Bermeoko historia postala dakar Aitor Goitiak bere lehen liburuan
'Personajes e industria de un pueblo marinero' liburua kaleratu du bermeotarrak. XIX. eta XX. mendeetako historia filatelikoa landu du eta herriko historiagaz uztartu du.
Personajes e industria de un pueblo marinero liburua kaleratu du Aitor Goitia Kortazar bermeotarrak. Bermeotarraren lehen liburua da, eta gehienbat Bermeoko historia postala aurki daitekela dio, XIX. eta XX. mendeetakoa, hain zuzen ere.
Bermeotik kanpora edota Bermeora iritsitako gutunak eta postalak bildu ditu liburuan Goitiak, «aurkitu» dituenak. Liburuaren atzean «nahikoa» lan dagoela aipatu du: «Bilaketak egin behar dira, eta nor den nor ere jakin behar da». Hala, beste batzuen artean, Bermeotik Ameriketara joandakoen gutunak bildu ditu eta Espainiako gerra eta gerra karlistetako hainbat dokumentu ere badaude liburuan. Herriko industriak ere lekua baduela aipatu du.
Jakitera eman duenez, orain kaleratu duen liburua 2019an Arrantzaleen Museoan ikusgai jarri zuten erakusketa batean dago oinarrituta: Bermeoko historia postala. XIX-XX mendeak. Dioenez, lehenengo pentsatu zuen erakusketa jartzea, eta gerora etorri da liburua. «Espainiako lagun batzuek mota honetako liburuak egiten dituzte, eta hala animatu naiz ni ere. Hemen ez da sekula horrelakorik egin, hemendik kanpora bai, ordea».
Historia filatelikoa lantzen duen liburua dela zehaztu du, eta herriko historiagaz uztartu du; «normalean, filatelia baino ez da joaten liburuetan, ni, baina, zehaztasun gehiagotan sartu naiz. Izan ere, liburu filatelikoetan ez dira gutun barruko gauzak aztertzen edo zein zen gutuna idatzi zuena. Horrek ez dauka garrantzirik filateliko batentzat. Nik, baina, nire liburuan lekua eman diot horri ere».
Lehenik eta behin piezak aurkitu behar dira, eta gero ordenatu eta sailkatu egin behar dira. Gainera, aztertu egin behar du zein den zein: «Normalean, filatelian tarifak eta zigiluak ikusi eta aztertzen ditugu. Zehaztasun guztiak biltzen ditugu: zigilu markak, motak…».
Bilaketak artxiboetan, herriko liburuetan… egin izan dituela aipatu du; «hala jakin ahal izan dut nor den nor, nahiz eta zaila den denak bilatzea».
Argentinatik Bermeora idatzitako gutun bat nabarmendu du bermeotarrak: «Han txarto pasatzen daudela azaltzen dute gutunean, eta bueltan etortzeko gogoa daukatela. Ez naiz gai izan nortzuk diren aurkitzeko, Argentinan dauden bermeotar batzuek Bermeon bizi diren gurasoei bidalitako gutuna dela baino ez dakit».
Lan horretarako XIX. eta XX. mendeetako gutunak bildu baditu ere, aurreragokoak biltzea ere gustatuko litzaioke; «zer edo zer bilatzen baldin badut bai, behintzat», esan du. Hala eta guztiz ere, zaila dela aipatu du: «Beti nabil bilatzen, baina ez da erraza izaten, gehienak apurtuta daudelako edo galduta».
150 orrialde ditu liburuak, eta horren baitan, 100 gutun inguru bildu ditu Goitiak. Momentuz, Bermeon bakarrik aurkitu daiteke liburua, Luma liburu dendan; «Bermeoko gauzak izanda liburuan agertzen direnak, momentuz hemen jartzea pentsatu dut. Ez dut uste beste herrietakoek interes nabarmenik eduki ahal dutenik».
Zaletasunez. Gaztelaniaz idatzita dago liburua, baina azaldu du euskarara itzultzea gustatuko litzaiokeela. Erakusketa, berriz, elebiduna izan zela gogorarazi du.
Arrantzaleen Museoan jarri zuen erakusketara «jende nahikoa» joan zela dio, ez daki, baina, liburuak izango duen harrera: «Jendea ez dago ohituta gauza honeetara, uste dut ez dagoela filatelia munduarenganako zaletasun handirik, gero eta gutxiago dago, gainera».
Filatelia munduan zaletasunez hasi zela gogoratzen du, institutuan zegoela lagun batzuekin batera. «Mundu honetan sartuta gaudenok zaletasunez aritzen gara ia gehienak. Gutxi batzuek lan egiten dute honetan». Eta liburua «gustura» idatzi duela nabarmendu du, eta «pozik» dago emaitzagaz. Bermeoko bilduma egiten hasi zenetik hiruzpalau urte izango direla zehaztu du.
Beste zerbait ere badauka buruan, Bizkaiko tinbre fiskalen katalogoa egitea, hain zuzen ere. «Horretaz ez dago ezer eginda. Nafarroako tinbre fiskalen katalogo bat bai badago eginda aspaldi, baina ez, ordea, Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoa». Ideia hori buruan badauka ere, material asko falta duela aipatu du: «Denbora behar da, ikusiko dugu zelan doan».