Ozeanoei buruzko gogoeta sakon bezain zabala
MusEkintza, Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen lehen Jaialdiaren barruan, esperientzia berezia eskaini dute gaur, Arrantzaleen Museoan. Inprobisatutako ilustrazioen bidez, "ozeanoen kontserbazioari, kudeaketa jasangarriari eta biodibertsitatearen galera gelditzeko borrokari" buruz gogoeta egitera gonbidatu dituzte ikus-entzuleak.
Itsasoa, ilustrazioa, musika eta inprobisazioa. Osagai horiek nahastuta, bestelako agertokia izan da gaur Bermeoko Arrantzaleen Museoa.
MusEkintza jaialdiaren barruan, eta Leire Llano zuzendariaren eskutik, Janire Orduna eta Beatriz Aparicio ilustratzaileek eta Itziar Madariaga musikariak eskaini dute ikuskizuna.
Zuzendariaren berbetan, kezkatzen gaituzten gaiak plazaratzeko eta gogoetara bideratzeko lana da eurena. “Kasu honetan krisi klimatikoa da gai nagusia”. Hitzaldi edo antzeko formatu baten ordez, bestelako ikuspegitik eta euskarritik aurkezten dute gaia. Proposamen “zabalagoa” da, diziplinak uztartzen dituena. “Proiektu hibridoa da”. Ikusleei “hazia” uztea dute asmo, hurbiltzea, behatzea eta hortik abiatuta norbere hausnarketak egitea, hain zuzen.
Zentzumen-bidaia bat da euren proposamena. “Bidaia sentsoriala da. Zenbait atmosferagaz, denbora batzuk sortzen ditugu. Horiek ikusmenaren zein entzumenaren bidez, ozeanoetara, naturara zuzendutako bidaia batean sartzen laguntzen diote publikoari. Eta hurbileko leku horretatik kontatzen dugu kontatu gura duguna”, dio musikaren arduradunak.
Proiektagailu zahar batean, ispilu bat erabiliz proiektatzen dituzte momentuan bertan sortzen dituzten irudiak. Birziklatutako materialagaz, margoakaz eta uragaz lan egiten dute. Ozeanoetako hizaki bizidunak, itsasontziak, arrantzarako sareak edota gizakiak sortutako kutsaduraren arrastoak sortzen eta erakusten dituzte. “Testura nahikoekin jolasten dugu. Gure intentzioa da beti material birziklatuekin behar egitea, baina batzuetan ez da posible izaten. Beti ez dugu emaitza bera lortzen, eta hori oso magikoa da. Egun batetik bestera material bera ere ez du berdin jokatzen; uraren edota tenperaturaren arabera aldatu egiten dira. Zuk berdina errepikatu gura arren, saio batetik bestera asko aldatzen dira”, azaldu dute ilustratzaileek.
Soinu “naturalekin” osatzen dituzte pantailako ilustrazioak. Arnasa, ura eta ahotsa erabiltzen ditu Madariagak: “Ahalik eta soinu organikoenak bilatzea zen asmoa”. Era berean, zenbait instrumentu jotzen ditu.
Ikuskizuna prestatzeko, “ikerketa eta esperimentazio saioak” egin zituzten. “Ikerketa prozesu luzea eduki genuen. Material pila batekin jolastu dugu. Aukera asko geneuzkan, eta zailenetakoa mugatzea eta aukeratzea izan zen”, adierazi du Llanok.
Artistek azpimarratu dute publiko zabalerantzako proposamena dela eurena, “adin-tarte guztietarako” pentsatuta eta egokituta dago. Gainera, ikus-entzuleekin hartu-emana ere sortzen da emankizunean. Gaurkoan, ozeanoa eurentzat zer den eta ozeanoetan egon behar ez luketen gauzetaz galdetu diote publikoari.
Ez da MusEkintzarako prestatutako obra, baina ekimenaren oinarri eta helburuekin “guztiz bat datorrela” uste dute sortzaileek: “Ozeanoei buruz berba egiten dugu, eta beraz, Arrantzaleen Museo hau leku aproposa da gure proposamena aurkezteko”. 2021eko apirilean Bilboko Zabalguneko Merkatuan estreinatu zuten ikuskizuna, eta ordutik, hainbat jaialditan eta lekutan erakutsi dute. “Orain dela gutxi Madrilgo La Casa Encendidan egon ginen”.
MusEkintza. Publikoaren artean egon da gaur MusEkintzaren koordinatzaile eta sortzaile den Marta Urcelay. “Bizkaiko museotan arte eszenikoen jaialdi bat egitea bururatu zitzaidan, eta espazioak bisitatzen hasi nintzen”. Museo bakoitzak berba egiten dizula dio, eta “bertarako egokia zer den ikusten duzu”.
Llanok eta bere lantaldeak basoei buruzko ikuskizuna ere eskaintzen dute, eta hura ikusteko aukera eduki zuen Urcelayk. Orduan, artistekin berba egin eta Arrantzaleen Museoan ozeanoei buruzko lana aurkeztea erabaki zuten.
Bizkaikoa osatzen duten museotan egingo dituzte emanaldiak, hilabeteko azkenengo zapatuetan: Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Gernikako Euskal Herria Museoan, Bakioko Txakolingunean, Balmasedako la Encartada Fabrika Museoan, Muskizko El Pobal Burdinolan, Bilboko Arkeologi Museoan eta MuƱatones Gazteluan. “Horietan efektu bisualak ere ipiniko ditugu; argiztapen eta soinu berezien guneak. MusEkintzaren zigilua da”.
Museotan eskainiko dituzte ikuskizunak, museoetara egokituta egingo dituztela nabarmendu du: “Artistek badakite ikuskizuna espaziora moldatu behar dutela, eta ez alderantziz. Ikuskizunak ikusteko beste modu bat da, ohikoa ez den eremuan”.
Otsaileko saioa Muskizko El Pobal Burdinolan egingo dute; Oreka TX taldekoen musikagaz eta Janire Etxaberen dantza bertikalagaz gozatuko dute bertaratzen direnek, “txalapartaren bitartez, bidaia ibiltaria egingo dute, bidaia poetiko eta ederra”. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan egingo dute azkenengoa, ekainaren 24ean. Izaskun Barrosok sortutako eta zuzendutako Zentzumenen akelarrea eskainiko dute bertan.