SOM-HIk antolatuta Bego Olaizolak hitzaldia eskainiko du Bermeon
'Gales eta biok. Hizkuntza, kultura eta erronkak' hitzaldia eskainiko du Olaizolak eguenean [abenduak 16].
Gales eta biok. Hizkuntza, kultura eta erronkak hitzaldia antolatu du SOM-HI Bermeoko katalanen elkarteak. Azaldu dutenez, Bego Olaizola izango da hizlaria.
Hitzaldia eguenerako antolatu dute; 18:30ean hasiko da Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean.
Bego Olaizola Elordi hizkuntzen zalea dela azaldu dute antolatzaileek. Euskal Filologian lizentziatua eta Hizkuntzalaritza aplikatuan masterduna dela jakitera eman dute, gainera. Lanbidez, hizkuntza eta historia irakaslea Orioko Herri ikastolan.
“Bizitzak hainbat jende, kultura eta leku ezagutzera eraman zuen, eta ziurrenik horregatik kultura ezberdinek, txikiek edo ezkutatuek, batik bat, eta bertakoen hizkuntzek eta arazoek betidanik erakarri izan dute. Zaletasun hauek gaztetatik hizkuntzen aldeko mugimendutan parte hartzera bultzatu zuten (lehena, Acció cultural del País Valencià) eta baita hizkuntza eta kultura ezberdinen artean zubilanak egitera, eta hizkuntza eta mundu ikuskera ezberdin horiek erakustera “, azaldu dute SOM-HIkoek.
Haurtzaroa Logroñon eta nerabezaroa Valentzian eman zituen eta 18 urterekin Euskal Herrira itzuli zen. Euskal Filologia ikasletak egiten ari zela AEKn lanean hasi zen. Laupabost urte helduen irakaskuntzan murgilduta zegoela egoera diglosikoan zeuden hizkuntzen irakaskuntzaren alorrean gehiago sakontzeko gogoak beste hizkuntza bat zerotik ikastera eraman zuen. Hala, 1988an Irlandan egon zen eta 1989an Aberystwyth hiriko Galeseko Unibertsitatean ikerlari lanetan hasi zen hizkuntza gutxituen datu basea sortzeko xedez abiatu berria zen Mercator proiektuan. Bertan eman zituen bi urte haietan Galeseko gizarte galesdunean murgildu eta herri mugimenduetan parte hartu zuen, hizkuntzaren aldeko mugimenduan (Cymdeithas Yr Iaith) batik bat. Euskarazko klaseak ere eman zituen unibertsitatean eta haietako ikasle batzuk egun euskaraz moldatzen dira. Urte guzti hauetan, bi herrien arteko harremanak hauspotzeko ekimen ugaritan parte hartu edo sustatu ditu (Ras yr Iaith, Galeseko Korrika, egunkari digitala galesez…). Zeregin hauengatik Y Gorsedd-ek, Galeseko kultur kontseiluak, Druida urdina izendatu zuen 2019an.
Zenbait argitalpen ere baditu, honakoak aipatu dituzte: Colloquial Basque, A Complete Language Course, ingelesaren bidez euskara ikasteko metodoa, Alan R King euskaltzain urgazlearekin batera eginikoa eta Ikastolen Elkarterako DBH maila guztietako Ostadar saileko euskara eta gaztelania arloetarako prestaturiko zenbait unitate didaktiko. Baita ere artikulu eta elkarrizketa ugari galesez, Euskal Herria eta euskararen inguruan, edota euskaraz eta gaztelaniaz Kataluniari buruz.