Nerea Ibarzabalek jantzi du Bizkaiko txapela
Markina-xemeindarra Jone Uriarekin batera heldu da buruz burukora; Moises Enbeita muxikarraren eta Joseba Etxebarria larabetzuarraren ardura izan da aurten irabazleari txapela janztea
Emakume batek jantzi du oraingoan ere Bizkaiko txapela. Bertsolari txapelketaren finalean, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak egin du saiorik borobilena, eta Onintza Enbeita muxikarrak orain arte zuen titulua hartu du. Bizkaiko txapelduna da Ibarzabal.
Irabazlea iragartzerakoan bere izena entzutea “sorpresa” izan zela aitortu du markina-xemeindarrak: “Negarrez hasi nintzen, eta hainbat gauza etorri zitzaizkidan burura. Baina, batez ere, oso maitatua eta esker onekoa sentitu nintzen”. Txapela beretzat eta gaur egun dagoen lekuraino heltzen lagundu diotenentzat dela dio Ibarzabalek, izan bertsokide, bertsozalego zabal eta feminista, babesa adierazi dioten lagunak eta familia… “Maite dudan jende guztiarena, hor eusten nautenena”. Txapelketetan baxu sentitzen diren momentuak ere badaudelako, egun txarrak eta norbere burua zalantzan jartzekoak. “Eta egun horietan ere hor egoten dira. Horiek denek osatzen dute txapel bat, eta nirea haientzat ere bada”.
Udazken honetako parte. Emakume bat zen Bizkaiko txapelaren jabe zapatura arte, eta beste emakume batek jantzi du orain. “Azken urteetan presentzia indartzen gabiltza, eta txapelketetan oso argi ikusten da, parte-hartzaileen kopuru aldetik alde nabarmena dagoen arren. Emakumezkoak ere finalera heltzen gara, final parekideak sortuz, aurkezten diren neskak maila oso onekoak direlako. Pozgarria da. Udazken honetako azken txapelketa izan da Bizkaikoa. Nafarroan ere emakume batek jantzi du txapela (Saioa Alkiza) eta Xilaba bertsulari txapelketan buruz burukora heldu zen Miren Artetxe. Olatu eder bat izan da, eta ikusi dugu lehen plazan maila ona erakutsi izan duten emakumeek finaletan ere zein ondo egin duten. Udazken honetako parte izatea oso polita da niretzat”.
Ia 4.000 pertsonaren aurrean kantatu dute finalista izan diren zortzi bertsolariek. Busturialdetik, Onintza Enbeita muxikarra (2018ko txapelduna) eta Aitor Etxebarriazarraga gernikarra izan dira gaur oholtza gainean. Lea-Artibaiko ordezkariak izan dira Ibarzabal bera eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra. Azken horrek laugarren postua eskuratu du gaur, 507,5 punturekin.
Enbeitak eta Etxebarriazarragak ez dute Lea-Artibaikoek besteko saio ona egin gaurkoan. Puntuazioaren arabera, bosgarren izan da Enbeita (489,5) eta zazpigarren Etxebarriazarraga (484).
Moises Enbeitaren eskutik. Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita muxikarra izan dira 2021eko bertsolari txapelketan irabazleari txapela janztearen ardura hartu dutenak. Lehenegoz lagun bik jantzi diote txapela Bizkaiko irabazleari. Muxikarra da Enbeita, eta Bertsozale elkartean egindako lana aitortzeko eman diote gaurkoan enkargua. “Iñurru bi handi” direlako elkartearen barruan, pozez hartu dute gaurko lana.
Enbeitak berak esan bezala, ohore handi bat izan da beretzat. “Elkartean meritudun jendea egon badago, eta nire buruari ez diot meriturik onartzen inori txapela janzteko, baina norbaitek balioan jarri du nik egindako lana, eta ikusi du gauzak ondo egin ditudala”. Talde lana azpimarratu du, eta izan duen aukeragatik eskertuta dago muxikarra.