"Boteretsuek kontrolatu dute historia beti, inon ez da kontatzen herriaren historia"
Torrealdai aholkularitza enpresa sortu zuen Torrealdaik, eta enpresak eman dion esperientzia eta jakintzatik abiatuta hiru liburutan banatu duen ensaioa idatzi du gernikarrak.
Enpresa gizona izandakoa, idazle lanetan ari da gaur egun Jose Antonio Torrealdai (Gernika-Lumo, 1945). Trilogia bat izango denaren lehenengo liburua kaleratu du: Las tres leyes de la naturaleza humana. Bigarrena ere idatzita dauka eta datozen hileetan egingo du aurkezpena. Hirugarrena idazten ari da orain. Azken hori 2022ko udan aurkeztea espero du.
Nondik datorkizu ensaioak idazteko beharra?
Zortzi urte eman nituen Derioko seminarioan, eta hiru ikasturtetan filosofia ikasi nuen. Orduz geroztik, gai filosofikoek erakarri naute. Hala, erretiroa hartuta hasi nintzen etxean ditudan 8.000 liburutik gora errepasatzen eta haietatik ateratako ideiak materia ezberdinetan sailkatzen. Orduan pentsatu nuen liburu bat idaztea. Orain bost urte ekin nion horri eta 800 orrialde atera zitzaizkidalez, hiru liburutan banatu ditut.
Zer kontatuko duzu hiru liburu horietan?
Lehenengoa gizateriaren historiari eta giza izaerari buruzkoa izango da, zergatik garen garen modukoak. Bigarrenak gaur egungo egoera aztertuko du, eta XXI. mendeko demokrazia eta neoliberalismoa aurrez aurre ipiniko ditu. Hirugarren liburuan, berriz, hezkuntza dut hizpide; hau da, hezkuntzatik gizartea hobetzeko zer egin genezakeen aztertzen dut.
Lehenengo liburuan gizakiaren jarrerak aztertzen dituzu. Pertsonen portaerak kezkatzen zaitu?
Bai, eta hiru gauza planteatzen ditut: nondik gatozen, non gauden eta nora goazen. Hain zuzen, nondik gatozen hori da lehenengo liburuan azaltzen dudana eta lehenengo galdetzen dudana da zergatik garen garen modukoak. Hortik abiatuta, hiru lege bereizten ditut, eta horien eraginez garela gaur. Bizirautekoa da lehenengo legea: jatekoa, aterpea eta ugalketa. Behin hori lortuta, gure beharrak areagotu egiten dira, duguna baino gehiago gura izaten dugu, eta horrek berekoi bihurtzen gaitu. Indarrarena da bigarren legea. Gizakiaren historian gizonek menderatu dute emakumea, indartsuagoak direlako. Gizonezkoen artean ere berdin; indartsuagoak menderatu du ahulagoa. Hirugarren legea da etengabeko poztasun ezarena. Daukanarekin konforme dagoen inor ez dut ezagutu, eta denok nahi dugu gehiago. Hiru lege horiekin azaldu dezakegu gure historia. Gutxi batzuk kontrolatzen dute orain munduko ekonomia. Boteretsuek kontrolatu dute historia beti, diruak eta botereak mugituta. Baina kulturaren eta ezjakintasunaren kontrola ere izan dute. Inon ez da kontatzen herriaren historia, konkistatzaileen eta erregeen historia baino ez dago liburuetan. Erlijioa ere beraien intereserako erabili dute historian zehar, eta horrekin posible egin dute herriak menderatzea ejerzitoen inolako beharrik gabe.
Liburuan planteatzen dituzun hausnarketak hurrengo belaunaldientzat lagungarri izango direla uste duzu?
Bai. Liburu hau gazteentzat da. Ni ez naiz gaztea, eta hemen planteatzen ditudanak nire hausnarketak dira, baina hirugarren liburuan azaltzen dut hezkuntza nolakoa izan beharko litzatekeen. Eta lortu behar den lehenengo gauza da gazteek irizpide kritikoa edukitzea, ikastetxeetan gaur egun irakasten ez dena. Hau da, irakasleek edo norbaitek esaten duena zalantzan jartzen eta hausnarnartzen irakatsi behar zaie, pentsatzen irakatsi behar zaie, pentsatu behar dutena esan beharrean. Beraiek ikasi behar dute interpretatzen. Eta ikuspuntu kritikoa edukitzeko historia ezagutu behar da eta ulertu zergatik garen garen modukoak. Eta trilogiaren bigarren liburuan azalduko dut zelakoa den mundua gaur egun, kapitalismoak zelan funtzionatzen duen eta zergatik, eta demokrazia zer dan eta zergatik dagoen kapitalismoarekin talkan.
Hezkuntzak lortu beharko luke gazteek irizpide kritikoa izatea
Gainera, gaur egun kultura desberdinak alkarregaz haztea garrantzitsua dela diozu.
Garrantzitsua ala ez, gizonak agintzen du beti. Gaur egun emakumeak ere beren eskubideen alde ateratzen dira kalera. Gizon asko ez daude konforme gizartea aldatzearekin, batez ere eskuin muturreko pentsamoldea dutenek. Baina aldaketa beharrezkoa da, eta normalizatu egin behar da gizartean gizonek eta andrek botere berdintasuna izatea. Aldaketa gura dugunok gehiengoa garela ohartzen bagara, gure egoismoa elkartasun bihurtuko da gehiengo horrekiko, emakumea orain gure alboan dagoelako. Hori da mezua, gizonak eta emakumeak elkartuta gehiengoa direla.
Mundua emakumeen begiradatik eraikiz gero, desberdina izango litzatekeela uste duzu?
Bai, noski. Gerrak beti izan dira botere gehiago izateko, eta beti izan dira gizonezkoak gerrak eragin dituztenak, ez emakumeak. Esklabutza eta klasismoa ere gizonezkoek ezarri zituzten, gehiengoa mendean hartzeko. Erlijioarekin ere, ezin daiteke umezaroan irakatsi edo inposatu, adin horretan oraindik ez dutelako izpiritu kritikorik, ezta hasnartzeko gaitasunik. Nor bere kabuz pentsatzen irakatsi behar dugu, eta norberaren hautua izan behar da, zerbait pertsonala. Gure gazteei hori irakasteko gai bagara mundua ere aldatuko da.
Gainera, gaur egun kultura desberdinak alkarregaz haztea garrantzitsua dela diozu.
Bai, eta asko lagunduko du horrek etorkizunean. Nik ez nuen baltz bat ikusi 30 urte izan arte. Bestalde, unibertsitatean zientzzia ekonomikoak ikasten ari ginen 300 gizonezko eta 10 emakume, eta beste kulturetako inor. Gaur egun eskoletan herrialde ezberdinetatik etorritako umeak daude, eta euren harremanak normalizatuta daude. Hori abantaila handia da gizartearentzat, dibertsitatea zertan azaldu ez da, umeek eurek bizi dutelako. Garrantzitsua da, baita, beste kulturak errespetatzea eta besteei ere eskatzea gurea errespetatzeko.
Gizarte utopiko batean sinisten duzu: denok bat izango garen gizartea.
Sinistu baino gehiago, horretan askotan pentsatu eta horrekin amesten dut.
Eta inoiz posible izango dela uste duzu?
Nik uste dudana da horren alde lan egiten badugu denborarekin lortu daitekeela, baina horren alde ezer ez badugu egiten seguru kale egingo dugula. Bidea egiteko dago, helburua zein den badakigu, baina hara heltzeko lehenengo pausoa eman behar dda, bidea bilatu. Liburu hau pentsatzeko eta hausnartzeko da. Irakurtzeko eta nork bere ondorioak ateratzeko, baina zerbait lortzeko mugitu beharra dago.