UNICEFek 75. urteurrena ospatu du gaur Gernika-Lumon
Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gernikako arbolaren ondoan egin dute ekitaldia. UNICEFko ordzkariekin batera bertan izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea.
Duela 75 urte abenduaren 11n sortu zen Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa (UNICEF). Ordutik, “nekaezin” lan egiten du haurren eta nerabeen eskubideen alde eta haur bakoitzaren ongizatearen alde, “nor den eta non bizi den kontuan hartu gabe”.
Ekitaldia egin dute eguerdian Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gernikako Arbolaren ondoan. Horretan parte hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak, Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko Presidenteak eta Maria Iglesias UNICEF Euskal Herriko Batzordeko Gazte Aholkularitza Taldeko ordezkariak.
Azaldu dutenez, tokian bertan izandako esperientziak “milioika haurren eta haien familien bizitza salbatzen, babesten eta bultzatzen” lagundu du, krisi humanitarioek, gatazka armatuek eta hondamendi naturalek kaltetutako 191 herrialde eta lurralde baino gehiagotan, aliantza konprometituen eta berrikuntzarako grinaren bidez. Gaur egun, UNICEFen misioa COVID-19ak haurtzaroan eta nerabezaroan dituen “ondorio suntsitzaileak iraultzea da”, baita haur eta nerabe bakoitzaren etorkizunari erantzutea, berreskuratzea eta berriz irudikatzea ere.
“Zuen hazia erein duzue eta fruituak ematen dituzue mundu osoan zehar, Gernikako arbolak egiten duen bezala, lege justuak, pertsona guztien askatasuna eta hitzaren eta elkarrizketaren balioa ordezkatzen baititu, jende guztien arteko ulermen onerako. 75 urte horien ostean, UNICEFek sustrai sendoko sare bat du, lur osoan hedatua, eta haren adar sendoek babesa ematen diete pertsona behartsuenei eta kalteberenei, haurren bizitza aldatuz eta egonkortasuna eta bakea emanez”, esan du Otaduik.
Elezgaraik aipatu du UNICEF sortu eta 75 urtera, “haurren eta nerabeen eskubideen krisi larri baten aurrean” gaudela. Hala, lehentasunezko lau lan lerro nabarmendu ditu: haur guztientzako txertaketa; hezkuntzaren digitalizazioa; osasun mentalean inbertitzea; eta krisi klimatikoari aurre egitea. “Lau lehentasun horiek lortzeko, ibilbide orririk onena dugu esku artean: 2030 Agenda eta haren Garapen Iraunkorrerako 17 helburuak, haurren eta nerabeen eskubideak sustatzen dituztenak. Gaurtik aurrera, euskal gizartetik ekintza koordinatu eta berehalakoa indartzen eta bultzatzen jarraitu nahi dugu, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta munduko haur eta nerabeak atzean gera ez daitezen”.
Iglesiasesk, berriz, UNICEF Euskal Herriko Batzordeko Gazteen Aholku Taldeko kide den aldetik, parte hartzeko eskubidearen garrantzia nabarmendu du: “UNICEFek gure ahotsa altxatzeko, parte hartzeko eta iritzia emateko aukera ematen digu. Gizarte honetako subjektu aktiboak garela eta gure iritziak ondo entzun eta kontuan hartzen direla sentitu nahi dugu. Gure ustez, haurren eta nerabeen ongizatea bermatzea ezinbesteko baldintza da 2030 Agenda betetzeko”.
Lehendakariak eman dio amaiera ekitaldiari. Unicefen lana, ekarpena eta konpromisoa eskertu eta aitortu ditu. Azaldu du Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Euskal Lege berriak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren printzipioak bermatuko dituela. Lehendakariak nabarmendu nahi izan ditu, halaber, UNICEFekin batera landu dituzten eta lantzen ari diren proiektuak: “Ibilbide honetan egin duzuen ekarpena, erakutsi duzuen borondatea eta praktikan jarritako elkartasuna goraipatzekoa da. Bat gatoz UNICEFek 75 urte hauetan izan duen helburuarekin: mundu osoan haurren eskubideen eta ongizatearen alde lan egitea”.