1783ko Bermeo, jaiotza bihurtuta
Luis Pareten 'Vista de Bermeo' margolana birsortu du Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak, eta urtarrilaren 9ra bitartean ikusgai dago antzinako kofradian.
Bizkaiko Belenzaleen Elkartearen Vista de Bermeo jaiotza ikusgai dago Bermeoko antzinako arrantzaleen kofradian. Jaiotza Luis Paretek 1783. urtean egindako margolanean oinarrituta dago.
Iaz egin zuten lana, eta Bilboko Itsas Museoan jarri zuten ikusgai. Orain, Bermeon dago aipatu jaiotza ikusteko aukera. Oraindik ikusi ez dutenek urtarrilaren 9ra arte izango dute horretarako aukera.
Bizkaiko Belenzaleen Elkarteko presidente Jesus Cursbelek esan duenez, gauza askogaz gertatzen den modura, jaiotza hori egitea ere «ustekabean» sortu zen: «Asturiaseko kideekin egon ginen, eta hango margolari baten lana birsortu zutela esan ziguten. Hangoak izan zuen arrakasta ikusita, kide batek proposatu zigun antzerako zerbait egitea, eta hala sortu zen». Hortaz, Pareten Vista de Bermeo lana da Bizkaiko Belenzaleen Elkartekoek egindako lehenengo birsorkuntza. «Oso gustura» geratu zirela dio: «Oso zorrotzak gara elkartean eta, hortaz, 10etik 8 bat emango nioke».
Jaiotzaren atzean lauzpabost hilabeteko lana dagoela aipatu du; bi edo hiru pertsonen artean egindako lana da. Forespanez eginda dago, eta badauka ere poliuretano-aparrezkoa: «Harri naturalez egindako moldeak dauzkagu, eta kopiatu egiten ditugu poliuretano-aparrezkoa erabilita. Lehen harriak zizelkatzen genituen, orain, baina, beste erara egiten dugu, lanak pisu gutxiago eduki dezan».
Zailena, figurak. «Ematen ez badu ere», zailtasunik handiena figura edo piezetan dagoela nabarmendu du: «Piezak baditugula begiratu behar dugu margolana birsortu baino lehen. Hala, margolana birsortzeko orduan, hori da kontuan hartzen dugun lehenengo gauza». Piezak enkargatu behar baldin badituzte, prezioek gora egiten dituztela azaldu du: «14 zentimetroko pieza berri bakoitza 160 eta 200 euro artean ibiltzen da. Kontuan hartzekoa da pieza originalak eskatzen ditugula, guk geuk bakarrik izateko; hau da, eskultore batek egiten ditu piezak guretzat. Zenbat eta figura handiagoak, prezioak ere garestiagoak». Vista de Bermeo jaiotzak 25 pieza handi daramatza eta dozena bat txikiagoak. Dirua, jaiotzak jartzeagatik kobratzen duten «gutxiagatik» lortzen dutela adierazi du.
Tamaina aldetik, egiten dituzten jaiotzak Bermeon ikusi daitekeenaren «oso antzekoak» direla zehaztu du, lau metro ingurukoak edo ematen dioten gunera egokitutakoak: «Handiagoekin arazoak edukitzen ditugu normalean erabiltzen ditugun estrukturekin, batez ere, argiteriarekin». Gogoratzen du handiena Bilboko Erribera Merkatuarentzako egin zutela, sei metrokoa. «Europako jaiotzarik handiena eduki gura zuten, eta Europakoa, agian, ez, baina Bizkaiko handiena bai izan zen. Kasu horretan, esan bezala, arazoak eduki genituen argiteriagaz, nahiz eta gure trikimailuak edukitzen ditugun».
Muntaia egun oso batean egin zuten Bermeon, hala ere, sei lagun ibili ziren. Bermeon jaiotzaren muntaia beste modu batera egin behar izan dutela esan dute; «ohikoena izaten da geratuko den lekuan muntaia egitea. Kasu honetan, atzean egin behar izan dugu muntaia, gero errailak jarri eta ondoren aurreratu. Hortaz, ikara apur bategaz ibili gara, baina ondo geratu da. Gainera, barruan eta kanpoan ez zen berdin ikusten. Barruan ikusten genituen zenbait gauza kanpotik ez ziren nabaritzen».
Cursbele harrituta geratu zen Bermeon jendeak jaiotza ikusterakoan bazekielako zein lanetan oinarrituta zegoen; «uste dut gustukoa izaten ari dela».
Urtarrilean, erakusketa guztiak kendu eta elkarteak duen lokalean sartzen dituzte kontu handiz; piezak beira-arasatan jartzen dituzte, material elektrikoa gainbegiratzen dute, ordenatu egiten dute… Martxoan hasten dira lan berria egiten. «Urte guztiko lana izaten da, nahiz eta jendea gugaz azaroan eta abenduan akordatzen den».
Zaletasunez egiten dituzte jaiotzak: «Ni neu 14 urtegaz hasi nintzen jaiotzak egiten, eta taldeko gehienak horrela hasi ginen». Jaiotzak, gainera, «gero eta arrakastatsuagoak» direla aipatu du. Aurten, esaterako, bederatzi erakusketa dauzkate jarrita Bizkaian. Oviedon (Espainia) ere bat daukatela esan du Cursbelek, «laguntza eskatu ziguten».
Jaiotza bat opari. Bermeon jartzeko «ikusgarria» izan zitekeela irudituta, herrira ekartzeko ahaleginak egiten hasi zirela esan du Bermeoko kultura zinegotzi Alazne Zumetak. Hala, Bizkaiko Belenzaleen Elkarteagaz harremanetan jarri ziren.
«Pozik» daudela esan du Zumetak: «Gustura gaude emaitzagaz, polita da eta oso ikusgarria da. Bermeoko irudia izanik, gauza polita da gure herrian ikusgai edukitzea. Espero dugu arrakastatsua izatea».
Udalak jakitera eman duenez, Bizkaiko Belenzaleen Elkarteak Bermeoko Udalari Gizarte eta Kultura Etxean erakusgai jarri den jaiotza oparitu dio.
Vista de Bermeo egin duten lehen birsorkuntza lana izan da. Aurretik, egondako lekuen argazkiak edo gustuko dituzten txokoen argazkiak birsortzen zituzten.
Aurten egindako lanagaz ere «pozik» daude. Pareten beste lan bat birsortu dute: Vista del Arenal deitutakoa. «Zoratuta» daudela, eta dagoeneko datorren urtekoan pentsatzen dabiltzala nabarmendu du: «Bat amaitu eta hurrengoan pentsatzen hasten gara». Datorren urtean Pareten margolanak birsortzen jarraituko dute, ziurrenik Vista de Portugalete izango dela esan du.