"Sorginen Lasterketa edo Gorbeia Suzien egin gura nuke"
SnowRunning proba bat lehenengoz lehiatu berri du Izaro Egibar bermeotarrak eta, dioenez, elurretan korrika egiteko indarraren eta erresistentziaren arteko konbinazioa da garrantzitsuena. Mendi lasterketetan ari da 2020tik, eta Sorginen Lasterketa izan zen berak lehiatu zuen lehenengo mendi lasterketa.
Bigarren juniorra izan zara Espainiako SnowRunning Txapelketan. Zelako proba izan zen Larra-Belaguakoa?
Hasieran ez nuen espero emaitza hori lortzea, Espainiako Txapelketa izanda, maila altua egongo zela uste nuelako. Proba gogorra izan zen, eta jende nahikoa erretiratu zen. Gorabehera askoko ibilbidea izan zen. Eguraldi oso ona eta elurra baldintza onetan egon zen, lasterketa hasi aurretik makina pasatu zuten-eta. Gainera, bista oso politak daude han. Pozik amaitu nuen. Nahikoa maila handia egon zen bai absolutuetan eta baita gure kategorian ere. Absolutu mailan, Munduko Txapelketarako sailkapena jokoan zegoen; lehenengoa sailkatu zen.
Elurretan korrika aritu zaren lehenengo esperientzia izan al da zuretzat?
Bai, halako proba batean parte hartu dudan lehenengo aldia izan da. Aurretik, nire kontura eskiatzera joan eta gero korrika egin izan dut, baina txapelketa edo probarik ez dut aurretik inoiz egin. 2005ean amak snowrunning bat egin zuen, eta bera eduki dut eredu.
Larra Belaguakoaren antzeko probaren batean parte hartzeko asmoa daukazu?
Espainian SnowRunningean liga bat dago, eta aurten hiru proba egingo dira. Halako lasterketak egiten ari naizen lehenengo urtea denez, horietako bat egiteko asmoa daukat. Ligako bigarren proba Kantabrian izango da, otsailaren 12an, eta bertan egotea espero dut. Besteak urrun geratzen zaizkit, eta horregatik erabaki dut bakarra egitea. Irtetzen zaizkidanaren arabera, datorren urtean pentsatuko dut ligako proba denak egin edo ez.
Zelan eta non prestatu zenuen orain dela bi asteko proba?
Hemen elurrik ez daukagunez, gehienbat hondartzan entrenatu naiz, San Antonion serieak eta lasterketa jarraituak egiten. Askotan joaten gara Pirinioetara eskiatzera, eta goizetan eskiatu eta arratsaldeetan korrika ateratzen nintzen, ohitzeko. Nahiz eta hondartzan egin, ez delako sentsazio berdina. Kros denboraldia izan denez, basatzatik korrika egiteak ere lagundu dit.
Zelakoa da elurretan korrika egitea? Zer behar da, eta zer da garrantzitsuena?
Garrantzitsuena ekipamendua da, hotzituta ez geratzeko arropa eta oinetako egokiekin joatea, termikoak etab. Adibidez, txapelketaren egunean zeroz azpitik zazpi gradu egon ziren. Era berean, proba egiteko erresistentziaren eta indarraren arteko konbinazioa garrantzitsua da; kilometro nahikotxo izaten direlako, eta aguantatzeko gai izan behar zara. Eta iztarrak elurretan sartzen zaizkizunez, indarra behar duzu hankak elurretatik ateratzeko.
Halako proba batean, zer da gogorrena?
Kilometroak pilatzen direla. Hasieran aldatza igotzen ondo zoaz, baina hamar kilometro egin eta gero, aldatza ez duzu berdin igotzen.
Mendiko lasterketa asko antolatzen dira Euskal Herrian, tartean gure eskualdean. Parte hartzen duzu?
2020an, konfinamendu ostean hasi nintzen mendi gehiago egiten. Hasieran, pistako probak egiten nituen, eta mendian ere ama hasi zelako hasi nintzen. Pirinioetan, txapelketetan bera ikusten nuen korrika, eta probatzea erabaki nuen. Mendiko nire lehenengo lasterketa Anbotoko Sorginen Lasterketa izan zen. Oso ondo egon zen, asko gustatu zitzaidan, eta horretan aritzea erabaki nuen. Iazko irailean Pirinioetan, Benasquen (Huesca) 26 km-ko proba bat egin nuen, eta lehenengo seniorra izan nintzen –18-13 urte arteko adin tartean–. Hori da momentuz egin dudan luzeena. Oso gogorrak dira, baina pila bat gozatzen dut.
Pistan, asfaltoan, mendian ala elurretan, non sentitzen zara gusturen?
Mendian. Elurretako lasterketak laburragoak izaten dira, 15 km-koak, eta nire kategorian 10 km ingurukoak. Mendikoak luzeagoak dira, eta niri zenbat eta luzeagoak gehiago gustatzen zaizkit, denbora gehiago daukazulako gozatzeko.
“Gutxi-gutxika distantziak handitzen joan gura dut“
Noiztik daukazu korrika egiteko afizioa?
Gurasoak kirolariak dira, eta txikitatik aritu naiz korrika. Zaletasuna beti eduki dut. Bermeoko Taraska Atletismo Taldean umeen kategoriak egon aurretik, Aritzatxu Triatloi Taldean hasi nintzen, pistan zein igerilekuan aritzen ginen. Gero, 8 urtegaz, Taraskan hasi nintzen.
Durango Kirol Taldean noiztik ari zara?
Gazte mailan, 16 bat urtegaz hasi nintzen bertan. Taraskan nahikoa talde polita eduki genuen nesketan. Baina jendea atletismoa uzten joan zen, eta oso gutxi geratu ginenez, ezin izan genuen taldea osatu, eta horregatik beste talde batzuetara joan ginen. Nire amak Durangon zeukanez fitxa, bertara joan nintzen. Gainera, banekien Durangon kroserako zein mendirako taldea zegoela. Atletismoan, nire kategorian, proba konbinatuak egin izan ditut; pistako proba guztiak egindakoa naiz.
Atletismoan ze modalitate edota probatan sentitzen zara gusturen?
Bakarra esatekotan, iraupen luzeko probetan.
Kros denboraldia asteburuan amaituko duzu. Zer moduz joan zaizu?
Espainiako Kros Txapelketan parte hartuko dut Euskadiko Selekzioagaz. Jaenen lehiatuko dugu. Elgoibarreko krosa nahikoa ospetsua da, eta bertan seigarren geratu nintzelako parte hartuko dut Espainiakoan. Sei kirolari goaz. Bestalde, aurreko asteburuan 20 urtez azpikoetan Bizkaiko Kros Txapelketan hirugarren sailkatu nintzen. Euskadiko selekzioagaz iaz aritu nintzen lehenengo aldiz. Getafera joan ginen selekzioen arteko Espainiako Kros Txapelketa lehiatzera. Hau bigarrena da. Bestalde, urrian bigarren sailkatu nintzen Zornotzako Krosean, 20 urtez azpikoetan, Lorea Erekatxo bermeotarraren atzetik. Bera urtebete zaharragoa denez, orain, urtarrilean kategoria bat goragora pasatu da. Eta Lasarteko Kros ospetsuan laugarren sailkatu nintzen abenduan.
Krosean zein atletismoko pistako txapelketetan esperientzia daukazu. Besteak beste, 2021eko maiatzean Euskadiko txapeldun geratu zinen 20 urtez azpikoen 3.000 m oztopoen lasterketan. Zure marka eta garaipenetatik zein da bereziena, ilusio gehien egin duzuna edota gararrantzitsuena?
Adibidez, gazte mailako lehenengo urtean 4.54ko marka egin zuen 1.500 metroko lasterketan, Getxoko pistan. Espainiako txapelketarako gutxieneko denbora lortzen nuen lehenengo aldia izan zen. Eta Castellonen lehiatu nuen txapelketa, Euskal Herritik kanpo lehiatzera joateko lehenengo aukera izan zen niretzako. Marka oso ona izan zen niretzat, eta oso pozik egon nintzen. Oraindik ere egun horren oroitzapen oso ona daukat. Pare bat urte egon nintzen gutxienekoa lortzeko ahaleginetan, eta lortzea izugarria izan zen. Bestalde, haur mailan, 12 urtegaz, 3.20ko marka egin nuen 1.000 metrotan. Urte horretan boom-a izan zen, lehenengo postuak lortzen hasi nintzen urtea izan baitzen. Entrenatzen ditudan umeak adin tarte horretakoak dira, eta batzuetan, entrenamenduetan motibatzeko lortu nuen markari buruz hitz egiten diet.
Zein da egin duzun edo lehiatu gura duzun proba bereziena?
Bastidan Euskadiko Trail Txapelketa lehiatzen da udan, eta berezia da niretzat. Bertan etxea daukagu, eta bertako Toloño mendian hasi nintzen entrenatzen, mendian korrika egiten, eta txapelketa handik egiten dute. Neure herrian denez, dena eman behar da. Iaz egin zuten lehenengo ekitaldian egon nintzen, eta aurten ere errepikatzeko asmoa daukat. Egutegia zehazten ari naiz. Irailean Anbo-
toko Sorginen Lasterketa edo Gorbeia Suzien egin gura nuke, bietako baten bat bai, behintzat, baina oraindik ez dakit zein. Sasoiaren arabera erabakiko dut, Gorbeia Suzien oso gogorra da eta.
2022.urte honetan, orokorrean, zein da zure helburua?
Asteburu honetan kros denboraldiari amaiera eman ostean, mendi lasterketetan ariko naiz. 25 km ingurukoetan ipiniko dut helburua. 2020an hasi nintzen mendiko lasterketetan, eta gero eta kilometro gehiago sartzen joan naiz. Iazko 26 km-ko lasterketa izan da egin dudan luzeena, eta orain, progresiboki gero eta gehiago egiten joan gura dut. Agian, 30 km-ko lasterketaren bat egitera animatuko naiz. Gutxi-gutxika distantziak handitzen joan gura dut.
Taraskako entrenatzailea ere bazara. Zertan lagundu eta zer aholkatzen diezu umeei?
Oraindik gazteak direnez, jokoen bidez lantzen dugu atletismoa. Helburu nagusia da ondo pasatzea, entrenamenduetara joatea, lagunekin egotea, barre egitea… Serieak egiten sufritu egin behar dute, horrela da, baina etxera pozik eta segitzeko gogoz joatea da garrantzitsuena. Lehiatzera bultzatzen ditugu, baina ez onenak izateko edota lehenengo geratzeko. Gainera, atletismoa beste herri batzuetako lagunak egiteko aukera ona da eurentzat. Gero, nagusiagoak direnean, serioago hasi gura badute, serioago egingo zaie, baina oraindik gazteak dira, eta gozatu egin behar dute, hori da garrantzitsuena. Taraskan talde polita dago, gehienbat neskak dira, eta hori garrantzitsua da. Hala ere, pandemiak apur bat mugatu gaitu; jende asko egon da herrian izena emateko asmoagaz, eta ezin izan dute sartu, pena izan da. Eta, adibidez, neska asko atletismoa uzten duten adinean daude, eta etenak kalterako izan daitezke. Umeei kentzen zaie beti, eta justu, horietan urteetan motibazioa kentzen badiezu, utzi egiten dute, eta gero ez dira berriro hasiko. Ea gauzak hobetzen eta txapelketak berriro martxan hasten diren.