Ziurtagiria luzatzea eta zabaltzea baztertu dute epaileek
EAEko Auzitegi Nagusiak ez du ontzat jo COVID ziurtagiria otsailaren 13ra arte indarrean egotea, ezta eremu gehiagotara zabaltzea ere. Jaurlaritzak ez du bat egin erabakiagaz, baina ez du helegiterik aurkeztuko.
EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du COVID ziurtagiria bi astez luzatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera. Era berean, eremu gehiagotara hedatzeko eskaera ere baztertu du.
Auzitegiaren aretoak kaleratu duen autoaren arabera, Jaurlaritzak ez du “behar bezala justifikatu” neurriak duen eraginkortasuna; zehazki dio gobernuak ez duela ondo azaldu ziurtagiriak “kutsatzeak murrizteko” duen eraginkortasuna. Bestalde, ziurtagiriaren erabilera beste bi astez luzatzeko eskaeraren inguruan, epaileek esan dute zientzialarien artean ez dagoela erabateko adostasunik neurriaren inguruan, eta beraz, Jaurlaritzak beste bi astez erabili ahal izateko eskaera “hobeto justifikatu” beharko lukeela.
Eusko Jaurlaritzak joan den barikuan eskatu zion baimena EAEko Auzitegi Nagusiari: batetik, covid ziurtagiri digitalaren indarraldia otsailaren 13ra arte luzatzea eskatzen zuten; eta bestetik, hotel, ostatu turistiko, joko-areto eta apustu-etxeetara ere zabaltzea.
Atzo, EAEko Fiskaltzak ez zuen begi onez ikusi ziurtagiria eremu gehiagotara zabaltzea, hori bai, COVID ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra arte luzatzearen alde agertu zen. Fiskaltzak esan zuen Jaurlaritzak ez duela eman ziurtagiria beste eremu batzuetara zabaltzeko beharra justifikatzen duen datu zehatzik, eta, beraz, ezin zuela eskaera hori ontzat jo.
Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du errespetatu arren, ez duela bat egiten EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenagaz. Hala eta guztiz ere, ez du helegiterik aurkeztuko. Ohar bidez jakitera eman dutenez, ez dute gura COVID-19aren aurkako neurrien gaineko erabakiak “etengabe judizializatu”.
Uste du egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta eta Labik hartutako erabakiari jarraituta, prebentzio neurriei eutsi egin behar zaiela, kontuan hartuta mugakide diren beste erkidegoetan antzeko neurriak hartu direla epaileen baimenagaz. Jaurlaritzak ez du “ulertzen” zein den epaileek erabilitako “logika” neurriak aldi baterako luzatzea baztertzeko eta gaueko aisialdian neurriari eusteko.
Bilakaera “hobetzen”. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan esan du jarraipen adierazleek erakusten dutela pandemiaren bilakaera “hobetzen” ari dela, baina hobekuntza hori “zuhurtziazko” jarreraren eskutik joan behar dela gaineratu du: “Izan ere, kutsatuen eta Osakidetzako ospitaleetan ospitaleratutako pertsonen kopuruaren beherakada oraindik ere motela da, gustatuko litzaigukeena baino gehiago”.
Joera “positiboa” bada ere, “zuhurtziaz” jokatzea beharrezkoa dela aipatu zuen, bai eta prebentzio neurriak mantentzen jarraitzea ere.