Elantxobeko historiaren erakusleihoa
Elantxobeko Kofradia eta Arrantzaren Museoa iazko abuztuan inauguratu zuten. Herriko zein herritarren izaeraren erakusle da eta, era berean, arbasoei eskainitako omenaldi xumea ere bada.
Elantxobeko arrantza ondarea ezagutarazteko asmoz, Elantxobeko Kofradiaren eta Arrantzaleen Museoa dago, portuan, Tinglaupean. Garai batean gurdiak, sareak eta mota guztietako arrantza tresnak gordetzeko erabiltzen zen lekua da, eta orduko zein egungo herritarren abaro edo topaleku kuttuna.
“Guretzako halako museo batean Elantxobe izan dena eta Elantxobeko izaera batzea oso garrantzitsua da. Herriaren izaera mantendu nahi izan dugu zelanbait hor, eta kanpotik datozenei eta herrikoei ere erakustea zer izan den eta zer den Elantxobe: zelan sortu zen, arrantzari begira bizi dela bizitza guztia, lantegiak eta garraio enpresak egon zirela…”, azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Herriarentzat ezeze, elantxobetarrentzat ere proiektu garrantzitsua dela uste du: “Herritarrok ere askotan ahaztu egiten dugu nortzuk izan garen. Eta garrantzitsua da kanpotik datorren jendeak ere erreferentzia bat edukitzea. Herri polita da, baina beti izan da turismorako? Ez, hau fabrikaz beteriko herria izan da, gure nagusiek arrantza sektorean egin zuten behar. Gure amek fabriketan egiten zuten behar, Elantxoben berton. Gure aitak itsasora joaten ziren, kasu batzuetan andreek ere itsasora joan behar izan zuten, gerra garaian. Hori dena batzen da museoan. Proiektu xumea da, eta helburua hori da: elantxobetarrei eta hona datozenei gure herria zer izan den erakustea, jakinaraztea”.
Arbasoei egin dieten omenaldia ere bada. Eurei eskainitako museo txikia da, garrantzitsua baita haiek oroimenean izatea: “Iñigo Azkonaren Makuesak liburuaren hitzaurrean ere aipatzen dudan moduan, gure arbasoek egin dute gaur egungo Elantxobe, eta eurei egindako omenalditxoa ere bada hau”.
Abuztuaren 6an inauguratu zuten, eta elkarlanean eta lankidetzan egindako proiektua dela azpimarratu du alkateak: “Hirugarren Adinekoen Elkartearen, Iñigo Azkonaren eta Elantxobeko Udalaren elkarlana da. Azkonak aurkeztu zuen proiektua. Herri guztiaren proiektu bat izan da hau. Udalean gauden talde guztiok babestu dugu, herriko sektore asko egon dira tartean, eta baita Eusko Jaurlaritzako Itsas eta Arrantza Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia ere. Instituzioak, erakundeak eta jendea; denak daude proiektu honen atzean, eta ikuspuntu horretatik ere oso garrantzitsua da. Elantxobe bezalako herri txiki batean denok bat eginda halako proiektu politak aurrera ateratzea garrantzitsua da”.
Bost taula erakusleak testu, ilustrazio eta argazki zaharrez osatuta daude, eta Elantxobe arrantza portu gisa garatzeko funtsezko une historikoak islatzen dituzte.
Jatorria atalean herria nola eta noiz eraikitzen hasi zen azaltzen dute. Arrantza deiturikoan arrantza jarduerak jatorrietatik XXI. mendearen hasierara arte izan duen bilakaera jaso dute. “Gaur egun, zoritxarrez, arrantza sektorea maldan behera doa. Elantxoben fabrikak ere egon ziren, eta horiek desagertuta daude. Arrantza sektorea ekonomia oso indartsua izan zen Elantxoben, eta 2.000 lagunera arte ere bizi izan ginen”, dio alkateak. Kaiak, berriz, Elantxobeko portua nola eraiki zuten laburbiltzen du.
Bizimodua azken bost mendeetako elantxobetarren bizimodua azaltzen duen panela da, eta Emakumearen ekarpena deritzonak emakumeek historian izan duten egiteko garrantzitsua azaltzen du.
Makuesak
Museoan azaltzen den moduan, elantxobetarrak makuesak dira, baina “ez dago argi bere jatorria”. Ibarrangeluko elizateko bizilagun batzuk 1520an heldu ziren Elantxobera –1832an bereizi zen Ibarrangelurengandik–.
Arrantzaleek portuan osatutako kokalekua egin ostean sortu zuten kofradia, eta bertan arautzen zituzten patroien eta arrantzaleen arteko lan-harremanak eta maileguak ematen zituen ontziak hobetzeko, elikagaietarako, itsas salbamendurako, mediku laguntzarako… Era berean, arrantzaleek non, zer eta zenbat arrantzatu zezaketen zehazten zuen, eta lonjako salmentak kontrolatzen zituen.
1550 inguruan eraiki zuten Erriberako moila edo horma, lehenengo etxebizitzekin batera. Moila eraiki barik egon zenean, ontziak Erriberako moilatik altxatu eta jaisten zituzten, “esfortzu handiz”.
Patxi Egurrola (Elantxobeko alkatea): “Elantxobe izan dena eta Elantxobeko izaera museo batean batzea garrantzitsua da”
XVIII. mendea oso garrantzitsua izan zen Elantxobeko goraldian. Garai hartan, Euskal Herriko kostaldeko herriak “birpopulatu eta biziberritu egin ziren, eta Elantxobe da horren adibideetako bat”.
1781ean 31.000 dukadoko maileguari Ibarrangeluko elizateak emandako abalari esker, barne portuko obrei ekin zieten. Orduantxe eraiki zituzten iparraldeko dike zaharra, Tinglaua eta egun ez dagoen Txikito moila edo Lonjako moila.
1798an martxan jarri zuten lehenengo eskabetxe enpresa eta 1810ean eraiki zuten Bizentaneko moila. “Horri esker, barne portuak edo portu txikiak bere izaera hartu zuen”.
Baleak arrantzatzen
Kostako herri askotan modura, Elantxoben ere bale arrantzagaz hasi zen arrantza jardun antolatua. XV. eta XVI. mendeak izan ziren garairik oparoenak. Hala, XVI. mendean egurra oinarrizko osagaia zen baleontziak eraikitzeko zein zetazeoen gantzak urtzeko. Ibarrangeluko elizateak esleitzen zituen Ogoñoko herri basoetako egurra erabiltzeko baimenak.
Aurkitu duten dokumentazioaren arabera, 1547an, bisigua arrantzatzen zeudela, Elantxobeko arrantzaleek hildako balea bat aurkitu zuten Ogoñotik legoa gutxira. Bertan jasotzen denez, euren txalupetara lotu zuten Elantxobera eroateko, baina bidean Bermeoko arrantzale batzuek kendu zieten, “ur jurisdikzionalak zirela erabat sinisturik”.
Ogoñoko tontorrean zetazeoak begiztatzeko atalaia zegoen. Handik kea erabiliz abisatzen zieten txalupetako maestrei. Talaieroaren soldata Ibarrangeluko elizateak eta kofradiak ordaintzen zuen. “Gutxienez, 1631tik 1734ra arte iraun zuen lanbide horrek –tarteko etenaldi bategaz–”.
Baleen presentzia ez zen ohikoa, eta horregatik, Elantxobeko arrantzaleek sardinak, legatzak eta, batez ere, bisiguak arrantzatzen zituzten, sareekin eta amuekin. Hala ere, badaezpada, txalupetan eroaten zituzten arpoiak, estakak, odol ateratzaileak eta bale arrantzarako beharrezko erreminta denak.
Bale arrantza XVIII. mende erdialdetik aurrera gainbehera joan zen nabarmen, eta Elantxobek baxurako arrantza erregulatu behar izan zuen, 1755eko arrantzaleen kofradiako ordenantzen bidez. Ordutik aurrera, Elantxobeko arrantzaleek sardinak, bisiguak, hegaluzea eta antxoa arrantzatzera bideratu zuten euren jarduna.
Arrantza denborak kontrolatzeko seineroak erabiltzen zituzten. 1820 inguruan, urtero, hiru seinero zozkatzen zituzten txalupetako maestren artean. Horiek itsasoan zeudenean, eguraldi txarra ikusita edo lurreko seineroak –Ogoñotik edo Ibinagatik–abisatuta, portura bueltatu edo ez erabakitzen zuten.
Bestalde, XIX. mende erdialdetik aurrera, lurrun makinek erabat aldatu zuten itsas garraioa. Nabigazio sistema horren berri 1869an eduki zuten Elantxoben. Hala eta guztiz ere, erremutako egurrezko ontziekin eta belekin segitu zuten, eta 1905ean heldu ziren lehenengo baporeak herrira.
Aipatu moduan, emakumeen lana aitortzen du museoak, eta besteren artean, garai bateko kontserberen jardunari atal bat eskaini diote.
Elantxoben ere kontserba industriak loraldia eduki zuen, eta horietan lan egin zutenen argazkiak bildu dituzte museoan. Horregaz batera, sareginen lana azpimarratu gura izan dute. “Elantxobeko sareginek ezinbesteko lana egiten zuten arrantzako flotak aurrera egin ahal izateko antolakuntza prozesuan. Andrazkoen arrantza aktibitatea bigarren mailakotzat joa edo ikusezina izan da jendartearen begietara. Mendeetan, moilan postura behartuetan eta egurats gorrian, andrazko askok eta askok egin edo konpondu dituzte flotarako arrantza aparailuak. Lanbide oso feminizatua izan zen, marjinala askotan, herritar askorentzat ezezaguna eta lan legediarentzat ikusezina, atal askotan”.
Porturatzen zen arrain gehienak kontserba fabriketara bideratzen baziren ere, soberakinak herriko eta Ibarrangeluko andrazkoek erosten zituzten. Inguruko herrietan baserriz baserri saltzen zituzten edo trukeak egiten zituzten, Elantxoben ez zeuzkaten produktuak eskuratuz. Arrain freskoez betetako otzarak buruan eroaten zituzten Akordaraino eta Ereñoraino. Askok lanaldi luzeak egiten zituzten aldapetan gora eta behera.
Treotzarako andreak nortzuk ziren azaltzen da museoan. Itsasontzi guztietan zegoen halako bat; itsasoratzeko hornigai denak prestatzeaz arduratzen ziren. Hau da, erosketak egin, eta ontziak jan-edanez hornitzen zituzten. Horiek treotzaretan eroaten zituztelako hartu zuten izen hori.
Bestalde, gaur egun, uda garaian herriko zein eskualdeko herritar asko egoten da Elantxobeko portuan bainua hartzen. 36ko gerra aurretik, ostera, “pentsaezina zen” han bainatzea. Ondoren, gizonezkoak hasi ziren bainatzen, baina emakumeek galazota zeukaten, eta Lapatzara joaten ziren. “Arriskuagaz kokoteraino”, 1950ean udaletxe aurrean protesta egin zuten. Arrapalan eta lehenengo eta bigarren eskaileretan bainatu ahal izatea lortu zuten; gizonezkoak, bokaleko bietan egiten ziren, “uretan elkartzeko debekua” zeukatelako. XX. mende hasieran, gainera, andreek ezin zuten tabernan sartu, domeketako meza ostean salbu. Ogoñotik zetorren iturburuan, Puntalako iturrian garbitzen zituzten arropak, horixe zen euren “bilgune nagusietako bat”.
Enbatak
1912ko abuztuaren 12ko eta 13ko galernak ere badauka bere txokoa Tinglaupean. Hondamendi hartan 141 marinel zendu ziren. Gehienak bermeotarrak ziren arren, Elantxobeko Maria Luisa ontzia ere hondoratu zen, eta zortzi tripulatzaileak hil ziren.
XX. mende hasierako enbata hori ezagunena bada ere, aurretik beste hainbat gertatu ziren, eta horien ondorioak ere jaso dituzte. 1878ko apirilaren 20ko galernan Elantxobeko 39 herritar (bost txalupatan), Bermeoko 85 eta Mundakako 19 zendu ziren.
1894ko urtarrilaren 18koan, Elantxobetik itsasoratutako bederatzi ontzietatik zortzik lortu zuten lehorreratzea kostako leku desberdinetara. Nuestra Señora de la Antigua ontzia hondoratu, eta hamasei marinel hil ziren. 1895eko uztailaren 31n, Elantxobeko ontzi guztiak irten ziren hegaluzea arrantzatzera, eta San Ignacio de Loyola-ko hamar marinel hil ziren.
Patxi Egurrola (Elantxobeko alkatea): “Herri guztiaren proiektua da; sektore asko egon dira atzean”
Umeak, dribidxetan
Halaber, XX. mende hasieran umezaroa zelakoa zen ere azaltzen da museoan. Makuesen haurtzaroa arrantzari estu lotuta garatu da, zelan ez. XX. mende hasieran, umeak txiki-txikitatik gurasoei laguntzen ibiltzen ziren. “Hain txikitatik jasotako jakintzak izan dira umeentzat eskolarik onena”. Esaterako, sareetan zeuden antxoak askatzen ibiltzen ziren; dribidxe esaten diote behar horri. Hala, baporeak portura arrainez lepo heltzean, eskola itxi egiten zuten. Neskek amei laguntzen zieten kontserberetan eta mutilek, berriz, portuko eta itsasoko lanetarako prestatzen ziren.
Madalen Egunagatik Euskal Herrian ezaguna da Elantxobe. Herriko jaiei buruzko informazioa eta argazkiak ere jaso dituzte: San Pedroak (ekainaren 29), Karmengo Birjinaren eguna (uztailak 16) Madalenako Santa Maria (uztailak 22) eta Bariko San Nikolas (abenduak 6).
Kantauriko kostaldeko herri askotan bezala, Elantxobeko jai nagusiak sanpedroak dira, San Pedro baita arrantzaleen zaindaria. Garai batean, sanpedroetan kukaña eta zinga estropada egiten zituzten. Bariko San Nikolas, marinel eta arrantzaleen zaindaria da, eta izen hori dauka herriko kofradiak eraikitako elizak.
Uztailaren 16an herriko ontziak Ama Birjinagaz itsasoratzen ziren, eta senitartekoek itsasora loreak botatzen zituzten, itsasoan zendutakoak gogoratzeko. Gaur egun, tradizioa mantenduz, Ama Birjinagaz prozesioa egiten dute moilan, eta loreak itsasora botatzen dituzte. Besteak beste, Madalen Egunean, Elantxobeko alkateak Bermeokoari herriko aginte makila ematen diola kontatzen da museoan.