Hezeguneak mimoz zaintzeko kontzientzia pizten
Hezeguneen Mundu Mailako Eguna dela eta, jendea kontzientziatzeko asmoz, zenbait jarduera egin dituzte asteburuan Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren eta Busturiako Ekoetxea Urdaibain.
Urdaibaiko Padura Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezegune garrantzitsuena aditu askorentzat, eta hezeguneak zaintzea gizateriaren eta naturaren alde jardutea dela erakutsi dute asteburuan, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren eta Ekoetxea Urdaibain. Hezeguneetako izaki bizidunak babesteko jendea kontzientziatzea bilatu dute. “Hezegunean beharrezkoak dira hainbat eta hainbat animaliarentzat, euren bizitza bertan egiten dutelako; migrazioa egiten duten hegaztientzat ere berebiziko garrantzia dute hezeguneek”, azaldu dute Urdaibai Bird Centerreko ordezkariek.
Otsailaren 2a da Hezeguneen Mundu Mailako Eguna, eta urtero hainbat jarduera antolatzen dituzte aipatutako Busturialdeko bi zentro horietan.
Domeka ate irekien eguna izen zen Urdaibai Bird Centerren. Gautegiz Arteagako hezeguneaz eta hegaztien behaketaz gozatzeko aukera paregabea eskaini zieten bisitariei, eta euren lanaren zati bat zelan egiten duten ere ikasi zuten. Hegaztien eraztunketa zientifikoa nola egiten den erakutsi zieten Edorta Unamuno biologoak.
Domekako jardueretan hezeguneen zein ekosistema hauskor horiek biodibertsitatearentzat eta gizateriarentzat duten garrantzia nabarmendu zuten: “Uholdeak murrizten dituzte, uraren eta airearen kalitatea hobetzen dute, giza ongizatea sustatzen eta pertsonentzako bizibidea izaten laguntzen dute”.
Ozolloko marea errota
Bestalde, Ekoetxea Urdaibaitik Gautegiz Arteagako Ozolloko marea errota ezagutzeko ibilbide gidatua eskaini zuten domekan. Marea errota hori euskal kostaldean “hoberen kontserbatutakoa” da, eta horrek ondarearen ikuspuntutik oso interesgarri egiten duela diote zentroko kideek. Bertan bizi diren izaki bizidunak ere ezagutzeko ekintza izan zen, ingurune horrek denboraren joanagaz jasandako aldaketei begiratuz, Urdaibaiko paisaia ederrenetako batzuk ere bertatik bertara ikusi zituzten.
Zapatuan, berriz,Urdaibaiko Padura, bertan bizi diren espezieak eta euren arteko harremanak ezagutzeko Bioblitz jarduera egin zuten Ekoetxea Urdaibaitik irtenda. “Urdaibaiko Biosfera Erreserba enklabe ezin hobea da bertan bizi diren espezieak zientzialariak bagina bezala aurkitu eta dokumentatzeko”, azaldu dute zentroko arduradunek. Biodibertsitateari eta herritarren zientziari zein iNaturalist aplikazioari buruzko azalpen teknikoak eman zizkieten partaideei. Datu bilketa nola egiten duten ere erakutsi zieten, eta gero, hezegunean bertan ikasitakoa praktikan ipini zuten.