Zain Dezagun Urdaibaik Almika auzoan eukaliptoak jartzeko baimena ematea salatu du
Ekologisten taldeak dioenez, «aldundiaren, Bermeoko Udalaren eta Urdaibaiko Patronatuaren baimena jaso du herriko enpresari batek».
Zain Dezagun Urdaibai (ZDU) ekologisten taldeak salatu du herriko enpresari batek «Almika auzoko lursail batean eukaliptoa landatzeko baimena jaso» duela Bizkaiko Foru Aldunditik, Bermeoko Udaletik eta Urdaibaiko Patronatutik. «Auzokideek diote, gainera, nekazaritza erabileratik basokora igarotzeko lizentzia urbanistikoa ez dela egokia», azaldu dute.
Ekologisten taldekoen arabera, «ez da onargarria» tartean dauden hiru administrazioek Bermeoko nekazaritza lursail horretan bete behar diren ingurumena eta hirigintza babesteko arauak «ez betetzea eta jabeari ez betearaztea». Gainera, dagoen «alternatiba suntsitzaileenaren alde» egitea kritikatu dute: «Txosten zientifiko askok egiaztatzen dute mota horretako basoek sortzen dituzten efektu negatiboak. Gogorarazi behar da, gainera, Urdaibaiko Ibai Sarearen barruan sartuta daudela herriko errekak, eta mota horretako landaketek ondorio nabarmenak sortzen dituzte sare hidrikoan».
Diotenez, Urdaibaiko Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean (EKZP) eta Bermeoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO), udal mugarteko eremu urbanizaezinean baimendutako eta debekatutako erabileren, jardueren eta eraikuntza ekintzen araubidea «zehatz-mehatz» araututa dago; «hortaz, Urkimendiko nekazaritza lurren eraldaketa mugatzen ari dira, baso landaketa intentsiboak eta ekosistema kantauriarrean naturalak ez diren baso espeziek landatzen. Ez datoz bat indarrean dagoen plangintzagaz».
Gogorarazi gura izan dute hirigintzako funtzio publikoa udalei dagokiela. «Jurisprudentzian ezartzen denez, kontrolerako ahalmen publiko hori aldez aurretik nahitaezko baimenak eta lizentziak ematerakoan islatu behar da. Halaber, ez du zertan babes espezifikoa izan behar, lizentziaren xedea izan daiteke lurzoru mota horretan baimendutakoaren mantentze lanak egiaztatzea. Aipatu administrazio-ahal publikoa ez gauzatzeak esan nahi du partikularren esku uzten dela hirigintza plangintza betetzea. Modu horretan erakundeak lirateke hondamendi ekologikoaren eta gure mendietan lurraldearen antolamenduaren aurka egiten diren gainerako arau-hausteen erantzule nagusiak».
Bestalde, ekologistek diote ez dakitela espedientea izapidetzeko promotoreak sektoreko legerian eta HAPOn eskatzen den basoen kudeaketa iraunkorrerako plana aurkeztu duen, «eta beharrezkoa» dela hori aurkeztea. Uste dute ez duela aurkeztu ere, ingurumenean izan dezakeen eraginaren azterketa jasotzen duen txostena ere; «izan ere, Natura 2000 Sarean sartutako naturgune bati zuzenean edo zeharka eragin diezaioke».
Ondorio batera iritsi direla diote: «Eusko Legebiltzarrari eskatu beharko zaio bete nahi ez diren legeak indargabetzeko eta betearazteko. Ematen du gutxi batzuen interes ekonomikoa gainerako herritarren eskubideen gainetik dagoela».