Pandemiaren errepaso profesionala, soziala eta emozionala egin du Onintza Enbeitak 'Izurritea' liburuan
Muxikarrak herrian bertan aurkeztu du gaur bere lehen liburua. Javier Etayo 'Tasio' marrazkilariak ere 'Tasiopedia' aurkeztu behar zuen Enbeitagaz, baina koronabirusean positibo eman du. Gaurkotasuna landu gura izan du marrazkilariak, eta dioenez, besteren artean, "sistemaren miseriak" marraztu ditu. Bi liburuak Zorrotz argitaletxeak kaleratu ditu.
Egun berezia izan da gaur [urtarrilak 22] Onintza Enbeita Maguregi bertsolari eta kazetari muxikarrarentzat. Izurritea liburua aurkezteko aukera izan du “ondo” ezagutzen dituen herritar ugariren aurrean. Bertaratutakoek, gainera, liburuak erosteko aukera izan dute. Askok Einbeita bertan zela aprobetxatu dute liburua etxera sinatuta eroateko.
Zubieta Errota liburutegian egin dute aurkezpena eguerdian, eta Enbeitagaz batera, Javier Etayo Tasio marrazkilariak ere egon behar zuen. Tasiopedia “ikuspegi bereziko entziklopedia” aurkeztu behar zuen, baina COVID-19an positibo eman du eta ezin izan da egon.
Enbeita Igor Meltxor Zorrotz Komunikazio proiektuaren sortzaile eta bultzatzaile nagusiagaz egon da gaurko aurkezpenean. Izan ere, Enbeitak esan du Meltxor barik ez zuela bere lehen lana idatziko. Meltxorrek editatu ditu bai Enbeitaren zein Tasioren liburuak.
Meltxorrek proposatuta idatzi zuen muxikarrak liburua, eta proposamena “harrituta” hartu zuela dio Meltxorrek; “idazlea ez zela esaten zuen”. Enbeitak dio unibertsitatea amaitu zuenetik paper zuriak betetzen ibili izan dela egunero, hala eta guztiz ere, “arraroa” egin zitzaion: “XX. mendeko emakume idazleek sentitzen zuten inpostorearen sindromea sentitzen nuen nik ere. Liburu hau ez da fikzioa, nire burutik edo nire bizipenetatik irtendako gauzak kontatzen ditut. Hilabete joan da eta inor ez zait etxera etorri iruzurtia naizela esaten. Uste dut, hortaz, ordua dela liburua seriotasunez aurkezteko eta konplexua kentzeko”.
“Buelta asko eman ostean”, 2020ko martxoko etxera sartzeko beharretik abiatuta idatzi du liburua. Azken bi urteetan gertatutakoa, hau da, pandemiaren errepasoa hiru ataletan banatu du Enbeitak: profesionala, soziala eta emozionala.
Liburua “urria” dela dio, uste duelako bi urte “gris” bizi izan ditugula, hau da, “bi urte urri” joan direla. Maketazioan, hortaz, ideia hori islatu gura izan du: “Liburuan deskribatzen dena gris samarra denez, maketazioak joera berdina izatea gura nuen”. Hogei testu aurkitu daitezke liburuan, izenburu bakoak; “nahita erabaki nuen horrela egitea, zenbatuta baino ez doaz”.
Liburuaren izenburuaz ere aritu da. Buruan beste izenburu batzuk ere izan dituela aipatu du, baina historian hainbeste izurrite gertatu izan direla nabarmendu du: “Izurrite bat dagoenean gauza bat da zenbat jende hiltzen den gaixotasun horrekin, baina horren ostean, zer gelditzen da? Koronabirusaren izurrite hau pasatzen denean zer geldituko zaigu? Uste dut beste izurrite batzuk ditugula, eta hortaz, izenburuagaz keinu egin gura izan diot gaixotasunaren ostean geratuko denari”.
“Uste dut bizitzan gauza on bat egiten baldin badut, buruan daukadana paperean ipintzea dela; batzuetan berba baino errazago egiten dut. Ados egon ala ez, nik pentsatzen dudana liburuan bertan dagoena da”, esan du Enbeitak.
Liburua lobei eskainitakoa da; “uste dut luxua izan zela konfinamenduan hiru pertsona txiki egotea ezer gertatu ez balitz modura jarraitu zutenak atea jotzen”.
Lehenengoa kalean ikusita, otsailerako bigarren liburu bat kaleratuko duela aurreratu du Enbeitak. Gazteei zuzendutako eleberria izango dela aipatu du, fikzioazkoa. Dionez, Athletic Fundazioa dago tartean eta eskoletarako izango da.
Tasiok “gaurkotasuna” landu gura izan du Tasiopedia liburuan. Aipatu du sei kapitulutan banatu duela: Pandemia, euskal oasia, matxismoa, apustuen mundua, eleiza eta monarkia. Amaieran, hala ere, mota guztietako binetez osatutako atal bat ere badagoela azaldu du. Denetara, 100 bineta inguruz osatutako liburua da. Dioenez, binetetan Tasioren estiloa nabaritu daiteke. “Sistemaren miseriak” marraztu ditu, eta boterean dauden zenbait pertsonaien karikaturak egin ditu ironia lotsagabeagaz.
Gustukoa izaten ari delako “pozik” dago marrazkilaria: “Abantaila bat dauka, oso erraz irakurri daitekeela, eta hortaz, baten baino gehiagotan egitea posible da. Ez du alferkeriarik ematen”.
Babesa eman gura izan dio Zorrotz Komunikazio Elkarteak egiten duen lanari. Uste du, gaur egun beharrezkoa dela mota horretako ikerketazko kazetaritza egitea; “ezkerreko begirada batetik egitea beharrazkoa da, gaur egun dagoen informazio faltsuaren aurrean”.
Zorrotz Komunikazio Elkartea duela bi hilabete sortu zela esan du Meltxorrek, Durangoko Azokan egin zuten aurkezpen ofiziala. Alde batetik, Zorrotz.eus komunikabide digitala martxan daukate, eta horretan parte hartzen dute baita ere Enbeitak zein Tasiok. Eta bestetik, editoriala ere badaukate: Zorrotz Liburuak. Izurritea eta Tasiopedia liburuez gain, beste bi liburu ere argitaratu dituzte: Itzi eta Ba.