Ekonomia suspertzeko lankidetza sinatu dute Maierrek eta GMEk
Herriko merkataritza suspertu asmoz egin dute akordioa; Maierrek 50 euroko bonuak banatu ditu 2020an eta 2021ean bazkide lez 20 urte bete dituztenei
“Maierrek Busturialdean eta, zehazki, Gernika-Lumon trakzio-enpresa eta enplegu-sortzaile legez egin duen ibilbidea eta bere errotze maila dela eta, inplikatu egin gara eta inguruko zerbitzuen eta ostalaritzaren sektorearen ahalegina babestu dugu”. Hala adierazi du Maier Kooperatiba Elkarteko presidente Koldo Kortabitartek. Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkartearekin (GME) lankidetza hitzarmena sinatu du, herriko ekonomia lagundu asmoz.
Hala, Ajangizeko kooperatibak 50 euroko bonuak eman dizkie 2020 eta 2021 urteetan enpresan bazkide legez 20 urte bete dituzten kooperatibistei. Horrela, bazkideei antzinakotasuna aitortzeaz gain, enpresaren eta zerbitzuen arteko lankidetza-gaitasunaren erakusgarri ere bada adostutako hitzarmen hori. Hain zuzen, agerian jartzen du Maierrek bere inguruko suspertze ekonomikoagaz duen konpromisoa.
Bi erakundeen ikuspegi eta inplikazio sozialaren adibide ere bada adostu duten lankidetza hitzarmena. COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko konpromisoa erakutsi dute bai Maierrek eta baita GMEk ere. Azken horren dinamismoa agerian geratu da azken hilabeteetan, egoerara egokituz. Ekimen propioz, eta Gernika-Lumoko Udalarekin egindako akordioei esker, herrian bertan kontsumitzeko hainbat bonu ipini izan dituzte herritarren eskura, merkataritza eta ostalaritza kontsumoari lagunduz.
“Elkarlana da etorkizuna”. Maierrek ere ekonomia laguntzeko aukera ona ikusi du GMErekin egindako lankidetza. “Erosketa-bonuak sortzeko ekimenetan GMEk izan duen esperientzia eta ezagutza aukera ona iruditu zaigu, eta elkarteagaz batuta, herriko ekonomiaren aldeko gure bokazio dinamizatzaileari jarraituta elkarteagaz batu gara, Maierreko bazkide kooperatibista legez hogei urte bete dituztenen iraupena aitortzeko asmoz”, azaldu du Kortabitartek.
GMEko presidente Gaizka Muniategik ere lortutako akordioaren balorea azpimarratu du: “Geure ustez, elkarlana da komunitate legez etorkizunari aurre egiteko modurik onena. Maier eskualdeko enpresarik garrantzitsuenetako bat den moduan, bere proiekzioagatik eta, batez be eusten dion lanpostu kopuruagatik, Gernika-Lumon zerbitzuen, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreak tokiko enpleguaren proportzio garrantzitsua sortzen dau, eta horregatik da garrantzitsua industriaren eta zerbitzuen arteko sinergiak sortzea, tokiko kontsumorako pizgarrien bidez, lanpostuak mantentzeko eta gure jarduera sozioekonomikoa suspertzeko”.