230 kilometro elurretan korrika
Zirkulu Polar Artikoko Ice Ultra lasterketa lehiatuko du Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak otsailaren 10etik 14ra bitartean. Probaren %80-90 elur-erraketekin egin beharko du.
Oraingoan bai, oraingoan Suediara bidaiatuko du Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak. Hain zuzen ere, Ice Ultra lasterketa lehiatuko du Zirkulu Polar Artikoan, otsailaren 10etik 14ra bitartean. Duela hiru urtetik erronka hori zeukan buruan, «gauza bat edo beste», baina, ezin izan du orain arte egin.
Suediara bidaiatuko du Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak. Hain zuzen ere, Ice Ultra lasterketa lehiatuko du Zirkulu Polar Artikoan, otsailaren 10etik 14ra bitartean. Duela hiru urtetik erronka hori zeukan buruan, «gauza bat edo beste», baina, ezin izan du orain arte egin.
Azken proben antzerako formatua izango du horrek ere; 230 kilometro egin beharko ditu bost etapatan: «Normalean zazpi egunetan izaten dena, oraingoan bost egunetan izango da. Kilometro gehienak lau egunetan pilatzen dira. 60 kilometro egin beharko ditut lehenengo egunean, bigarrenean 40, hirugarrenean 42, laugarrenean 64 eta azken egunean 15. Azken egunean nekea izango da nagusi, eta nahiz eta kilometro gutxi izan, ziur nago luze egingo dela, amaitzeko gogoa nagusituko baita».
Uste du lehenengo eguna izan daitekeela «arriskutsuena». 60 kilometroko etapa da, eta motxilak gehien pisatzen duen eguna ere bada. Lehenengo egun horretan «kontu handiz» ibili beharko dela dio: «Lehenengo eguna izanik freskoago zagoz, higadura barik. Larregi ematen badiozu korrika egiteari, gerora ordaintzeko arriskua daukazu».
Esperientziaduna ere bada Urdaibai, mota horretako beste laterketa batzuk baditu-eta lepoan. Aurten, hala ere, berritasun bat dauka: elur-erraketekin egin beharko duela lasterketaren gehiengoa. «Antartidan izotza dago, eta hara kirol oinetakoak eraman nituen pintxoekin, laprast ez egiteko. Ipar poloan, baina, gehiena elurra izango da, eta elur-erraketak eroatea derrigorrezkoa da. Lasterketaren %80-90 egin beharko dut horiekin. Etaparik luzeenean laku handi bat zeharkatu beharko dugu, eta horretan bai tranpoiak erabili beharko ditugula, eta ez elur-raketak. Hortaz guztia eroan beharra daukagu».
Uste du lasterketa hori ez dela abidura handian korrika egitekoa izango, «indarrezkoa» izan daitekeela gaineratuta: «Elur-erraketekin ezin daiteke lar arin joan, eta horri elurra eta hotza gaineratuta, uste dut lasterketa motela izango dela».
Elur-erraketekin entrenatu duenetan «eroso» sentitu dela dio, horietara «nahikoa ondo» egokitu da: «Logikoki ez da berdina, baina ez diot alde handirik aurkitu ere. Nahikoa gustura amaitu ditut entrenamenduak. Urratsen beldur nintzen, ez nekien urratsak aldatu beharko banituen, eta ez, ezustekoa hartu dut eta berdin egin behar dut korrika». Hiru urte daramatza lasterketa prestatzen, eta elur-erraketak probatuta zituen. Oraingoan, hala ere, hondartzan entrenatu du pare batean, San Antonion, itsasbeheran. «Txatxarramendi inguruan itsasbeheran leku handia dago, eta ondo etorri zait han entrenatzea».
Tenperatura baxuekin lehiatuko dute, -25 edo -30 gradu inguruan. Esperientzia laburra dauka tenperatura baxuetan, «Antartidako egunak baino ez». Dioenez, lehenengo egunetan aldaketa nabaritu egiten da. Horregatik, bizpahiru egun arinago joango da, «gorputza tenperaturari egiteko». Egunak igaro ahala, gorputza «egin» egiten dela dio: «Etxolatik irten eta lehenengo kolpea gogorra izango da, baina era berean uste dut eramangarria izango dela».
Azaldu du lo etxoletan egingo dutela lau egunetan, baina gauetako batean, ez daki zeinetan, Sami motako kanpadenda batean lo egingo dutela badaki, karibuen larruazalaren gainean; uste du hori izan daitekeela gaurik txarrena, «oso hotza» izango baita.
Lasterketa honetan ere, bost egunerako behar duen guztia soinean eroan beharko duela gogorarazi du, eta aurten aurrekoetan baino jateko gehiago eroango duela nabarmendu du, «hotzak higadura handia dakarrelako». Aurten, berezitasun bat ere badaukate. Izan ere, lo egiteko eroan behar duten zakua muturreko tenperaturentzako «berezia» da: «Zakua motxila baino handiagoa da, eta ezin dugu gugaz eroan. Aurton, hortaz, soinean eroan beharko dugu guztia, lo egiteko zakua eta etxolarako beharrezkoak diren gauzak izan ezik. Argi utzi digute, baina, poltsa horretatik ezin daitezkeela gauzak aldatu».
Ongizate-zonatik irten. Antartidan lehiatzen egonda dagoenez eta orduko esperientzia «gustukoa» izanik, Ipar Poloan zeukan begirada: «Agian, bietan izotza egon balitz, ez nukeen planteatuko. Baina, hemen elurra, elur-erraketak, paisaia desberdina,… gustatu egin zitzaidan proba». Bestalde, ongizate-zonatik irten gura zuela dio: «Azken urteetan basamortuetan ibili naiz, eta horiek ondo ezagutzen ditut. Badakit han zer dagoen, ez dut ezustekorik edukitzen».
Helburuaz galdetuta, ezin du esan lasterketa amaitzea dela, hasieran esaten zuen modura: «Azken urteetan nire helburua da sailkapenean goian egotea. Uste dudalako posible dela». Hala eta guztiz ere, ez da «obsesionatzen» duen gauza bat: «Ondo prestatuta noa, eta ea zelan doan».