Ekarpen berriekin bete dute Eako txalupa
Ekitaldi «mamitsu, sakon, eder bezain hunkigarriekin» gozatua hartu dute ‘EA, h-a galdu zuen… erria’ topaketan. Publikoaren eta sortzaileen erantzunagaz eskertuta daude Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeko kideak.
Emankorra eta aberatsa. Hirugarrenak ere aho-zapore goxoa utzi die. EA, h-a galdu zuen… erria kultur topaketa hirugarrenez egin dute, eta oparoa izan da oraingo honetan ere.
Sortzaileen zein parte hartzaileen erantzunagaz, denen ekarpenagaz, «oso pozik» eta eskertuta daude Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldekoak: «Poztasun handia daukagu, eta jaso ditugun komentarioak balio oso handikoak dira orokorrean». Aforoa beteta eduki zuten asteburuan Eskolondoko frontoian egindako ekitaldietan.
Miren Agur Meaberen gelatxoa deskubrituz hasi zuten asteburua. Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia eskaini zuen zapatu eguerdian. Harrigarria, oso mamitsua, landua eta trinkoa izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. Lekeitiarrak hausnarketa sakona egin zuen bere ibilbideari buruz. Bere bizitza eta obraren deskribapena, bere poetikaren deskribapena egin zuen.
Virginia Woolfen Gela bat norberarena obrari keinu eginez prestatu zuen saioa, Earako beren-beregi. «Woolfi galdetu zioten zer behar duen emakume batek nobela onak idazteko edo idazle ona izateko idazteko, eta esan zuen lehenik eta behin gela bat berea behar duela, eta era berea, barruan daukagun ingerutxu hori apur bat akatzea beharrezkoa dela». Espazio propioaz, zentzu zabalean mintzo zen Woolf, eta hori oinarri hartuta berba egin zuen Meabek, haren jaiotzaren urteurrenaren bezperetan. Izan ere, martitzenean (urtarrilak 25) 140 urte beteko lituzkeen Wolfek.
Biluztu
Lekeitiarrak frontoian bildutakoei bere gela propio hori nola atondu duen deskribatu zien. Nola landu eta atontu duen, zentzu poetikoan: nola egin duen kontratua gela hori lortzeko, nola bilatu duen gela, bidean izan dituen zailtasun handiak, emakume eta herritar izatetik nola bilatu duen, argiztapena, espazioaren banaketa, altzariak… Banan-banan eta modu «sakonean» azaldu zituen horiek guztiak.
Adibidez, espazioaren banaketan, bere errealitatearen metroak, munduaren metroak, tradizioaren metroak, beste zer horren metroak, beste zereginak eta abar kontatu zituen. Bere gaiak nondik aurkitu dituen berak. Gelako leihoen orientazioari buruz ere berba egin zuen. Lekeitio, Bilbo, itsasoa, kanposantua… horiei begira sortu ohi du. «Autofikzioa ere aipatu zuen; bere ni horretatik idazten du, baina ni horrek ere beste zu hori ere integratzen duela esan zuen».
Zintzotasunez berak aitortutakoa, bere biluzte pertsonala eredugarria izan daitekeela uste dute, batez ere, hainbat emakumerentzat: «Idazten hasi zenean, adibidez, emakumeen narratiba–eta poetika gutxiago–, ez zegoen baloratuta. Ikusezina zen. Astiro-astiro, hainbat eta hainbat emakumek Euskal Herrian ere, beste hainbat lekutan modura, zentralitatea lortu nahian borrokatu dute. Zentralitatea partekatzeko gizon idazleekin, gizon poetekin. Berak bereziki borrokatu du bere espazio, gela hori lortu nahian, berea eta besteona, emakumeona».
Hitzaldi «mamitsu bezain zintzoa» izan zen, momentu honetan euskal literatura non dagoen aztertzeko eta gogoeta egiteko testu «oso ederra eta gomendagarria» da.
Letren fikzio eta errealitate horretatik ikus-entzunezkoen pantaila handira salto egin zuten arratsaldean. 2020ko abenduko Eako topaketan estreinatutako Aritzakoa filma eskaini zuten arratsaldean. «Iaz jende askok ezin izan zuen ikusi, eta eskaerak jaso genituen berriro eskaintzeko». Gogoetak ere partekatu zituzten emanaldiaren ostean.
HEAkoen enkarguz egin zuen Oskar Alegria zuzendari nafarrak orain dela bi urteko udan ordu erdiko film labur «ederra», eta haren begirada «magikoan» murgildu ziren ikusleak. Ean, Natxituan eta Bedaronan 2020ko udan grabatu zuen: «Gure historian, iraganean, baserrietako bizimoduan, beste pertsonaia batzuetan begiak jartzeko eskatu genion».
«Irabazleen» begiradatik kontatu ohi da historia, eta «galtzaile edota anti-heroiei» eman zien garrantzia Alegriak, «bestelako» pertsonaia eta pertsona batzuk ere, «anti-heroiak ere bizi zirelako» herrian. «Pertsona ikusezinak dira, baina egunerokoan, gure kultura, gure euskara, eta gure bizi izaera gorde dutenak». Elizaren «hegemonia handi» horren azpian zer zegoen, «ikusezintasunera» kondenatutako emakumeak, eta, oro har, egunerokotasuneko pertsonaia apalak ageri dira. Adibidez, Bedaronako Juan: Juanen istorioa hunkigarria da. Adin bat daukagunok ezagutu genuen; pertsona maitagarria zen».
Mundo eta Universoren istorioa ere bildu zuen. «Ean bizi ziren bi ume dira, mespretxatuak izan ziren. Elizaren botere absolutuaren aurrean, gurasoak izen horiekin ausartu ziren, eta bataiatu gabeko umeak ziren. Herrian beti entzun dugu eurei buruzko kondaira, baina konturatu gara ez dela legenda».
Berben txalupa
Domekan Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak berbak eta kantuak: Olatu arteko txalupa arraroa aurkeztu zuten. Orain dela hamar bat urte Kuban, Habanan idatzitakoak ekarri zituen Eskolondoko frontoira. Osinagak kantatu eta idazle iurretarrak komentatu zituen: «Kanta eder-ederrak dira. Habanan egon arren, beti izan da gure artean; bere obra urtero izan dugu hemen. Han izanik hona naiz esaten zuen bere obraren titulu batean, eta horrela izan da».
Aurrekoak modura, domekako saio hori ere enkarguz prestatu zuten sortzaileek.
Kantak komentatu zituen idazleak, letra bakoitzaren atzean dagoena azaldu zien: «Poema argiak, ulertzeko oso errazak dira. Ekitaldia zoragarria izan zen». Gaur egungo gai eta kezka nagusiak plazaratzen dituzte bere berbek, adibidez, prostituzioa. Kanta bat eskaini zion Habanan ezagutu zuen Ana auzokideari. Umea haurtzaindegian zegoela lan egiten zuen jinetera da Ana.
Alegrantziaren balorea ere aldarrikatzen du Sarrik, bizipozaren garrantzia. Elkarrekin bizitzea, elkar maitatzea, elkarrekin disfrutatzea bizitzaz, eta bizitzaren gozamena.
Gabon partean, Gernikan Marijesiak kantatzen dituzte eta Ean Abendua. Bertoko tradizio hori gatazkagaz, gerragaz josi zuen sortzaileak; orduko Belenen eta egungo Zisjordanian bizi duten gatazka, hain zuzen ere. «Abenduan eta Marijesietan Jesusen jaiotzari buruz kantatzen da, eta berak, letra horiek erabiliz, Zisjordanian, Belenen, gaur egun Israelen erasoen bonben ondorioz, hiltzen diren umeei buruzko gogoeta ekarri zigun gurera. Kanta bukatzen du esaten han ume bat hiltzen denean Jangoikoa bera hiltzen dela. Kanta ederra eta hunkigarria da». Era berean, preso politikoen gaia edota Euskal Herriaren egoeraz ere hitz egiten dute Osinagak ahotsa ipinitako letrek.
Amaieran, itsasoa dela bide bakarra aldarrikatu zuen Sarrionandiak: «Txalupa batean goazela eta horretan elkartu behar garela. Ez dugula ikusten porturik zihoen, baina hor goazela, euskaldun moduan, Euskal Herri moduan, eta berak txalupa horretan diharduela. Euskaldunoi txalupa horretan joateko gonbitea egin zigun, itsasoa kontra eduki arren, aurrera jarraitzeko, guk aurkituko dugulako bilatu eta nahi dugun portu hori».
Ahozkotik idatzira
Asteburuan entzundakoak irakurtzeko aukera ere eman dute HEAkoek. Meaberen zein Osinagaren eta Sarrionandiaren saioak Zaldiarri 11 eta 12 aleetan bildu, eta www.hea.eus webgunen PDF formatuan ipini dituzte. Berbak Erramun Mendibelandaren diseinu zaindu eta artistikoagaz lagunduta daude. Letren eta irudien sormenak, arteak, bat egin dituzte, beste behin, adierazteko eta gogoetarako tartea hartzeko. «Bai joan ginenok berriro hausnartzeko, eta bai hurbildu ezin izan zutenek irakurtzeko aukera dago, eta gomendatzen dugu».
2010ean hasi ziren Zaldiarri liburuxka argitaratzen. «Gure helburua da herritarrek, euskaraz egiten den kultura berritzailea, tradizioa maitatuz, baina berriztuz egiten dena, aportazio berriak ezagutara ematea, konpartitzea. Sarrik zihoen txalupa horretara igotzen gara itsaso kolpe guztien kontra bada ere, aurrera egin behar dugu gure kulturaren alde».
Hala, hurrengorako ere hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute: «Gure kulturak behar duelako publiko inplikatu bat. Guk kontsumitzen ez badugu gurea, nork kontsumituko du? Gure pentsamendua guk jorratzen ez badugu, nork egingo du?».