Gerniskatik Euskal Herrira
'Reggaean jarrai' kaleratu dute auzolanean, Euskal herriko beste 35 kolektibo eta 14 musika talderekin batera; 12 kanta biltzen dituen LPa da.
Kalean da 2019. urtean abiarazi zuten proiektua: Reggaean jarrai. 14 musika taldek eta 35 kolektibo inguruk parte hartu dute proiektuan, eta horietako bat izan da Gernika-Lumoko Gerniska Rudelari taldea. Pello Ortiz de Eribek esan bezala, ideia zoro bat moduan hasi zena esku artean duten LP bihurtu dute. “Proiektuaren ideia zen erakustea gaur egungo euskal jamaikar eszena oso potente dagoela”, aipatu du. Eta 12 hazbeteko lan mardula kaleratu dute. Horrekin batera, egunkari formatuko insert handia ere atera dute, irri egiteko eta hausnarketarako bide emango duena. “Jamaikako istorioak, anekdotak eta beste biltzen dira bertan, baita fake newsak ere, seriotasuna kentzeko. Satira erabili dugu, eta nahiko interesgarria da”. Gerniska Rudelarik ere idatzi ditu horretarako zenbait testu eta artikulu.
Reggaeren munduan eszenarik ez dagoelaren fama horrekin apurtu nahi izan dute. Ortiz de Eribek dioenez, “ez da oso famatua, ez gara mainstreameko kateetan ezta egunkarietan agertzen den eszena bat. Undergroundetik edo auzolanetik sekulako indarra dugun arren, ez gara oso ezagunak. Agian beste musika estilo batzuk askoz ere sona handiagoa dute, baina euren eszenak indar gutxiago du. Kontzertu gutxiago ematen dituzte urtean”. Beraz, euskal reggaeak duen indarra eta kohesioa erakusteko modua da Reggaean Jarrai. Horretarako, zerbait probokatzailea egitea lortu dute, zeresana emateko helburuagaz, erakusteko Euskal Herri mailan eszena oso indartsu dagoela. “250 pertsonak parte hartu dugu eta ez da betere erraza kohesio bat mantentzea eta ideak bateratzea. Helburu bera izan dugu eta lortu dugu egitea, emaitza oso polita izan da”.
Biniloan atera dituzte abestiak, “gure eszenan selector edo DJ asko ditugulako kontzertuak emoten. Horiek, betiere, biniloa erabiltzen dute lanerako eta biniloa da euren lanaren oinarria”, azaldu du. LPak, beraz, beraien helburuak betetzen dituela esan du Gerniska Rudelari taldeko kideak: “Esku artean edukitzeko zerbait izatea nahi genuen, zerbait fisikoa, saldu ahal izateko; baita ere, selektorrek pintxatzeko edo kolektibo bakoitzak erabiltzeko modukoa, jaietan pintxatzeko bada zein interneten edo irratsaioetan”.
Salgai dagoeneko. Durangoko azokan izan dute saltzen, Pantx Recordsen eskutik. Diskoetxe hori izan da, nolabait, taldeen akuilu lana egin duena. Landutako musikari erreparatuz gero, propio egindako grabazioak dira, Euskal Herriko musika jamaikar erara eroanda. “Kantak hiru formatu desberdinetan sailkatu daitezke: herriko kantak direnak, XIX. mendeko autoreenak eta modernoagoak direnenak, Xabier Lete edo Fermin Balentziarenak, kasurako”. Horietan guztietan reggaeak biltzen dituen estilo desberdinak landu dituzte: ska, rocksteady, Skinhead Reggae…
Reggaean Jarrai lana eskuratzeko Gerniska Rudelari taldeari egin behar zaizkio eskariak; bai taldearen sare sozialak erabiliz (Facebook eta Instagram) edo mezua bidalita helbide elektroniko honetara: rudelarigerniska@gmail.com.