Enbeita: "Nire buruari eskatuko diot gozatzeko eta egiten dakidana ondo egiteko"
Saioarekin disfrutatzeko asmoz joango dira Busturialdeko finalistak Bilbora; Moises Enbeita muxikarrak jantziko dio txapela irabazleari, Joseba Etxebarria larrabetzuarrarekin batera.
Zortzi bertsolari igoko dira zapatuan Bilbao Arenako oholtza gainera, eta horietako lau Lea-Artibai eta Busturialdekoak izango dira. Aitor Etxebarriazarraga gernikarra eta Onintza Enbeita muxikarragaz batera ariko dira Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra, Aitor Bizkarra abadiñarra, Etxahun Lekue larrabetzuarra, Gorka Pagonabarraga durangarra eta Jone Uria getxoztarra.
Enbeita da 2018ko Bizkaiko Bertso Txapelketan txapela jantzi zuena, eta zapatuan berak egiten dakiena ondo egiten saiatuko dela esan du: «Zapatuan txapela jartzen dut jokoan sinbolikoki, horrek dakarren guztiarekin. Baina saiatuko naiz horretan ez pentsatzen». Bere buruari zera eskatuko dio: «batez ere, gozatzea, eta egiten dakidana ondo egitea».
Finala oso zabalik dagoela uste du. «Urte askotan ibili garenok ikasi dugu finalari eusten, eta gazteek dakarte freskura bat eta, zentzurik onenan, lotsabakotasun bat guk dagoeneko ez daukaguna».
Etxahun Lekue larrabetzuarra eta Enbeita dira zortzi finalisten artean txapela jantzi dutenak; 2016an izan zen Lekue irabazle, eta buruz burukora heldu zen Galletebeitia ere.
Nerea Ibarzabal Bizkaiko Bertso Txapelketako finalista izan zen 2016an eta 2018an.
Aitor Etxebarriazarraga, aldiz, lehenengoz heldu da finalera. Dioenez, «ez zen helburua finalera heltzea. Lehenengo fasetik hasi nintzen txapelketa honetan. Urtebete baino gehiago luzatu da zorionez eta behin finalera helduta, gozatzea dut helburu». Egunean bertan izan ditzakeen tentsioa eta emozioa aurretiaz barneratzen saiatuko da, «han nagoela gozatzeko, ofizioz ofizio, bertsoaz, egongo den giroarekin…».
Moises Enbeitari aitortza. Bi ataletan banatuko da finala; lehenengoa zortzi bertsolariek jokaatuko dute, eta bi pasatuko dira buruz burukora. Bi horietako batek jantziko du txapela, eta horren ardura izango du aurten Moises Enbeita muxikarrak, Joseba Etxebarria larrabetzuarrarekin batera. Lehenegoz lagun bik jantziko diote txapela Bizkaiko irabazleari, eta horrekin «talde lana azpimarratu nahi» dutela azaldu du Enbeitak. «Sorpresaz» hartu du enkargua, eta ilusioarekin beteko duela esan du. «Ohore handi bat da niretzat. Elkartean meritudun jendea egon badago, eta nire buruari ez diot meriturik onartzen inori txapela janzteko, baina norbaitek balioan jarri du nik egindako lana, eta ikusi du gauzak ondo egin ditudala». Enbeitak esan du Joseba Etxebarria eta bera direla momentu honetan elkartean denbora gehien daramatenak, «baina atzean talde handi bat dago: antolatzaileak, epaileak, gai-jartzaileak, eragileak…». Talde lana azpimarratu du, eta zapatuan izango duen aukeragatik eskerrak eman beharrean dagoela dio.
15:30ean zabalduko dira zapatuan Miribillako ateak, eta sasoiz joateko eskatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian edo egunean bertan txarteldegian eros daitezke, 12:30etik aurrera.