"Komunikazioa originala, eraginkorra eta praktikoa izan behar da"
Josu Bergara komunikazio eta publizitate agentzia bateko zuzendaria da, eta komunikazio estrategiei buruz berbetan aritu berri da Topaldian. Sukalde lanetan ari da hainbat proiektutan. Besteak beste bere lan berria prestatzen ari da eatarra.
Aurreko astean egin zen Topaldian kulturgintzan komunikazio estrategikoa lantzeari buruzko hitzaldia eman zenuen. Ze gomendio eman zenituen?
Komunikazioa izan behar da praktikoa, eraginkorra eta originala. Originala, besteak esaten duen berdina esaten baldin baduzu, ez zarelako ezberdinduko. Bilatu behar duzu non dagoen benetako zure oinarria, arima, zure desberdintasuna. Enpresa batek webgune, marka edo halakoren bat behar duenean ezin du kopiatu besteak egiten duena; benetan zelan izango den berezia eta ezberdina pentsatu behar du. Gogoeta hortik hasten da. Originaltasunean dago gakoetako bat, eta niretzat oso argi dagoena da praktikotasuna. Digitalizazioan oso sartuta gaude, eta ikuspegi digitala daukagu. Jendeak ez du asko irakurtzen; eskaneatu egiten du. Hau da, letra larrietan dagoena ikusten du, argazkia ikusten du, publizitatean, kazetaritzan eta komunikazio munduan orokorrean. Saiatu behar gara neurri batean modu praktiko eta argi batean laburbiltzen, eta gure ideia nagusiak matxakatzen, eta gure balio-erantsia, gure ezberdintasuna agerian uzten. Beti esaten diet bezeroei gutxiago gehiago dela. Oso klabea da hori. Kontua ez da kantitatea, baizik eta kalitatea.
Eraginkortasuna nola lortu?
Publizitatearen klabeetako bat eraginkortasuna da. Ez eraginkortasun komertziala, helburu komertzialak ez daude publizitatearen esku. Hainbat testuinguru edo faktore ezberdinek eragiten dute salmentan: prezioa, kokapena, egoera ekonomikoa etab. Publizitatean helburu komunikatiboak daude, eta horietan eraginkortasuna bilatu behar dugu. Helburuak sinpleak eta lorgarriak izan behar dira. Oso argi eduki behar dugu zertarako, nola eta zer esan behar dugun, eta publikoak zehaztu behar direla. Askotan ez da zer nahi duzun kontatu, baizik eta nola kontatzen duzun. Oso oinarrizkoak ematen duten gauza sinple horiek ez dira askotan ikusten estrategia eta marka askotan.
Sarean posizionamendua lortzea zergatik da garrantzitsua? Eta zelan lortu daiteke?
Garrantzitsua da jendeak zu aurkitzen laguntzen dizulako. Ez da erraza posizionamendua lortzea, eta ez da egun batetik bestera lortzen. Zirimiri baten modukoa da; gauza txiki asko egin behar dituzu hori lortzeko. Eduki aproposa izan behar duzu sarean, webgunea, sare sozialak, bideoak etab. Eta zuk munduari edo gizarteari eskaintzen diozuna izan dadila originala, ezberdina eta zintzoa. Ez gara tontoak, eta jendeak gauza bat ikusten duenean, ikusten du atzetik tranpa dagoen edo ez. Zintzotasun hori bilatu behar da, benetakotasuna, eta jendeari benetazko gauzak azaltzen laguntzea. Ez daukat formula magikorik. Funtzionatzen duten gauzak apurka-apurka aplikatzen ditugu, eta batzuetan asmatzen dugu eta beste batzuetan ez. Ez da egun bateko lana, baizik eta egun askotan eta etengabekotasunean egin behar duzun gauza bat.
“Euskarazko marrazki bizidunak egiteko proiektu batean sartu naiz”
Ze lan egiten duzue agentzian?
Sormena da nire pasioa. Azkenengo hamazazpi urteetan komunikazioren munduan, marken, elkarte, erakunde desberdinen komunikazioan eta publi-
zitatean lanean ari naiz. Ekintzailetzagaz lotutako hitzaldiak ere ematen ditut. Hainbat enpresatan eta publizitate agentziatan lanean egon ostean, erabaki nuen nire enpresa propioa sortzea eta bultzatzea. Saltsa horretan sartu nituen nire bi bazkideak direnak, eta Burutü sortu genuen. Enpresa, erakunde, elkar-
te eta edonolako bezeroentzako komunikazio estrategiak eta publizitate kanpainak egiten ditugu. Euskal Herriko zein hemendik kanpoko enpresa txiki, handi zein multinazionalentzat lan egiten dugu, bezero oso ezberdinentzat. Gauza bitxiak, ezberdinak egiten ditugu: matrikula kanpainak, publizitate kanpaina handiak, sentsibilizazio kanpainak, markak sortu, marka berrientzat izenak sortu, grafikak planteatu, bideogintza etab. Lan oso polita da, erronkaz betetakoa. Kazetaritza bezala, etengabe egon behar zara zeure burua tentsioan jartzen eta etengabe sortzen, idazten eta egiten. Gogoz bizi dut. Pozik nago nire lanagaz, gustura egiten dut, eta ez da makala aukera hori izatea.
Zein da euskaltzaleon rola kulturgintzan? galdera izan da Topaldiaren izenburua. Zure ustez, zein da rola?
Kultura eta euskara batera joan behar dira, eta euskaltzaleok rol aktibo bat izan behar dugu kulturgintzan. Gurea herri oso txikia denez, eskatzen digu aktiboak izatea, ekitea, gauzak egitea. Euskarazko kultur sorkuntza beste kultur hegemoniko batzuen artean dago, eta orduan, gure lekua egiteko behar dugu ekin, gauza berriak egin etengabe. Ez bakarrik sortzaileok. Antolatzaileekin batera elkarlanean aritu behar gara. Sortzaileak behar du plaza eta behar du publikoa eta publikoak sortzaileak eta antolatzaileak behar ditu. Hiruren artean etengabean ekitea oso klabea da. Niretzat interesgarria da euskaltzale bezala eta kulturzale bezala, aukerak izatea antolatzaile eta publikoagaz batera egoteko eta egiteko. Gure kultura oso berezia da, zaindu behar duguna, jarrera aktibo edo proaktibo edo etengabekotasun parte hartzaile hori eskatzen duena.
Sortzaile gisa, zer darabilzu esku artean?
Orain momentuan sukalde lanetan nago, hainbat proiektutan. Uste dut proiektu horiek guztiek laster ikusiko dutela argia, 2022-2023an. Bi urte hauek gauzak patxadaz hartzeko eta konposatzeko izan dira niretzat. Etorkizun hurbila ilusioagaz ikusten dut eta gogoz. Ikusiko dugu ereindako haziak ondo hazten diren eta ea zelako fruitua ematen duten.
Proiektu horien artean, erronka berririk badago?
Orain dela bost urte jaio zen alaba nagusia, eta gero beste bat eduki genuen. Alabekin saiatzen naiz euskarazko edukiak jartzen, eta batzuetan kostatzen da ganorazko gauza modernoak ikustea. Konturatu naiz marrazki bizidunetan eurentzat dagoen eskaintza hobetu daitekeela, eta umeentzat marrazki bizidunak egiteko proiektu batean sartu naiz. Hori ere musikagaz lotuta egongo da; musikaria naizenez, musikatik abiatu naiz. Horretan ordu dezente sartzen nabil, ilusioagaz eta gogoz, eta pixka bat ezjakintasunetik, ez naizelako inoiz halako saltsa batean sartu. Baina bidea ibiliz egiten da, apurka-apurka, eta horretan gabiltza. Orain arteko erronkarik desberdinena da, eta ea noraino heltzen garen.
Zuek zabiltzate ekoizten?
Ilustratzaile bategaz ari gara lanean, eta neuk konposatzen eta egiten ditut abestiak. Lantalde batean pertsonaia batzuk sortu ditugu. Aurrera eroatea kostatuko zaigu. Prototipo modukoa egiten gabiltza eta, gero, jendeari gustatzen bazaio, aurrera egingo dugu. Balore modernoak aldarrikatzen dituzten marrazki bizidunak izango dira: berdintasuna, ingurumena zaintzea… Halako baloreak azalduko dituzte txikientzat, musikaren bitartez. Labean dagoen proiektua da, apurka-apurka egiten ari garena. Pozik nago. Ahal badugu uda aurretik eduki, ondo.
Non eskaintzea da zuen asmoa? Non ikusi ahalko dira?
Gure asmoa da Internet bidez zabaltzea eta, gero, plataforma desberdinekin berba egingo dugu aukerak ikusteko. Erraza izatea gura dugu, Euskal Herriko gurasoak marrazki horiek ikusteko moduan izateko.
Estudioan ere bazabiltza lan berria prestatzen. Zelan doa grabaketa?
Disko berriak abesti politak dituela uste dut. Nire musikarako prozesua, agian, beste batzuekin alderatuta, apur bat ezberdina da. Beste talde batzuk entseatu eta gero estudiora joaten dira. Nik lehenengo abestia konposatzen dut etxean, bakarrik. Orain dela zazpi bat urtetik Nerea Alberdi konpositoreagaz lan egiten dut, eta beragaz elkartu eta esaten diot abesti hau estilo honetatik doa, beste hau honetatik… Nereak musika moldaketak egiten laguntzen dit. Konpositorea da, eta gehienbat filmetarako musika sortzen du. Elkarlan moduko bat da, eta berak abestiei beste aupada bat ematen die. Hori prest dagoenean, bandagaz entseatzen dugu. Idatzita dagoen liburu bat irakurtzea bezalakoa da. Errazagoa da. Sormen prozesua oinarrietan hasten da, eta gehien aurretik jorratzen da, ez entsegu lokalean.
“Eako jaietarako abesti bat prestatzen nabil;
bideoklipa ere grabatu nahi nuke”
Zelako kantak, letrak sortu dituzu?
Bost disko atera ditut, eta orain dela urte batzuetatik hona, Kanta txikien indarra lelopean funtzionatu dut. Musikaren filosofia bat da; apaltasunetik eta txikitasunetik eraikitzea. Disko honetan hori badago ere, beste aldarri bat egiten du, bizipozarena. Kanta oso ezberdinak dira. Nahikoa ekleptikoa da, kanta bakoitza bere bidetik doa, baina gai transbertsal moduan dagoena da bizitzan konturatzen zarela benetan garrantzia daukana dela egunerokotasunean nor daukazun ondoan, zerk egiten zaituen zoriontsu, eta zelan altxatzen zaren egunero aurrera egiteko. Horri buruzko abesti batzuk daude. Adibidez, Zorionaren errezetak kantan zerrendatzen ditut nire ikuspegitik zer gauza diren garrantzitsuak zoriontsu izateko. Gauza oso oinarrizkoak daude. Eguneroko gauza txikien garrantzia aldarrikatzen du. Askotan galtzen gara edo dira kantuegile asko kausa handietan. Hori ondo dago, baina ez da nire gerra, eta pixka bat ihes egiten dut horretatik. Pentsatzen dut benetakotasuna eta zintzotasuna eguneroko gauzetan dagoela.
Bestelako harribitxirik edukiko du lan honek?
Adibidez, Earako abesti bat prestatzen nabil, jaietako abesti bat izango da, txaranga. Karmelo Landak egin du letra eta nik musika. Orain bi urtetik prest daukat. Txaranga edo fanfarrea bategaz izango da. Itxura oso ona dauka. Erreka Egunerako bideoklipa egitea da nire asmoa. Eako kantu poteoko jendeak parte hartuko du, eta entseatu dugu pare bat bider. Jendeak badaki.
Diskoa noizko kaleratzeko asmoa daukazu?
Udazkenerako egotea espero dut.
Besteentzat ere sortzen duzu. Enkargurik badaukazu?
Orain dela urte batzuk Gabonetako abestia egin nuenean, sekulako arrakasta izan zuen. Ezohiko gauza izan zen niretzat. Hortik aurrera, jendeak eskatu dit eurentzat abestiak egiteko. Orain ikastola batentzat abesti bat egiten nabil, eta baita beste elkarte batzuentzat abestiak eta halakoak egiten ere. Beste batzuentzat egitea ere gustatzen zait. Konturatu naiz konposizio lana, musika beste batzuentzat egitea, beste aldarrikapen batzuentzat edo dena delakoa, gustatzen zaidala, eta prozesuan gozatzen dudala. Dena grabatzen dut estudio berean, nire betiko teknikari eta lagunekin, eta niretzat prozesua erraza da. Gero jende ezberdina sartzen dut, eta planteatu, proposatu eta eraiki, apurka-apurka. Itxura ona daukate, baina gauza asko dira aldi berean, eta saiatzen naiz apurka-apurka eta daukadan denbora aprobetxatzen gauza horiek egiteko. Prozesua polita da. Uste dut proiektu hauek udaberria amaieratik aurrera hasiko direla argia ikusten, udan eta, batez ere, udazkenean.
Zuzenekorik eskaini al duzu azkenaldian?
Pandemiaren testuinguru honek ume txikiekin harrapatu nau, eta ez neukan horrenbeste astirik kontzertuak emateko. Geldi egotea erabaki nuen. Kontzertu dezente eskaini dizkidate, baina pentsatu nuen sasoia zela apur bat geldi eta lasai egoteko eta konposatzeko. Horretan egon naiz azken bi urteetan. Disko berrirako abestiak prestatu ditut, baina kontzertu bakarra eman dut, Ean. Tradizioa da, azkenengo hamabost urteetan jaietan urtero eman dut eta.