24 orduko Arinkatean, joko paralinpiko inklusiboen alde
Atletismo egokituan diharduten atletak 24 orduz erreleboka aritu dira, eta munduko marka ezarri dute. Markel Arano natxituarrak parte hartu du erronkan.
Atletismo Egokituko Basauriko Bertako Igogailuak – Javi Conde klubeko kideek 24 orduko Arinkatean proba egin dute asteburuan, Basauriko Artunduaga Kiroldegiko pistan, eta munduko errekorra lortu dute. Horixe zen euren helburua, eta lortu dute; 290.3 kilometroko marka ezarri dute.
Lehenengoz, atletismo egokituan diharduten atletak 24 orduz erreleboka aritu dira. “Menpekotasun fisikoa, intelektuala, ikusmenekoa edota garun-paralisia daukaten 10 eta 63 urte bitarteko atletek orain arte ez zuten eurek bakarrik 24 orduko errelebokako probari egin”.
53 atletak parte hartu dute, tartean Markel Arano natxituarrak. Zapatuan [abenduak 18] 13:00etan hasi zuten erronka, eta atzo ordu berean amaitu zuten. Arano 06:00etatik 07:00etara aritu zen arineketan, gutxi gorabehera 12 km egin zituen.
Antolatzaileen berbetan, “oso hunkigarria da atleta guztiak dena ematen ikustea”, gazteenetik zaharrenera. Horien ilusioa azpimarratu dute: “Eguzkiagaz, hotzagaz eta gauean haizeagaz, bakarrik egon zirenean ere inork ez zuen hutsik egin. Atzerapauso eta kexa bakar bat ere ez zen egon, ilusioa bakarrik”.
Joko paralinpiko inklusiboen aldeko ekimena izan da asteburukoa: “Mugimendu paralinpikoak jasaten dituen injustizia historikoekin amaitzeko momentua da. Desgaitasun intelektuala daukaten kirolariak zergatik daude hain gutxi ordezkatuta? Olinpiar jokoetan merezi duten lekua edukitzea nahi eta eskatzen dugu. Era berean, Down sindromedun kirolariek olinpiar jokoetan euren kategorian lehiatzea nahi dugu. Guk dena ematen dugu, eta IPC, Espainiako Paralinpiko Batzordea, CSD, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioa eta federazioak mugitzen hastea nahi dugu. Egiazko olinpiar joko inklusiboen alde benetan lan egitea nahi dugu”.
Era berean, elkartasuna ere protagonista izan da. La Palma uharteko Brisas El Paso atletismo klubari 2.903,65 euro emango dizkio klub bizkaitarrak.
Horrela, kanariar atletei babesa eta elkartasuna erakutsi dizkiete: “Beti lagundu diezaiekegu ondo pasatzen ari ez direnei. Bertako-Javi Conde atletismo klub egokituaren filosofiaren parte da. Kirola ez da gizarte aberatsen kapritxo bat. Kirola gizarte baten osasuna eta garapena neurtzeko tresna bat da”.
Azaldu dute atletismo pista 3 metroko errauts geruzaren azpian geratu zaie, eta bertara joateko errepideak labak estali ditu. “Entrenatzeko islaren beste leku batera joaten dira, errautsen eta gas toxikoen ondorioz, euren bailaran ezinezkoa delako. Zoritxarrez, atleta guztiek ezin dute entrenatzan jarraitu, etxerik barik geratu direlako eta lekualdatu egin behar izan direlako”.