Inprobisazio ilustratuen ikuskizuna dakar Arrantzaleen Museoak
Leire Llano artistak eskainiko du saioa MusEkintza jaialdiaren baitan. 50 minutuko bi saio egongo dira aukeran: 12:00etan eta 19:00etan.
Museoak arte-diziplina ezberdinetako agertoki bihurtzeko asmoz MusEkintza Jaialdia aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak irailean. Ekainera bitartean, txandaka, hilabete bakoitzeko azken zapatuan Bizkaikoa osatzen duten museoetako bat bestelako agertoki bilakatu da. Oraingoan, Arrantzaleen Museoaren txanda izango da. Leire Llano artistak “esperientzia aparta” eskainiko du, bat-bateko ilustrazioak eskainiz.
50 minutuko bi saio egongo dira aukeran: 12:00etan eta 19:00etan. Parte hartu gura dutenek, baina, aldez aurretik izena eman beharko dute: 94-688 11 71/arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus.
Leire Llanosen ikuskizuna publiko heterogeneo bati zuzendutakoa dela jakitera eman dute; “esperientzia artistiko parte hartzaileak dira”. Basoen eta ozeanoen kontserbazio eta kudeaketa jasangarria eta biodibertsitatearen galera gelditzeko borroka bezalako gaiak jorratzen ditu. Bermeoko Arrantzaleen Museoan ozeanoak hartuko ditu gai nagusitzat eta musikari batek eta bi ilustratzailek inprobisazioz jardungo dute elkarrekin. Musikaren eta irudiaren bidez, partaideek gai orokorrei eta gaur egun garrantzia berezia duten gaiei buruzko hausnarketak partekatu ahal izango dituzte elkarrekin eraikitako espazio batean. Ekitaldian, hortaz, garapen inprobisatuari ekingo zaio, musikariaren, ilustratzaileen eta publikoaren arteko feedbackaren arabera. Alderdi bisuala atzean egongo den proiektore baten kristalaren gainean sorraraziko dute, argi-itzalen “joko hipnotikoa” lortuz.
Proposamen artistiko hau Leire Llanok Villajardin lan-espazioan sortutako jardueren baitan kokatzen dela azaldu dute; “toki hori ikaskuntzarako, elkarrizketarako eta esperientziak trukatzeko gune irekia da, non jarduera eta bizipen partekatuak proposatzen diren”. Inprobisazio ilustratu bakoitzaren bidez publikoan aldaketarako hazi txikia landatu ahal izatea espero du.