Literatur uretan murgiltzeko aukera asteburuan, Ean
'EA, h-a galdu zuen... erria' kultur topaketa egingo dute hirugarrenez. Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga sortzaileak gonbidatu dituzte oraingoan. Ekitaldietan parte hartzeko derrigorrezkoa da aurretiaz gonbidapena eskuratzea.
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak proposamen erakargarria dakar, beste behin. EA, h-a galdu zuen… erria kultur zikloa egingo dute hirugarren urtez 2019ko eta 2020ko abenduan antolatu zituzten aurrekoak–.
Aurreko bietan nahiz Poesia Egunetan egin modura, Earako beren beregi prestaturiko lanak estreinatuko dituzte, luxuxko gonbidatuek. Miren Agur Meabe eta Joseba Sarrionandia idazleak eta Ines Osinaga abeslaria eta soinu jotzailea egongo dira Ean, asteburu honetan.
Miren Agur Meabek Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia emango du zapatuan [urtarrilak 22], 12:00etan hasita.
19:00etan, berriz, iazko kultur topaketan estreinatutako Aritzakoa filma eskainiko dute. Oskar Alegriak udalerrian filmatutakoa da, bertan aurkeztu zuen iaz, eta beste hainbat lekutan ere erakutsi du bere obra.
Domekan [urtarrilak 23], Sarrionandiak eta Osinagak berbak eta kantuak: Olau arteko txalupa arraroa aurkeztuko dute 12:00etatik aurrera.
Egoerak aginduta, neurriak hartu eta aforoak mugatu dituzte, “ahalegin handia” egin dute, eta “kalitate handiko” ekitaldiak izango direla esan dute. Ekitaldi guztiak Eskolondoko frontoian egingo dituzte, eta derrigorra da aldez aurretik gonbidapena hartzea, izena ematea, kultur taldearen web orrialdean (hea.eus ). Era berean, topaketaren kartelean agertzen den QR kodearen bitartez ere gonbidapena eskuratu daiteke.
Meabe idazle lekeitiarra askotan izan da Eako kultura taldekoen bidelagun, Poesia Egunetan zein TxarakIE irakurle txokoan hainbatetan egon izan da bere obra konpartitzen. Oraingoan, bere poetikaren deskribapena egingo du Virginia Woolfen obrari keinu eginez: “Bere ibilbide literarioa eta humanoa kontatzeko hitzaldi bat ematea eskatu diogu; honako idatzi du. Woolfek Gela bat norberarena idatzi zuen, eta goia jo zuen. Hortik abiatuta, sinbolo hori hartuz, Miren Agurrek azalduko digu bere sormenaren gela, sortzeko gela nola atondu behar izan duen. Hitzaldi oso poetikoa izango da. Pentsatzen dugu pribilegio handia izango dela eta interes handia sortuko duela”.
Hain zuzen, iazko topaketan interes handia sortu zuen Aritzakoa film laburrak. Zinema zuzendari nafarrak 2020ko udako egonaldi batean Ean grabatu zuen: “Bere ikuspegi oso berezia da; film hunkigarria da. Eako pertsonaia mitikoak agertzen dira, eta Eako, Bedaronako eta Natxituko jendea eta paisaiak ikusten dira. Komunikabide askotan beti agertzen dira gizonak, eta batez ere gizon inportanteak. Oskarri beste begirada bat eskatu genion, apalagoa, eta anti-heroiak agertzea. Grabaketan ikusten dira gure iraganean eta memorian dauden pertsonaiak, baina batzuetan mespretxatuak izan direnak eta abar”.
Literaturagaz eta musikagaz borobilduko dute asteburua. Sarrionandiak orain dela hamar bat urte, Habanan idatzitako poema batzuk kantu bihurtu zituzten Osinaga abeslaria den Gose taldekoek. “Baina ekitaldi hau Earako prestatu dute, primizian eskainiko dute. Poema bakoitzak gai berezi bat dauka, eta gai horri buruzko aurkezpena egingo du Sarrionandiak. Poema horiek banan-banan komentatuko ditu”. Solasaldirako tartea ere zabaldu gura dute: “Debatea ere sortu nahi duela esan digu. Ez dira gai oso atseginak; gaur egungo gaiak dira, gizartean pil-pilean dauzkagunak, eta kantu horien bitartez, modu ludikoan, landuko ditugu. Kanta bakoitzaren atzean zer dagoen ikusiko dugu, zer esan nahi duten letrek, eta galderak ere egingo dituzte, jendeak zer iritzi duen ezagutzeko”.
Zaldiarriak. Poesia Egunetan egiten zuten moduan, ziklo edo topaketa honetarako ere euren aldizkaritxoa edo liburuxka argitaratuko dute HEA taldekoek, Erramun Mendibelandaren diseinuekin osatuta: “Zaldiarri 11 Miren Agurren hitzaldiarekin egindakoa da, eta Zaldiarri 12 Ines Osinagaren eta Joseba Sarrionandiaren emanaldiarekin. Egun horietan eskuragarri egongo dira Eskolondon”.