Besalde Euskal Karabanarako jakiak batzen hasita dago
Iaz egin bezala, ez da bilketarik egingo eskualdeko supermerkatu eta dendetan. Hezkuntza zentroetara edo Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetara eroan daitezke elikagaiak.
Ohi legez, urtarrilagaz batera dator Besalde elkarteak (Bermeo Sahararen Alde) Sahararen alde egiten duen janari bilketa. Piztu itxaropena lelopean, Euskal Karabana mugiaraziko duten 18. aldia izango da. Aurten, hala ere, iazko formatuari eutsiko diotela jakitera eman dute antolatzaileek eta, beraz, aurten ere ez dituzte elikagaiak batuko eskualdeko denda eta supermerkatuetan.
Hain zuzen, elikagaiak Busturialdeko hezkuntza zentroetan batuko dituztela azaldu dute Besaldekoek. Interesa daukatenek urtarrilaren 21a (barikua) izango dute elikagaiak eroateko azken eguna. Beste alde batetik, aurreko urteetan egin modura, San Frantzisko elizako arkupeetan ere batuko dituzte jakiak hilaren 21a bitartean. Jakitera eman dutenez, arratsaldez hurbildu daiteke jakiak eroatera, 18:30etik 20:00etara.
Aurreko urteetan modura, Euskal Herriko herrietan honakoak batuko dituztela zehaztu dute Besaldekoek: arroza, egoskariak, pasta, azukrea, hegaluzea oliotan eta sardinak. Garbitasunagaz zerikusia daukaten produktuak ere bidaliko dituztela adierazi dute, konpresak, esate baterako, “kanpamentuetan produktu mota hori lortzeak daukan zailtasuna kontuan izanik”.
Elkarteak BBKn duen kontu korrontean aportazio ekonomikoak egin daitezkeela ere azaldu dute; eta informazio gehiagorako 635 72 50 62 telefono zenbakira deitu daiteke. Bildutakoagaz jakiak erosiko dituztela adierazi dute. Aldiz, Bermeoko Udalak ematen duen diru laguntza Euskal Karabanaren logistikarako (kamioiak erosteko, kutxak…) erabili ohi dutela gogorarazi dute.
Espero dute datorren urterako “COVID-19agaz dagoen arazoa konponduta egotea” eta kanpaina “betiko martxan” egin ahal izatea.
Elikagai falta asetxzeko. Besaldekoek eskualdeko herritarrek urte hauetan guztietan izan duten “harrera eta eskuzabaltasuna” eskertu gura dituzte. Era berean, aurton ere parte hartzera animatzen dituzte herritar guztiak. Iazko kanpainan 3.115 kilo jaki batu zituzten eskualdean, eta norbanakoen diru laguntzak ere jaso zituzten; 1.040 euro, guztira. Iazko aportazio ekonomikoa “inoiz baino handiagoa” izan zela esan zuten datuak eman zituztenean; “izan daiteke supermerkatuetan egon ez garelako”, adierazi zuten.
Beste behin ere Piztu itxaropena Sahararen aldeko Euskal Karabanaren helburu nagusia zein den gogora ekarri gura izan dute: Herri sahararrari ahalik-eta elikagai kopururik handiena eramatea, hain zuzen ere, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asetzeko: “Errefuxiatuen kokalekua eta eremu haren egoera bereziagatik, saharar errefuxiatuek Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizirik irauteko ezinbestekoa dute kanpoko laguntza. Saharar herriak 47 urte daramatza Aljeriako basamortu latzean, Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko zain. Basamortu horretan ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik, han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzagaz baino ez dira bizi”.
Otsailean abiatuko da Euskal Karabana; Alacanteko portuan ontziratu eta Tindufeko kanpamentuetaraino. Hala ere, oraindik ez dute eguna zehaztu, ezta nondik aterako den ere. Euskadiko Saharar Ordezkaritzak zehaztuko ditu bi gauza horiek aurrerago.