Bertsolari gazteen plaza
Bertsolari gazteen Plazara! zirkuituaren lehenengo emanaldia egin dute Gernika-Lumon. Ianire Arrizabalaga eta Beñat Bilbao gernikarrak, Aissa Intxausti lekeitiarra eta Maddi Askaiturrieta bilbotarra aritu dira Lilibertsok antolatutako bertso saioan.
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta tokian tokiko bertso eskolen elkarlanetik jaio zen iaz Plazara!. Bertsolari gazteei plazarako aukera ematea dute helburu, “plazaratzean eragitea”, eta baita beraien arteko “saretzea eta talde izaera indartzea” ere. Aurten Gernika-Lumon hasi dute Bizkaian barrena egingo duten zirkuitua.
Atzo arratsaldean [urtarrilak 29] egin zuten lehenengo saioa, Arrano tabernan. Eskualde bakoitzean bertako bertso eskolak prestatzen du saioa, eta Lilibertsokoek Busturialdekoa antolatzeko ardura eduki dute: “Gazteei plazarako aukera hori emateko oso garrantzitsua da ekimen hau. Izan ere, gazteen agenda hori murritza da, eta gazteen alde ez da apustua egiten”. Pandemiaren eraginez, gainera, plazak gutxitu zaizkie bertsolariei, eta gazteei are gehiago.
Lilibertsoko kide diren Ianire Arrizabalaga eta Beñat Bilbao gernikarrek, Aissa Intxausti lekeitiarrak eta Maddi Askaiturrieta bilbotarrak girotu zuten taberna.
Muxikako Ariatzako eskoletan egin zuten iazko eskualdeko saioa, eta aurten, areto bat handi geratzen dela iritzita, Plazara! taberna inguruan antolatzea erabaki zuten Lilibertsokoek. Publikoa eurengana joan beharrean, oraingoan eurak hurreratu dira publikoarengana: “Jendea hurbiltzeko eta gertutasun puntua emateko espazio egokiena taberna bat da. Jendea guregana etortzea baino, guk hurbildu gura izan dugu jendearengana, zaleengana”.
Uste zutena baino erantzun “politagoa hartu” dute: “Tabernan egitean, aurreikusita ez zeukan jendea etortzen da, bertan topatzen duelako saioa, eta bertsoak entzutea gustuko duelako. 20-25 pertsona batu gara, eta pozik gaude. Gernikako Arrano tabernan lehenengoz antolatu dugu, eta hartu dugun erantzuna ikusita, agian, aurrerantzean errepikatzeko proposamen interesgarria izan daiteke, batez ere jendeak eman duen erantzunagatik eta lokalak berak daukan kokapenagatik”.
1996 eta 2003 urte artean jaiotako 27 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo zirkuituan. Sei saioagaz osatu dute. Lilibertsokoak beste eskualde batzuetara joango dira bertsotan.