Muruetaren desanexioaren 35. urteurrena ospatu dute
Herri kontsulta "historiko" baten ostean, Murueta, Foru, Kortezubi eta Nabarniz Gernika-Lumorengandik desanexionatu ziren 1987ko abenduaren 21ean.
Duela 35 urte, abenduaren 21ean, Murueta, Foru, Kortezubi eta Nabarniz Gernika-Lumorengandik desanexionatu ziren, herri kontsulta «historiko» bat egin ondoren. Muruetak lehenengoz ospatu du herriarentzako «egun handia» izan zena. Atzo arratsaldean udaletxean egin zuten ekitaldi xume batean Muruetako alkate Julen Karrionek eta desanexioaren garai hartan herriko auzo alkate izan zen Bittor Olabarriagak parte hartu zuten.
«Garai historiko» hartako lekukotza idatzia egin du Olabarriagak eta liburuxka batean jaso dute. Aipatu liburuxka atzoko ekitaldian aurkeztu zuten, eta herritar guztiek jasoko dute etxeetan. Jakitera eman dutenez, Karrionek eskatuta egin du lana Olabarriagak, eta prozesua «laburtuta» kontatu duela dio. Olabarriagak diploma bat jaso zuen, «une latz haietan egindako ahaleginagatik, inplikazioagatik eta ausardiagatik».
Denak «batera» tiratu. Karrionen esanetan egun «garrantzitsua eta historikoa» izan zen herri kontsultaren eguna: «Bertan parte hartu zuten pertsonek erabaki garrantzitsu bat hartu zuten, garai hartan ez zelako erraza izan. Lan asko egon zen eta jende ausarta ere. Eurei esker da Murueta gaur egun herri independentea».
Murueta harriz-harri egindako herria dela dio Karrionek, eta sokatiran egiten den moduan, herritar denak «batera» tiratzen dutela nabarmendu du: «Muruetako belaunaldi berriok ere herriaren alde gogor borrokatu behar dugu orain arte borrokatutakoagaz jarraitzeko eta etorkizuna bide horretatik eraikitzeko. Gure helburuak elkarlana, konpromisoa, integrazioa eta talde lana dira. Taldean lortu zuten Murueta herri independentea izatea, eta taldean jarraitu behar dugu Murueta herri hobeago baten alde».
Muruetar izateagatik «harro» sentitzen da Karrion, eta eskertuta dago Murueta herri aske, euskaldun eta langile modura ezagutu duelako.
Olabarriagak gogoratu zuen, 1966ko abenduaren 1ean erregimen frankistak Muruetaren existentziagaz amaitu zuela; «mapamundu guztietatik desagertu zen gure herria». Muruetagaz batera, Kortezubi, Nabarniz, Foru, Ajangiz eta Arratzuko udaletxeetako ateak zarratu eta artxiboak Gernika-Lumoko Udalaren esku utzi zituztela aipatu du.
Hiru hilabeteko epea. Erregimen frankista amaitzean, demokraziarekin «arnasa» hartu zutela gogorarazi du. Hala, anexioaren menpeko zenbait herri errebelatzen hasi ziren; «herri udaldun bezala, berezko nortasuna aldarrikatzen hasi ziren». Muruetarren esperientziak ere orduan hasi zirela dio, borrokak askotan sekretuan egiten zituztela aipatuta. Kontatzen duenez, mugimendua Foruko gazteen artean sortu zen, eta Gernikan desanexioarena gazteen mugimendu bat moduan ikusten zutela esan du. Komunikabideetan ere gaiak presentzia hartu zuen: «Autoritateak anexionatutako herrien aldeko irudi baikorra ematen saiatu baziren ere, eguneroko lana guztiz aurkakoa zen eta prozesuari oztopoak ipintzen saiatzen ziren».
Akordioetara heltzeko Gernikako Udalak hiru hilabeteko epea jarri zuela gogorarazi du Olabarriagak, baina sei herrien artean «ez ziren ados» jartzen. Hala, sei herrietatik lauk desanexio prozesuarekin aurrera egitea erabaki zuten (Murueta, Forua, Kortezubi, Nabarniz), eta aldundian aurkeztu zuten Gernikako Udalarekin lortutako akordioa, geroago egin zuten prozesua Arratzuk eta Ajangizek.
Beranduago, aldundiak herri bozketa bat egiteko data batzuk proposatu zituen. Muruetan, dioenez, «zaila» zen egoera: «Ordura arte herriak ekonomikoki bakarrik ezin zuela aurrera egin esaten ziguten. Hala ere, herriotarako ikerketa bat egin zuten eta horretan ondorioztatu zen Muruetak posible zuela herri independente bezala aurrera egin. Informazioa, baina, herritarrek nigandik jaso zuten bozketa baino hilabete lehenago, ez zen inor etorri datuak ematera. Herritar guztiak batu nituen eta ikerketako datuen berri eman nien. Pentsatzeko modua aldatu zuten».
Bozketa egunean, Muruetako herriak baietz esan zuela jakitera eman du; «Murueta herri independentea izan gura genuen eta ez Gernikako auzo bat». Egun «handia» izan zen. Beste hiru herrietan ere desanexioaren alde agertu ziren.
Herria «hazten» ikusi duelako pozik agertu da Olabarriaga: «Dena herri osoari esker». Lehen lerroan lan egin duten alkate eta ordezkari guztiei eskerrak emateko aprobetxatu du.
Olabarriagak uste du, gainera, gainontzeko herriek ere ospatu beharko lukeen eguna dela, egun «handia eta garrantzitsua» izan zelako lau herrientzat. Proposatu du urte bakoitzean herrietako batean denak batera ospatzea.