"Agertokitik publikoa dantzan ikusi nahiko nuke; zoragarria da"
Amaia Izarzugaza abeslari bermeotarra berria da rap munduan, eta ‘Sol y Luna’ lan berrian bere lehen rapak entzun daitezkeela dio. Abestiak, hala ere, beste etapa batean idatzitakoak dira.
Sol y Luna lan berriagaz pozik?
Pozik nago proiektua kalean dagoelako eta denen eskura dagoelako. Kontzerturik ez baldin badago eta sareetan noiznahi gauzak zabaltzen ez bazabiltza, jendeak ezin du zure musika entzun. Lan honetako abesti hauek, baina, zaharrak dira; gaur egun, zorionez, ez nago abesti horietako sentimenduetan. Orduan bakarrik nengoen, familia gura nuen, familiagaz nengoen harategian lanean eta ezin handik irten… horiek guztiak islatuta daude lan honetako abestietan. Momentu honetan beste gauza batzuetan nabil eta beste etapa batean. Denbora aurrera joan da, eta abesti horiekin ez neukan ezer eginda, eta ez ditut galtzen utzi gura. Beste album bat ere badaukat Brasilen sortutako abestiekin, baina ez bada horiekin ezer egiten ahaztu egiten da, ez nuen gainera partiturarik idatzita. Orduan, nire kantak transkribatzen ibili behar izan naiz.
Noiz erabaki zenuen Sol y Luna lanagaz hastea?
Konfinamenduan pentsatu nuen egin beharra neukala eta abestiak grabatu egin behar nituela. Grabatzen hasi nintzen, baina haurdun nengoen. Bederatzi hilabeteko nengoen, eta ahotsa ez neukan berdin. Behin Unai jaiota, bost hilabete zituela sartu nintzen estudiora, eta dena grabatu nuen berriro ere. Gauzak, gero, astiro joan dira. Joan den urteko udarako gura nuen prest eduki, baina gauzak horrela dira, eta apur bat atzeratu da; abenduaren 31n kaleratu zen plataforma digitaletan. Denetan aurkitu daiteke.
Diskorik kaleratzeko asmorik bai?
Bai, iristeko daude, zain nago. Disko fisikoa ere gura nuen, nik autoan CDak erabiltzen ditut oraindik ere, eta CDak erosten dituen horietakoa naiz. Eta nirea ere autoan entzun gura nuen. Kontzertuetarako ere CDak edukitzea gustatzen zait, posible baldin bada, saltzeko. Askok uste dute ez daukala zentzurik CDa kaleratzea, diru asko da, eta gaur egun beste joera bat dago.
Zein motako musika estilokoa da lana?
Rap munduan berria naiz ni, eta horrek dira nire lehenengo rapak. Albumeko abestirik berriena Right Now da, duela hilabete batzuk sortutakoa da. Lan honetan rapa dago, baina jazz ikutuak ere nabaritu daitezke, pianoa ere badago, brasildar doinuak ere badaude… Horrez gain, bi esperimentu ere egin ditugu: Thankful eta Wish, Love, Want. Bi horiek gainontzekoak baino dantzagarriagoak dira, musika elektronikora egiten dute apur bat. Asko gustatzen zait dantza egitea, eta gustatuko litzaidake agertoki gainean ni dantzan egon eta, gainera, publikoa dantzan ikustea. Publikoa dantzan ikustea zoragarria da.
Zenbat abesti dauzka?
Hamar kanta dira, eta kolaborazio askogaz egindakoa. Rotterdamen egon nintzen sei urteetan ezagutu nuen jende asko dago, asko miresten ditudanak. Arinago ezagututakoak ere badaude. Gracias abestian Rafa mexikarrak parte hartzen du, baita ere Marcialek, biak Rotterdamen ezagututako lagunak dira. Abesti horren bideoklipa ere egin dugu; Gatomek grabatu du Tiro Pun Ekoizpenaken. Rechazada bi lagunekin egin dut: Regis Kubako laguna dago saxofoian, eta lau urtetan Rotterdamen neure neba, lagunik handiena eta salsako bikote bakarra izan zen Elcheko Alberto Molinak egiten du perkusioa. Espacio Pilar McCarthy Valentziako aiztagaz egin dut. Miradas y Balas abestian Rotterdamen ezagutu nuen Jaeneko Marta Gonzalezek laguntzen dit. Alberto Molinaren perkusioa dago Que bien se esta abestian eta Juanga Lakunza nafarrak ere parte hartu du. Thankfulen basea Iparralden bizi den Itzaletan Suak egin du, eta Wish, Love, Want abestiarena, berriz, Gatomek. Adios-en, berriz, Bartzelonan lagun egindako Miguel Pintxo Villar nafarrak parte hartu du nigaz. Eta lanaren azala eta Constanciako lyric bideoa Witxitak egin ditu, oso politak dira. Azala izugarri gustatzen zait, oso lan ona egin du.
Bermeon bertan egin duzu grabazioa?
Hala da, bai, Gatomekin grabatu dut Kostako Vibes estudioan. Oso ondo joan da, eta gustura egon naiz. Beragaz lan egiten du Witxitak, eta taldeko lan oso ona egin dugu.
Kontzertuak emateko aukerarik ba al dago?
Ez dakit zer esan, nire lagunak gelditu barik dabiltza. Bartzelonan mugimendu izugarria daukate. Nik apenas izan ditut kontzertuak. Ama izan naizela aprobetxatu dut semeagaz denbora gehiago egoteko.
Zertan zabiltza momentu honetan?
Estudioan egon naizela aprobetxatu dut Aneguriagaz dauzkadan zazpi kanten nire zatiak grabatzeko; CD bat ateratzeko asmoa daukagu. Oraingoan, abesti dantzagarriagoak izango dira. Gauza berriak probatzea gustatzen zait. Oraingoan, Witxitak asko lagundu dit horretan. Ideia asko eman dizkit eta, gero, ezustekoa hartu dut entzundakoan. Women Voices proiektuan ere parte hartzen ari naiz, Viola Serra abeslariagaz eta Ziortza Basaguren aktoreagaz. Oso proiektu polita da. Kantu irakaslea dudan Violak sortutako proiektua da. Gaizki tratatuak izan diren zortzi emakume musikariren istorioak kontatzen ditu ikuskizunak: Nina Simon, Tina Turner, Aretha Franklin, Rihanna, Britney Spears, Elsa Suarez. Nik pianoa jotzen dut ikuskizunean; aurretik zegoen piano jotzaileak utzi egin du proiektua, eta ni sartu naiz. Oso pozik nago, nahiz eta istorioak gogorrak diren. Gustatuko litzaidake Bermeora ekarri ahal izatea.