Aldarrikapen Eguna antolatu du biharko LABek, lan erreformaren aurka
Auto karabanan abiatuko dira Gernika-Lumotik Bermeora, 10:00etan. Bermeon Egoitz Alai zaharren egoitzan eta Salica kontserba lantegian egingo dituzte geldialdiak.
Euskal Herrian egin dezagun posible lelopean, Aldarrikapen Eguna antolatu du biharko LABek. Lan erreformaren aurka Euskal Herri osoan egingo diren mobilizazioen baitan hainbat eskaera entzunarazi nahi ditu sindikatu abertzaleak.
Salatu duenez, lan munduan ez da lan erreforma indargabetzeko erabakirik hartu eta sustatutako moldaketak “ez dira nahikoak edota ez die euskal langileen beharrei erantzuten”. Pentsio erreformari buruz ere “beste horrenbeste” esan daitekeela diote.
Sindikatu abertzaleak gaineratu duenez, “aldaketak eta adostasunak ez dira berez etorriko, langileen aktibaziotik baizik”. Horregatik, bihar, honako eskakizunak egingo dituzte lantokietan: 1.400 euroko gutxieneko soldataren bidean urratsak egitea, gehienez ere 30 orduko asteko lanaldiaren bidean urratsak egitea, soldata arrakala gainditzea, enplegu suntsiketa amaitzea, lanaldi partzialak mugatzea eta enplegu publikoa egonkortzea.
Biharko mobilizazioak eskualdeka antolatu dituzte. Busturialdean, esaterako, auto karabana egingo dute. Lan erreforma honi ez lelopean egingo duten ekintza 10:00etan abiatuko da Gernika-Lumoko Astratik. “Auto karabana domekarako gehiengo sindikalak deitu duen manifestaziorako animatzeko baliatuko dugu”.
Geldialdiak. Iragarri dutenez, Astratik Bermeoranzko bidea hartuko dute, eta tartean, hainbat lantokitan geldialdia egingo dute, “bertan ematen den prekarietatea eta zapalkuntza azalarazteko”. Geldialdietako bat Bermeoko Egoitz Alai zahar etxean egingo dute. “Zaintza eta oinarrizko lanetan diharduten sektore feminizatuko emakumeen egoera seinalatuko dugu, erreforma honek eskubide gutxien dutenak gutxiago izatera bultzatzen baititu”.
Azken geldialdia, berriz, Bermeoko Salica kontserba lantegiaren aurrean egingo dute. 11:30ean prentsaurreko bat emango dute. “Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko hitzarmena aurreakordio egoeran dago. Bertan batu diren puntu askok erakusten dute hemen erabaki dezakegula, antolatuz eta borrokatuz”.