Udalak hiru desfibriladore ipini ditu Elantxoben
Desfibriladoreak San Nikolas elizaren aterpean, portuan eta Oleta auzoan ipini dituzte. Atxurkulu Mendi Taldearen eskutik, bihotz-biriketako bizkortze ikastaroa emango dute zapatu goizean, Gorgonio Renteria Kultur Etxean.
Elantxobeko hiru gunetan desfibriladoreak ipini ditu udalak: portuan, Elizabarrin eta Oleta auzoan.
Atxurkulu Mendi Taldeak horiek zelan erabili behar diren ikasteko formakuntza saioa antolatu du zapaturako [abenduak 18]. Gorgonio Renteria Kultur Etxean emango dute bihotz-biriketako bizkortze ikastaroa, 10:30etik aurrera.
Atxurkulu Mendi Taldeko kidea den Leire Zubiaga medikuak emango du formakuntza. Larrialdi egoeraren bat gertatuz gero, herritarrek zelan jokatu behar duten azalduko du. “Uste dugu denontzat interesgarria dela. Ekipamenduak edukitzea bezain garrantzitsua da zelan erabili behar diren jakitea, eta noiz erabili jakitea. Udalagaz lankidetzan erabaki genuen formakuntza eskaintzea. Behar den momentuetarako jendeak gutxieneko ezagutzak edukitzea, eta jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren jakitea oso garrantzitsua da”, esan dute mendi taldearen ordezkariek.
Patxi Egurrola Elantxobeko alkatearen berbetan, udalaren lehentasunetako bat izan da desfibriladoreak eskuragarri izatea. “Denon asmoa eta ideia zen desfibriladoreak herrian ipintzea. Udalaren lehentasunetako bat zen, eta osoko bilkuran aho batez hartutako erabakia da. Bihotzeko arazoetan lehenengo minutuak oso garrantzitsuak dira; halako egoerak edo arazoak gertatu izan dira, eta orain, herritar denek eskura dauzkate desfibriladoreak. Derrigorrezkoa zela ikusten genuen. Argi geneukan, hiru eremu horietan ipini behar genituela. Bizkaiko Foru Aldundiari esker lortu dugu hirurak ipintzea; auzotar guztiek minutu batean eskura daukate desfibriladore bat”.
4.000 bat euroko inbertsioa egin du udalak. Aldundiaren azpiegituretarako diru-laguntzaren parte bat bideratu dute zerbitzu honetara.