetan aldaketak lortzen saiatzea ere bada».
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ingurumen hezkuntzako zentroen sareak aurrera begirako erronka berriak ezarri ditu; besteak beste, Ekoetxea Sarearen estrategia zabaltzea. Estrategiaren helburu nagusiak hurrengoak izango direla zehaztu dute: bere zentroen irismena zabaltzea, herritar gehiagorengana iristea lortzeko; digitalizazioa inplementatzea gizarte digital eta hiperkonektatu baterantz aurrera egiteko; eta hezkuntzari balioa ematea Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ingurumen politiken helburuen funtsezko alderdi modura.