Osakidetzak 315 positibo zenbatu ditu azken lau egunetan
Gaur arratsaldean 30 urtetik 39 urte artekoei COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia hartzeko ordua irekiko zaiela iragarri du Osakidetzak.
Osasun Sailak gaur argitaratutako txosten epidemiologikoaren arabera, Busturialdean 315 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak, azken lau egunetan (urtarrilaren 13tik 16ra).
Eskualdeko herri handienetan zenbatu dituzte positibo gehienak: 133 Gernika-Lumon eta 113 Bermeon. Gainontzeko herriei dagokienez honakoak dira datuak: 1 Ajangizen, 2 Arratzun, 13 Busturian, 5 Ean, 3 Ereñon, 3 Errigoitin, 1 Foruan, 6 gautegiz Arteagan, 1 Ibarrangelun, 5 Kortezubin, 2 Morgan, 30 Mundakan, 2 Muruetan, 7 Muxikan eta 1 Sukarrietan. Azken lau egunetan ez dute positiborik zenbatu Elantxoben, Mendatan eta Nabanizen.
Eskualdeko 20 udalerriek eremu gorrian jarraitzen dute, eta hala gertatzen da Bizkaiko herri guztietan ere.
Jakitera eman dutenez, ZIUetan dauden gaixoen kopurua igo egin da eguenetik; 143 pertsona daude larri (duela lau egun 136 ziren).
Txertoa. COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia hartzeko adin tartea gehiago zabaldu du Eusko Jaurlaritzak. Hala, iragarri dutenez, gaur arratsaldean 30 urtetik 39 urte artekoei dosi gehigarri hori hartzeko ordua irekiko zaie; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 180.000 biztanle daude adin tarte horretan. Gainera, Osasun Sailak jakinarazi duenez, baliteke aste honetan bertan 18 urtetik gorako guztiei zabaltzea hirugarren dosia. Hala eta guztiz ere, erabaki hori libre dauden orduen arabera hartuko dutela esan dute.
Ikastetxeak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariarekin batera, agerraldia egin du gaur goizean Osasun Batzordean. Hezkuntza Sailak urtarrileko itzuleran izan duen lehentasuna “presentzialtasuna bermatzea” izan dela esan du Bildarratzek.
Bildarratzen esanetan, oporren bueltarako, Osasun Sailarekin elkarlanean, “protokolo berriak” prestatu zituzten, eta, horien bidez, “ikasgela guztiak irekita” daudela nabarmendu du. Dena den, onartu du ikasgelaren bat zenbatu gabe geratu zitekeela. Goraipatu egin du ikastetxe guztietan egiten ari diren lana.
Bildarratzek nabarmendu du 5-11 urte arteko ikasleen %53,2 txertatuta daudela (77.140 ikasle), eta hazten ari dela ehuneko hori. Gaineratu du txertaketa prozesuan dutela jarrita esperantza, “gutxi-gutxika ikasgeletan martxa gero eta arruntagoa izateko”
Ordezkapenei dagokienez, adierazi du joan den astean Hezkuntza Sailak irakasleen 3.032 ordezkapen kudeatu zituela (sare publikoan).