"Hamazazpi egunetan bost kilo galdu nituen"
EITBko 'Baserria' saioa irabazi duen Asier Alegria Bermeoko baserritarrak esan du jende izugarria aurkitu duela saioan. Saria txapelketa irabaztea izan dela dio, ekonomikoari begiratu barik.
Telebistan domekan ikusi genuen garaipena, zuk, baina, noiztik dakizu?
Ekainean amaitu genituen grabaketak, hortaz, ordutik.
Gogorra izan al da garaipena isilean eroatea?
Norbaiti esan nion finalean nengoela, baina ez irabazi nuenik, galderak saihesteko, asko ziren galdezka hurbiltzen zirenak eta. Lagunak eta baserritarrak urduri zeuden, eta asko galdetzen zidaten. Lagunak diren arren, bati esaten badiozu, badakizu zabaldu egiten dela. Asko pentsatu barik eroan dut denbora honetan guztian garaipena isilean.
Zer nolakoa izan da esperientzia?
Esan beharra daukat jende izugarria aurkitu dudala saioan, lagun asko egin ditut, batez ere, taldeko jendea. Nire esfortzua baloratu dute, asko erakutsi didate. Benetan, lagun onak egin ditut; benetako jendea zen, faltsukeriarik barik. Talde urdinekoak gorrira etorri zirenean ere, ez nuen arazorik eduki, Edurnegaz oso ondo konpondu nintzen. Programaren aldetik, baina, esperientzia apur bat eskasa izan da. Esaterako, behartu egin gintuzten bikotea aldatzera. Uste dut ikusleriari begira egon direla, eta ez zegoen lekutik ateratzen saiatu izan dira. Zenbait momentutan presio handia sumatu nuen, eta psikologikoki gogorra izan zen. Gainera, gero, eztabaidetan jendea ikusten nuen tontokeriak esaten. Batzuek berba egiten zuten jakin barik barruan zer pasatzen zen, baina beste batzuek, berriz, bazekiten barrukoa, eta edozer esaten zuten, nahiz eta jakin irabazlea nintzela. Bai ezagutzen nauenak eta baita ere barruan ezagutu nauenak, badaki, bikotea aldatu beharrak ez didala mesede egin publikoari begira.
Tania bikoteagaz, zelan?
Beti izan dugu harreman ona. Dueluetan, intentsitatez jokatuta eta nik ahotsa altua izanik, gogor hitz egiteagatik entzun beharra eduki dut. Baina lehiako momentuak horrelakoak dira, inoiz ez da gure artean berba txarrik egon, ezta ere errespetu faltarik.
Sariagaz pozik?
Bai, antzina kobratuta badago ere. Joan nintzenean esan nuen irabazten banuen nire ordez baserriko lanak egiten ibili zenari emango niola, eta hala egin dut. Neskalaguna ibili zen nire eguneroko lanak egiten, eta berari eman diot saria. Ni baserritik bizi naiz, beste lehiakide batzuk ez, ordea. Baserrian bizi bai, baina beste lan bat daukate. Niretzako saria txapelketa irabaztea izan da, ekonomikoari begiratu barik.
Zerk bultzatuta joan zinen parte hartzera?
Iazko saioko finalera joan nintzen nire aitagaz, alokairuan eskatu zizkiguten idiak. Han egonda, interesgarria iruditu zitzaidan, eta hala komentatu nion aitari ere. Orduan, aurtengo saiorako probak egin zituztenean, bideoa bidali nuen, eta aukeratu egin ninduten. Uste dut iazko finala naturalagoa izan zela. Aurten, ikusleriari begira, beste modu batekoa izan da.
Zenbat egun egon zineten grabaketa lanak egiten?
Hamazazpi egun izan ziren handik atera barik. Baserritik kanpo egoteko niretzat egun asko, inoiz ez naiz astebete baino gehiago baserritik kanpo egon. Etxeko ardurak nituen buruan. Gogorra izan zen, hamazazpi egunetan bost kilo galdu nituen. Gainera, gure taldekoak galtzen hasi ginen lauzpabost egun, eta ogitartekoa eta sagarra baino ez genituen jaten; gosetuta geunden.
Garaipena familiari eskainitakoa dela esan duzu.
Hala da, bai. Etxekoei, gurasoei batez ere, baina baita ere aitona-amonei, eurek ere indar handia daukate baserrian eta. Duela hamabost urte inguru baserriak ez zuela bizitzeko ematen uste zen, eta baserritik kanpo lanera joaten ziren asko eta asko. Niri, baina, gurasoek utzi egin didate horien lanagaz jarraitzen. Nik lan hori gustukoa nuen eta aitak ere laguntza behar zuen. Gaur egun, baserritik bizi naiz %100ean. Gauza bat da txapelketan irabazten den dirua, eta bestea momentuan sentitzen duzuna, eta eurak etorri zitzaizkidan burura.