Garbitzaileek kaleak hartu dituzte eta "genero eta soldata arrakalagaz" amaitzeko eskatu dute
Udalagaz akordio batera ailegatzearen beharra adierazi dute Bermeoko udal-eraikin eta lokaletako garbitzaileek. Lanean bizi duten "genero eta soldata arrakala" salatu dute ehunka herritarren babesagaz.
Bermeoko udal-eraikin eta lokaletako garbitzaileek kaleak hartu dituzte gaur goizean. Lanean bizi duten “genero eta soldata arrakala” salatu dute ehunka herritarren babesagaz, eta udalagaz akordio batera ailegatzearen beharra adierazi dute. Hain zuzen ere biltzeko eskaera egin diote udalari, “jesarri barik ez dagoela akordiorik eta jesarri ostean datorrela akordioa” oihukatuz.
Hainbat dira garbikuntza sektorean azpikontratatuta dauden zerbitzuak, eta egoera horretan ari dira lanean eraikin eta lokaletako garbitzaileak Bermeon. Kale garbitzaileak, berriz, udal langileak dira. “Eraikin eta lokaletako garbitasunean emakumeak baino ez gaude lanean herri honetan, eta gure urteko soldata gordina 15.943 eurokoa da. Kale garbitasunean, ordea, ia langile denak dira gizonezkoak eta euren urteko soldata gordiña 25.189,79 eurokoa da, eta plusak ere gehitu behar zaizkio”, adierazi dute garbitzaileek.
Urteko 9.246,60 euroko desberdintasun hori “genero eta soltada arrakalaren ondorio” dela salatu dute. “Aitzakia gisa erabiltzen dute ematen dugun zerbitzua azpikontratatua dela, horrek gurekiko eta zerbitzuarekiko duten ardura ezabatuko balu bezala”. Hala ere, bai ELAk eta zerbitzua kudeatzen duten enpresek uste dute Bermeoko Udalarekin “akordioa beharrezkoa” dela irtenbide bat aurkitzeko: “Udalaren erantzuna, baina, beti izan da ezetza. Ezetza biltzeari eta ezetza akordioari. Ez gara euren langileak, baina eurek baino denbora gehiago daramagu udal eraikinetan”.
Hilabeteak daramatzate euren egoera salatzen baina udalarentzako ez dela “arazo garrantzitsua” adierazi dute: “Gaur 140 greba egun daramatzagu, eta oraindik ez dugu bilerarik lortu”. Osakidetzan eta Eusko Jaurlaritzan genero arrakalagaz amaitzeko lortutako hitzarmen propioak aipatu dituzte, Bermeon udalak ez duela horrelakorik egin adieraziz.
Erabakiak.
Udalak orain arte hartutako erabakiak plazaratu dituzte gaur ere: “Guk ematen dugun zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuen esku utzi dute, eta kudeaketaren gaineko inongo kontrolik ez dute gauzatu”. Halaber, udalari leporatu diote enpresa pribatuek lan baldintzak betetzen ez zituztela jakitean, “inongo neurririk hartu ez izana”, baita grebarako eskubidea “urratu” izana eta greba bera “boikoteatzea” ere.
Bizi duten egoera “zailaren” aurrean, borrokatzeko gogoa erakutsi dute: “Gure bizitza osoan egin ditugu zaintza lan hauek musu-truke, inork eskatu barik, inork eskertu barik, eta merezi dugun balioa eta onarpena jaso barik. Inork ez zuen pentsatzen borrokatzeko griña geneukala, eta gure eskubideen defentsan heldu garen puntura heltzeko indarra izango genuela. Baina okertu egin dira. Gogoa eta indarra badugu soberan, eta jakin behar dute injustizia hauek desagertu arte aurrean izango gaituztela”.
Gaurko mobilizazioa aprobetxatu dute beste kolektibo batzuei indarra eta babesa adierazteko: “Zuekin gaude, bai greban zaudetenekin, zein bide hau ereiten zaudetenekin. Enpresek zentro ezberdinetan banatzen gaituzte, isolatu egiten gaituzte, baina langileon arteko elkartasunak traba hauek guztiak gainditzen ditu”.
Mozioa aho batez. Joan den barikuko osoko bilkuran EH Bilduren udal taldeak puntu bakarreko mozioa aurkeztu zuen. Bermeoko udal gobernuari eskatzen diote bitartekari lanak egitea enpresa eta greban dauden garbitzaileen artean. Aipatu mozioa aho batez onartu zuten.
EH Bilduren arabera, kontuan hartzekoa da langileak herritarrak direla, eta horietako askok 14 urtetik gora daramatzatela herriko eraikinak garbitzen: “Udalaren erantzukizuna da herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematea eta herritarren alde lan egitea, herritar hauen alde ere, nahiz eta enpresa bateko langileak diren. Udalaren erantzukizuna da zerbitzua ematea, eta kudeaketa, berriz, enpresarena”.
Diotenez, herritarrak dira ondorioak sufritzen ari direnak: “Gaur egun hainbat zerbitzu ez dira bermatzen, ez dira kalitatezko zerbitzu publikoak ematen. Noiz arte?”.
Ekonomikoki udalarentzat egoera honek dakartzan ondorioak aipatu dituzte: “Kiroldegiko erabiltzaileak murriztu dira, ia %30 bazkideetan. Egunerokotasuneko erabiltzaileak kontuan hartzen baldin badira, %75 murriztu da”. Udal gobernuari eskua luzatu dio EH Bilduk; “behar denerako jesartzeko prest gaude”.
Guzanen ustez gaia eskuetatik joan zaio udal gobernuari. Gogorarazi dute, gainera, prezio berdinean kalitate gutxiagoko zerbitzuak ematen ari direla: “Ez dugu uste horrela jokatu behar denik. Arazo honek ondorioak ditu herriko pertsona askorengan, eta gauza batzuk ezingo badira egin ere, beste batzuk bai. Udalaren langileak ez badira ere, gure arazoa da, bada gure herritarrei eta erabiltzaileei ematen diogun zerbitzuetan eragina duen arazo bat”.
Udal gobernuak esan zuen bitartekari lanak egin ahal dituztela, baina ezin dituztela langileekin “zuzeneko harremanak” eduki, “ez direlako udalaren langileak”.
Kiroldegia, Gizarte Ongizate Zerbitzua eta frontoia garbitzeko zerbitzua kontratu barik dagoela aipatu zuen EAJko zinegotzi Maitane Leizaolak, “esleipena atera zenean ez zelako inor aurkeztu”. Berriro ere egitekoak dira: «Esleipenaren prezioa handitu dugu, enpresarentzako bideragarri izan dadin langileekin akordioetara iristea. Pleguetan beste baldintza bat ere jarri dugu; %10 gehiago ordaintzeko prest egongo ginateke, baldin eta enpresa eta langileen artean soldaten igoera adosten bada. Saiatzen ari gara enpresari tresnak ematen beharginekin akordio batera iristeko”. Hortaz, udala, “bere eskumenen baitan”, egoerari konponbidea ematen saiatzen ari dela esan zuen: “Gu ere kezkatuta gaude eta ahalegin guztia egingo dugu. Ahalik eta arinen konpontzea eskatzen diet. Herriak ez du egoera hau merezi”.
Greban dauden langileek udal langileen baldintzak eduki gura baldin badituzte, Leizaolak esan du prest daudela deialdi publikoa egiteko, lanpostu horiek “publikotasunez eta konkurrentzi konpetitiboz” doitu ahal izateko. Aukera hori ere aztertzen ari direla esan zuen.
Langileek osoko bilkuran parte hartzeko eskaera egin eta hori “eragotzi” izana leporatu diote gaur udalari. “Gainera, gure gatazka konpontzeko bitartekaritza lanetan aritzeko mozio bat onartu eta gero, oraindik ere biltzeko eskaerari erantzunik ez diote eman”.