Elkartasunetik harago doan otzara
Beste urte batez, Elkartasun zozketa antolatu du Harrera elkarteak Gabonetarako; dohaintzan hartutako hainbat produktu bildu dituzte, eta otzara betetzeko, eta abenduaren 31n egingo dute zozketa.
Elkartasun zozketa da Harrera elkarteak urtero Gabonetarako antolatzen duena. Dena den, elkarte horren eta inguruan dituen herritarren elkartasuna zozkatzen duten otzara horretatik harago doa. Izan ere, 2012. urtean sortu zenetik, espetxetik atera diren presoei kanpoko bizimodura eta egunerokotasunera moldatzen laguntzen die, hainbat urte gatibu egin ostean bizi dituzten «muturreko egoerak» gainditzen laguntzeko.
Arrotza egiten zaien bizimodura eta aldatuta aurkitu duten ingurunera moldatu behar izaten dute, eta aholkularitza eta laguntza emateko lanean ari dira elkartekoak. Hain zuzen, arlo juridiko eta administratiboan izan ditzaketen zailtasunak gainditzen laguntzen diete. Osasun arloan ere, espetxean ez dituzten psikologoak, optikoak, dentistak eta beste profesional batzuenagana heltzen laguntzen diete. Era berean, kalera irten barri bizirauteko laguntza ekonomikoa ere jasotzen dute preso ohiek elkarteari esker. Hala, hasierako laguntza gisa, 1.400 euroko diru sarrera bermatzen diete lehenengo hilabeteetan. Gero, subsidioa jasotzen hasten direnean, Diru-sarrera Bermatzeko Errenta betetzerainoko laguntza hartzen dute preso ohiek elkartetik.
Baina kaleratzean, kanpoko bizimoduari berrekitea da preso ohien nahia, eta lana bilatzea dute helburu. Horretan ere laguntzen du Harrerak, «bizimodu duin bat izateko lanpostu bat beharrezkoa» delako. Gaur arte, 200 pertsonari lagundu die lana bilatzen, baina zailtasunak ere ugariak direla diote elkartekoek, «lanpostu gehienak behin-behinekoak dira-eta».
Pentsiorik gabe. Aurrerantzean gehituko zaien arazo bateanere arreta jarri nahi du Harrera elkarteak. Izan ere, espetxean emandako urteak gaur egun ez baitira ezelan ere kontuan hartzen pertsona horien pentsioetarako. «Hainbat urte ematen dituzte ezer kotizatu gabe, eta erretiroa hartzerakoan ez dute pentsio duin bat jasotzeko beste».
Gaur egun 3.000 bazkide baino gehiago ditu Harrera elkarteak. 2020. urtean, adibidez, 200.000 eurotik gorako gastuak izan zituen). Azken urteotan 500 pertsona baino gehiagok hartu dute Harrera elkartearen laguntza, eta horrek 1.800.000 euroko gastua suposatu du.
Eskuzabaltasuna. Azkenaldian, gainera, gero eta gehiago dira aske uzten dituztenak edo hirugarren gradua lortzen dutenak. Horien denen beharrei erantzuteko, elkartasuna baino gehiago erakusten duen otzara prestatu dute. Juan Calzada kaleko 5. zenbakiko lokalean erakusleihoan ipini dute ikusgai, eta berau osatzeko produkturen bat edo beste eman duten denen eskuzabaltasuna eskertu dute; baita lokala erabiltzen uzteagatik ere.
Otzararako zenbakiak Arrano, Ospa, Picasso eta Lagun Etxea tabernetan dituzte salgai; eta elkarteko boluntarioek ere saltzen dituzte. Abenduaren 31n egingo dute zozketa, 13:30ean, Arrien inguruan.