Baso eta erreken kudeaketaz ariko dira Busturian
Auzholan elkarteak antolatu duen hitzaldia bihar izango da Altamirako kultur etxean, 18:30ean. Lau hizlarik parte hartuko dute, ikuspegi desberdinak azaleratuz.
Busturiko Auzholan elkarteak hitzaldia antolatu du biharko; Altamirako kultur etxean egingo dute, 18:30ean hasita. Edukiera mugatua egongo dela zehaztu dute. Hain zuzen ere, bertoko baso eta erreken kudeaketei buruzko hitzaldia izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Lau hizlarik parte hartuko dute: Claudia Maldonado (Errotuz), Joserra Diez (Biologian doktorea), Arturo Elosegi (EHUko katedraduna) eta Jon Hidalgo (Lurgaia). Hitzaldia Natalia Salazar Orbe kazetari busturiarrak gidatuko du.
Ikuspegi asko eskainiko dituen hitzaldia izango da: “Gauza ez da bakarrik esatea eukaliptoak txarrak direla, eta horretan geratu. Lau pertsona hauek gaiari buruz dituzten ikuspegi desberdinak zabaldu gura ditugu”. Eukaliptoen landaketengatik kezkatuta daudela nabarmendu dute, eta hitzaldiak hori baino gehiago lantzeko asmoa daukala; hala nola, basogintza ereduak, kudeaketa alternatibak eta horiek ingurumenean duten eragina, lur eremuan eta bereziki ibaietan.
Hizlari bakoitzak hamabost minutuko tartea edukiko du azalpenak emateko. Hitzaldia, baina, bi ordukoa izango dela aipatu dute, hortaz, galderentzako tartea ere egongo da.
Ikuspegi hidrikoaren garrantziari buruz ariko da Diez. Biodibertsitatearen kontserbazioaren beharrarekin batera, ikuspegi hidrikoaren garrantzia azpimarratu behar dela uste du Diezek. Horretarako, dioenez, ibai-sarearen zaharberritzeagaz batera, arro osoaren ikuspegia aintzat hartu beharko litzateke. Egungo erronken ikuspegitik arlo horretan zientziak egindako ekarpenak aurkeztuko ditu, eta Busturian bertan garatutako esperientzia batzuen berri ere emango du.
Galdera bati erantzuten saiatuko da, berriz, Elosegi: Euskal Herriko basoen etorkizuna eukaliptoan ote dago?. Azalduko du basoen kudeaketaren ereduaren arazoa ez dela espezie bat edo beste landatzearena bakarrik. Uste du ereduan bertan dagoela arazoa, eta horretarako zeinbat irtenbide planteatzen ditu: ssektorearen dibertsifikazioa, ingurumen balioen zaintza eta epe luzerako planifikazioa.
Maldonadok paisaia izango du hizpide. Etorkizunerako gura dugun paisaia lortzeko bidean eman beharreko aurrerapausoei buruz ariko da: Ze motako paisaiak gura diren, zelan adostu, ze leku izan behar dituzten landaketek… Modu horretan, adibide batzuk aurkeztuko ditu bihar, eta horiek Busturira eta inguruetara egokitzeko aukerak azalduko ditu.
Lurgaia Fundazioko kidea ekosistemak berrezartzearen garrantziaz ariko da; Europan ekosistemen berrezartze hori zein beharrezkoa den azalduko die bertaratutakoei. Basoak “ekosistemarik adierazgarrienak” izanik, uste du lan horretan berehala hasi beharra dagoela. Merkataritza helbururik gabeko naturaren beharra defendatzen du Hidalgok.