Herritarren iritziak ezagutu gura dituzte Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren bigarren fasean
Herritarren esperientziak eta iritziak ezagutzeko galdetegi bat zabalduko du Bermeoko Udalak; sarean egongo da eskuragarri.
Bermeoko Udalak Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana osatzeko bigarren faseari ekin dio. Bigarren fase honetan herritarren iritziak eta esperientziak ezagutu gura dituzte, eta horretarako galdetegi bat prestatu dute.
Aipatu galdetegia sarean bete ahalko da otsailean. Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) eta GIZen sare sozialetan aurkitu daitekeela zehaztu dute. Gainera, herriko panel informatiboetan QR kodea duten kartelak jarriko dituzte herritarrek galdetegia eskura izan dezaten. Herriko lokal, farmazia, osasun zentroan… eskuorriak banatuko dituztela aipatu dute, eta horietan ere QR kodea egongo da eskuragarri.
Drogomenpekotasunen fenomenoak Bermeoko “biztanle guztiak kezkatzen dituen” gaia izanik, denek ekarpenak egiteko aukera izatea bilatu dutela diote, “norberaren esperientziatik abiatuta”. Horregatik, otsailaren 7tik 11ra, lau eztabaida talde antolatuko dituzte: Udal langile eta politikariena (udalean ordezkaritza duten talde politiko bakoitzetik ordezkari bat edo bi egongo dira); hezkuntza esparruko eragileena; osasun arloko eragileena; eta ostalaritza, merkataritza, kultur, kirol eta aisialdi elkarteetako ordezkariena. Modu horretan, uste dute, plana osatzeko, herriko bizitza komunitarioan parte hartzen duten biztanle eta gizarteko kolektibo guztiek egindako ekarpenak kontuan izango direla.
Talde bakoitzean hamabost pertsona inguru batuko dira eta bilerak 90 minutukoak izango dira. Eztabaida talde horietara, ikastetxeetan egindako galdetegietatik ateratako datu batzuk eroango dituzte, eztabaida sustatzeko asmoarekin. Honako gaiak, besteak beste: alkohola, tabakoa, marihuana, edari energetikoak eta beste droga batzuk kontsumitzen hasteko adina (genero desberdintasunak), kontsumoen maiztasuna adina eta generoaren arabera, kontsumitzeko arrazoiak…
Martxoan, berriz, Udaleko Prebentzio Mahaia osatzea aurreikusten dutela esan dute gaurko aurkezpenean: “Tresna hori ezinbestekoa izango da prebentzioaren arloko esku hartzeak eraginkortasunez kudeatzeko”. Aipatu mahaia udaleko hainbat eremutako teknikariek (Berdintasun Saila, Kultura Saila, Udaltzaingoa, Gazteria Saila…) eta beste gizarte-eragile batzuek osatuko dute. Udal Prebentzio Mahaiaren koordinazioa eta kudeaketa egiteaz, adikzioen arloan adituak diren eta tokiko planak egiten esperientzia handia duten Sasoia enpresako profesionalak arduratuko dira.
Urrian aurkeztu zuen Bermeoko Udalak Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana. Dokumentua sortzeko hainbat fase egingo direla zehaztu zuten. Lehenengoa amaitu dute, eta horretan herriko ikastetxeetako ikasleek parte hartu dute: DBH eta Batxilergoko 731 ikaslek, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko 44 ikaslek eta Nautika Eskolako 23 ikaslek bete dute galdetegia. Orain, herritar guztien txanda izango da.
“Urrian ekimen hau aurkeztu genuenean, garbi esan genuen gure helburu estrategikoetako bat dela mendekotasunen prebentzioa lantzea (alkohola eta beste substantzia adiktibo batzuk, tabakoa, ausazko jokoak, mugikorrarekiko eta sare sozialekiko mendekotasuna…). Zalantzarik barik, asko kezkatzen gaituen gaia da. Ikasleek galdetegia bete dute eta oraingoan herritarren iritziak ezagutu gura ditugu. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto burutu ahalko dugu Tokiko Plana. Parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu bermeotar guztiei”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.