Pirinioetako Bidea mobilizazioa aurkeztu du Gure Eskuk
Uztailaren 2an katalanek eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar: "Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi- lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora". Gure Eskuko bozeramaileek esan dutenez, "herri gogoa berpiztu nahi dute, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko".
Gure Eskuk Pirinioetako Bidea mobilizazioaren Euskal Herri mailako aurkezpen ekitaldia egin du gaur eguerdian [urtarrilak 29], Bilboko Bizkaia Aretoan. Gure Eskuko kideez gain, hainbat gonbidatuk parte hartu dute: Felipe Uriarte alpinistak, Antton Telleria umoregileak, Garazi Etxaburu dantzariak, Eñaut Zubizarreta biolontxelo-joleak, eta bideo bidez, ANC eta Omnium Culturaleko presidente Elisenda Paluzie eta Jordi Cuixartek.
Uztailaren 2rako luzatu dute erronka. Katalanek eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar. “Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi- lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu”, adierazi dute.
Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehenengo mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku dira antolatzaileak, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, laguntzaileak. Epe luzerako elkarlan baten abiapuntu gisa irudikatu dute ekintza. “Non egon nahi dugu Europan hurrengo autodeterminazio erreferendumak egiten direnean: beste mosaiko bat egingo dugu, ‘turista subiranista’ izango gara ala guk ere hautesontziak jarriko ditugu?. Gure gailurra ez dago Pirinioetan, gure gailur edo helburua ‘zortzimilako’ bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko. Gure ‘zortzimilakoa’ zain dugu, baina inork ez ditu sekula zortzimilakoak bakarka egin, horrelako espedizioetarako, talde trebatu bat behar izaten da”, zehaztu dute gaurko agerraldian.
Euskal Herriko 115 gailur zerrendatu dituzte, Jaizkibeletik Benasqueraino (Huesca). Busturialdeko herritarrei Isaba aldeko hiru mendi hauek zehaztu dizkiete: Kartxela (Bermeo), Lakhura (Gernika-Lumo) eta Txamantxoia (udalerri txikiak).
200 herri aktibatu gura dituzte. Mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika Euskal Herri luze-zabalean indartzeko balio beharko duela deritzote: “jende berria batzeko, taldeetan erreleboak emateko eta sarea indartzeko”.
Gailur berdeak eta gorriak bereiztu dituzte: “Berdeak jende gehienarentzat izan daitezke irisgarriak, eta beraz, izen-ematea irekia izango da; eta gorriak, aldiz, mendizale trebatuentzat soilik dira egokiak, eta honenbestez, izen-ematea mugatua izango da”. Gailur berdeetarako izen ematea martxoan zabalduko dutela iragarri dute, eta gorrietakoa dagoeneko martxan da.
Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak esan du Pirinioetako Bidea argiztatuz, “nazioarteko komunitatearen arreta” eurenganatukoko dutela katanalek eta euskal herritarrek, herrion autodeterminazio eskubidearen alde: Mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan, eta gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu”. Demokrazia eta askatasun kontu bat dela gogoratu du. Izan ere, lurralde bateko herritarren gehiengoak “estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea”.
Euskal herritarren zein katalanen ahotsa eta kontakizuna nazioartean entzutearen garrantziaz mintzatu da Josu Etxaburu bozeramailea ere: “Guk argi dugu erabakitzea askatasuna erabiltzea dela, erabakitzea ez dela inoiz gatazka iturri; erabakia ukatzea, aldiz, bai. Erabakia ukatzea da gatazka eragiten duena”. Nazioartekoa jokaleku konplexua dela gaineratu du: “Estatuak eta estaturik gabeko naziook ez gaude pareko baldintzetan, baina ez diogu horregatik partida jokatzeari uko egingo”. Indarrak batu eta “inteligentzia kolektiboa” erabiltzearen aldeko aldarria egin dute.