Mundakak COVID-19ak berdintasun arloan izan duen eragina aztertuko du
Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du udalak, eta datozen hilabeteetan diagnostiko bat egitea da udalaren asmoa
COVID-19ak berdintasun arloan zenbaterainoko eragina izan duen jakin gura du Mundakako Udalak, eta horretarako, diagnostiko bat egingo du. Bizkaiko Foru Aldunditik jaso duen diru laguntza bat baliatuta –6.800 eurokoa-, herritarren egoeraren irakurketa bat egingo du datozen hilabeteetan. Murgibe berdintasunerako aholkularitza enpresak garatuko du.
Mundakako alkate Irati Gondrak zehaztu duenez, inkestak egingo dituzte, online eta paperean, eta baita elkarrizketak ere. “Kontuan hartuko ditugu zaintzaileak izan direnak, eskolako arduradunak, haurreskolakoak, familiartekoak zaintzen egon direnak… Azken batean, irakurketa bat egin nahi dugu, eta jakin zein den pandemiak eragindako egoera”.
Hain zuzen, hainbat fasetan garatuko dute diagnostikoa, besteak beste, mendekotasuna duten pertsonen zaintza profesionalaren eta ez-profesionalaren eremuko premiak identifikatzen saiatzeko eta zaintzaileen eskaerak ezagutzeko, ondoren politika publikoen erdigunean zaintza-lanak sartzeko proposamenak jasotzeko.
Online eta paperezko inkestak ez ezik, elkarrizketak egingo dizkiete mendeko pertsonak modu ez-profesionalean zaintzen dituzten 5 pertsonari, modu profesionalean zaintzen dituzten beste 5 pertsonari eta udal zerbitzu eta ekipamenduen 5 arduraduni. Era berean, udal baliabideen eta ekipamenduen mapa egingo dute, adierazle hauek beteta: zerbitzua, helburua, ordutegia, neurri osagarriak, egin daitezkeen hobekuntzak eta oharrak. Ildo horretan, herritarren proposamenak jasotzeko gune bat prestatuko du udalak.
Ikusgarri egin. Lanketa horren emaitzak 2019an udalak onartutako berdintasun planarekin bateratuko dute. “Egoeraren erredakzioa eginda dagoenean asmoa da berdintasun planarekin bateratzea. Batetik, COVID-19aren eraginak zeintzuk izan diren zehazteko eta, bestetik, berdintasun planaren ekintzak aurrera atera daitezkeen ikusteko eta ahal den heinean bateratzeko”.
Gondraren esanetan, zainketa lanak eta zaintzaileen egoera ezkutuan egon da COVID-19aren eraginez, “eta ikusgarritasuna eman behar zaio, ondorioak atera eta laguntzeko zer egin daitekeen ikusi. Lagundu egin behar dira bai menpeko pertsonak eta baita menpekotasun horren barruan daudenak ere. Egin dugun irakurketa horren arabera, emakumeak dira gehienbat arlo horretan lan egiten dutenak arlo horretan. Berdintasunaren alde egin behar da eta hau beste aukera bat da. Garrantzia eman behar zaio”, adierazi du Mundakako alkateak.