2021. urtearen balantzea ona izan da Bakearen Museoarentzat
2021eko apirilaren 1etik abenduaren 29ra bitartean 23.693 pertsonak bisitatu dute museoa
2020ko datuekin alderatuta, zifretan gora egin du Bakearen Museoak azken urtean. Pandemia aurreko datuetara ez da hurbildu –53.122 bisitari zenbatu zituen museoak 2019. urtean– baina balorazio ona egin dute arduradunek. Hain zuzen, 2021eko apirilaren 1etik abenduaren 29ra bitartean 23.693 pertsonak bisitatu dute museoa (13.065 bisitari izan zituen 2020an). Bisitari kopuruak, beraz, goranzko joera erakutsi du azken urtean.
Bisitariei Memoritour Gernikak biltzen dituen zazpi ibilbide gidatu eskaini die museoak; guztira 196 ibilbide egin dituzte 2021. urtean. Uztailean eta abuztuan egin zituzten gehienak: 42 uztailean eta 55 abuztuan. Horiez gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaini ditu Bakearen Museoak. Hala nola, erakusketa iraunkorra edota Gernikako bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroak eskaintzen duen aholkularitza profesionala. Online topaketetan ere parte hartu du joan den urtean zehar, proiektu berriak garatuz. Horien artean, aipatzekoa da MIGRAID proiektua, haurrak ardatz hartuta, gerretan laguntza humanitarioa aztertzen duena. Aipatzekoa da, baita, Gernika-Lumoko Bakearen Museoak memoria lekuetako bitartekarien I. Iberoamerikako topaketa antolatu zituela txileko, Peruko, Argentinako eta Mexikoko museoekin elkarlanean.
Museoko Hezkuntza sailak, bestalde, bi material pedagogiko prestatu ditu 2021. urtean: Gernikako bonbardaketari eta 36ko Gerrari buruzkoak, online egitekoak. Halaber, Fake Newsei buruzko tailer didaktikoa ere sortu du.
Aldi baterako hiru erakusketa, besteren artean. Hurrengo urteari begira ere hainbat proiektu ditu museoak. Eta aldi baterako erakusketei dagokienez, hiru aurreikusi ditu: Desegindako oroitzapenaren aurrean: memoria eta Gerra Zibila otsailetik apirila bitartean; Cecilia Zabaletaren Joaneko txartela, bere aitonak Winnipegen Txilera egindako bidaiari buruzkoa ikusgai ipiniko dute apirila eta iraila bitartean; eta Haurrak eta laguntza humanitarioa erakusketa hartuko du museoak iraila eta abendua bitartean.
Aldi baterako hiru erakusketa horiez gain, bi erakusketa bibliografiko berri ere aurreikusi ditu museoak: Atzerriko parte-hartzea Gerra Zibilean eta Prentsa Gerra Zibilean.
2022an, gainera, Gernika bonbardatu zutela 85 urte beteko dira, eta urteurren horren harira ere hainbat jarduera antolatuko ditu museoak.
Orain, otsailaren 2ra arte itxita egongo da museoa, urteko mantenu lanak egiteko.