Euskal kultura intsektuetan
Arantza Eziolazak intsektuen bidez erakusten du euskal ohitura, sinbolo eta kondairei buruz duen ikuspegia; 30 ilustrazio baino gehiago biltzen dituen erakusketa jarri du Ekoetxea Urdaibain.
Konbinazio bitxia bezain interesgarria da Arantza Eziolaza ilustratzaileak Historia garraiolariak eta ibiltariak izeneko erakusketaren bidez proposatzen duena: intsektuak eta euskal kultura. Hain zuzen, Euskal Herriko leku garrantzitsuenetakoak erakusten ditu, eta intsektuen siluetak erabiltzen ditu horretarako.
30 ilustrazio baino gehiago biltzen dituen erakusketa Euskal Herriko historiaren irudi zahar eta bataialari bategaz hasten da: Gernikako bonbardaketaren oroigarri izan nahi du, eta Gernikako Batzarretxea erakusten du. Horretarako, kakalardo bitxia baliatu du Eziolazak. Horregaz batera, Euskal Herriko hiriburuak ere erakusten ipini ditu artistak eta, horretarako, intsektu garraiolari bana erabili du hiriburu bakoitzeko; zazpi, guztira.
Hain zuzen, urrezko kakalardoa (Longitarsus melanocephalu) da Donostiaren eramailea; Europako kakalardo handiena den Lucanus cervus da Zuberoako hiriburu Maule-Lextar hiriaren eramailea; Baionako eramailea da malben izerdiaz elikatzen den zimitza (Pyrrhocoris apterus); Bilboren erakusgarri da Guggenheim Museoaren fatxadak atzealdean dituen tonu metalikodun intsektua: Psylliodes napi; Gasteizko eramailea hurritz, pago, astigar, sahats hostoez elikatzen den Anaglyptus mysticus da; Iruñekoa aulagaz elikatzen den Albana m-griseum, eta Donibane Garaziko eramailea da gramineoz eta margaritaz elikatzen den urre-koloreko distirakoa: Neocrepidodera ferruginea.
Euskal Herriko leku esanguratsuak bakarrik ez, euskal nortasunaren eta kulturaren adierazgarri diren kirolek ere bere isla dute erakusketan: pilotak, estropadek, sokatirak, herri kirolek… Ilustratzaileak sortu duen kontakizuna mus jokotik edo musika tresnetatik ere pasatzen da, eta bide horrek jaten edo edaten denera eramaten du, modu espezifiko eta desberdinean ekoizten denera: «Gure herriko ‘delicatessen’-etara». Horretarako, probintzia bakoitzeko bat aukeratu du artistak.
Berezia eta bizitzaz betea
Erakusketa honetarako bereziki, Ekoetxea Urdaibairen eraikina erakusten duen ilustrazioa ere egin du Eziolazak. Hain zuzen, Oreina Alpestris intsektua aukeratu du Ekoetxearen eraikina garraiatzeko. Chrysomelidae familiakoa da, Kakalardo bitxia deritzenetako bat, eta itxura metalikoa eta koloretako distira ikusgarriak ditu. Ilustrazailearen hitzetan, «Urdaibaiko ingurunearen eta bertako bizilagunen parekoa da: zerbait berezia eta bizitzaz betea».
Erakusketa ilustratzeko intsektuak aukeratu ditu Eziolazak betidanik deigarriak iruditzen zaizkiolako, eta baita haien formagatik zein koloreengatik. Hala ere, aitortu du izutu egiten dutela: «Horregatik hasi nintzen marrazten, terapia gisa. Geroago humanizatu egin nituen, eta pixkanaka-pixkanaka, istorioak gordetzeko euskarririk onenak iruditu zaizkit. Izan ere, gure planetako txoko guztietan bizi dira, urruti eta eskuraezin. Eta dokumentazio eta zirriborro ordu askoren ondoren, proiektu bi hauek sortu dira: eramaileak eta ibiltariak».
Ekoetxea Urdaibain erakusten dauden ilustrazio horiek martxoaren 6ra arte egongo dira ikusgai.