Lehen arreta bermatzea eskatu diote Osakidetzari
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetan elkarretaratzeak egin dituzte langileek, eta hainbat herritar eta eragilek bat egin dute.
Osasun langileek bizi duten eegoera salatzeko eta “berehalako konponbide errealak” eskatzeko, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko. Osakidetzako Lehen Mailako Arretako osasun-zentro guztietan batu dira 13:00etan, eta herritarrek zein zenbait eragilek deialdiekin bat egin dute.
Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera “jasanezina” dela diote sindikatuek, bai langileentzat, bai herritarrentzat, eta pandemiak are gehiago tenkatu duela “lehen ere hilzorian zegoen” asistentzia-maila horren egoera. Arazoak egiturazkoak direla azpimarratu dute, eta egungo osasun-krisia baino “askoz sakonagoak eta zaharragoak”. Hala ere, pandemiak kolektiboaren lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia-kalitatea “are gehiago prekarizatzeaz” gain, Osakidetzak murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko “aitzakia” bihurtu duela salatu dute. “Horrek guztiak, planifikaziorik, errefortzurik eta inbertsiorik ezarekin eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan-karga handitzearekin batera, soken aurka jarri du Lehen Mailako Arreta. Lehen Arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID-19arekin egiturazko defizita estaltzen jarraitzen du”. Baliabide materialak eta profesionalak falta direla adierazi dute.
Aipatutako “arazo larriak” konpontzeko Eusko Jaurlaritzak ez duela pausorik eman zehaztu dute. Lehen Mailako Arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat beharrezkoa dela uste dute: “Premiazkoa da Lehen Mailako Arretan dauden larriak konpontzea: aurrekontua handitzea EBren parera iritsi arte (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira); aldi baterako milaka langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea”.
Eako, Natxituako eta Bedaronako bizilagunek ere deialdiagaz bat egin dute, eta udalerriko kontsultategi aurrean batu dira. Jokoan osasuna dagoela azpimarratu dute. “Gaur egun jendearen erantzukizuna, denon zeregina dela eta halako diskurtsoak asko zabaldu dituzte. Denon artean konpondu beharko dugu, baina bakoitzak bere ardurak eta eginkizunak ditu, eta administrazioak gutxienez bi ditu: norabidea definitzea eta langileen baldintzak duintzea. Oso erraza da esatea erantzukizuna norbanakoena dela, baina horrez gain, profesionalak falta badira, administrazioari dagokio irtenbidea aurkitzea”. Zentzu horretan, administrazioak planifikazio bat behar duela agerikoa dela deritzote: “Zergatik ez dago behar den planifikazioa? Benetan gabezia badago, administrazioak planifikatu beharko du. Planifikatzea ez dagokigu herritarroi, Osakidetzari dagokio”. Esan dituzte langileei babesa erakusteko eta gaurko agerraldiekin bat egiteko “mila arrazoi” dituztela, euren premiei irtenbidea emanez gero, herritarrei ematen dieten zerbitzua hobetuko dela nabarmendu dute.
Lehen arreta behar den moduan ematea “aspalditik” daukaten eskaria dela gogora ekarri dute Ean. “Gure medikua Lekeitioko osasun zentroko arduraduna da, eta hemengo beharretik kentzen du ardura horietarako behar duen denboraren zati bat”. Atzo, adibidez, mezu bidez jakinarazi zieten kontsultategia itxita zegoela: “Ez dakigu zergatik, arrazoirik ez digute eman. Lehen arretan gauzarik sinpleenetan daude zuloak”.
Udalerrian ia %30 da 65 urtetik gorakoak, eta telefono bidezko hitzorduak ere hizpide izan dituzte gaur: “Nagusion kasuan osasun premiak handiagoak izaten dira, eta horretarako behar den asistentzian beste era bateko hartu-emana behar dugu, dudarik barik. Adibidez, telefono bidezko arreta barregarria da”.