Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzea eta beste eremu batzuetara zabaltzea eskatuko du
Otsailaren 13ra arte behintzat erabiltzen jarraitzeko aukera edukitzea eskatuko dute. Eremu gehiagotan eskatzea nahi dute: orain artekoetan ez ezik, turismorako ostatuetan, hoteletan eta joko aretoetan.
LABIren aholku batzordea barikuan [urtarrilak 28] bilduko bada ere, Jaurlaritzak argitu du zer bidetatik jo nahi duen: ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzea eskatuko du. Gainera, orain arteko eremuetan ez ezik, beste establezimendu batzuetan ere eskatzea nahi du, hala nola hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abenduaren 4tik dago indarrean COVID ziurtagiria. Hasieran, gaueko aisialdiko zenbait establezimendutan eta 50 leku baino gehiago dituzten jatetxeetan eskatu behar zuten. Abenduaren 15etik, ordea, erabat zabalduta dago ziurtagiria, eta, besteak beste, tabernetara eta jatetxeetara, eta kiroldegietara sartzeko eskatu behar dute. Baimenik eman ezean, COVID ziurtagiria datorren astelehenean [urtarrilak 31] geratuko da bertan behera.
Iñigo Urkulluk indarrean dauden COVID-19aren aurkako murrizketei eustea gomendatu du
Elkarretaratzea, Lekeition. Izadi Gara elkarteak deituta, COVID pasaportearen kontrako elkarretaratzeak zapatuetan egingo dituzte aurrerantzen, 13:00etan, Eskolapean.
Neurriak. Bestalde, Iñigo Urkulluk indarrean dauden COVID-19aren aurkako murrizketei eustea gomendatu du. Batzorde Zientifikoak ere gomendatu du egungo neurriei eusteko, eta horixe bera helaraziko dio Labiri, barikuan [urtarrilak 28] egingo duten bileran.
Urkulluk adierazi du pandemiaren bilakaera «positiboa» bada ere, egoera epidemiologikoa «zaila» dela oraindik. Nabarmendu du egungo ebaluazio adierazleak abenduaren 28an zeudenak baino «okerragoak» direla eta horregatik, neurriak eustearen alde daudela: “Batzorde zientifiko teknikoak, osasun agintariek, neurriak indarrean mantentzea gomendatzen digute. Zuhurtasunari eta zorroztasunari eustea gomendatzen digute. Hori da nik ere gomendatzen dudana”.