Siriako arazoak siriarren artean konpondu behar direla uste dute Bermeon egon diren emakume kurduek
Egoera politikoaz, emakumeen egoeraz eta kulturaren eta hizkuntzaren garrantziaz aritu ziren Bermeon Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioan lan egiten duten hiru emakumeak.
Bermeoko Sorginorratz Talde Feministak antolatuta, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioan lan egiten duten emakume kurduez osatutako ordezkaritza bat Bermeon egon zen atzo [abenduak 10]. Hain zuzen ere, Nariman Evdik, Rawda Hasan eta Manal Mohammad bertaratu ziren Kabidxera bermeotarrei azalpenak ematera. Horiekin batera, itzulpen lanak egiten ibili ziren Orsola Casagrande Bermeon bizi den kazetari italiarra eta Guevara zine zuzendaria. Izan ere, hiru hizkuntza erabili zituzten atzokoan: kurdera, turkiera eta gaztelera.
Egoera politikoaz, emakumeen egoeraz eta kulturaren eta hizkuntzaren garrantziaz aritu ziren Bermeon.
Azaldu dutenez, Durangoko Suargi gobernuz kanpoko erakundeak, Durangoko Udalak eta Eusko Legebiltzarreko zenbait legebiltzarkidek gonbidatuta etorri dira Euskal Herrira. Kobaneko liburutegiari buruzko Hala ere liburua eta dokumentala aurkeztu zuten abenduaren 6an Durangoko azokan. BERRIArekin elkarlanean eginda daude biak. Bermeon asmoa zeukaten dokumentala jartzeko, baina arratsaldea luzatuko zelakoan beste egun baterako utzi dute. Atzo, emakume kurduak hemen zeudela aprobetxatuta, euren kontakizunak lehenetsi zituzten.
Emakume kurduek Euskal Herrira egindako bisita aprobetxatu dute Gazteizko eta Nafarroako Parlamentuetako ordezkariekin batzeko, baita ere kultur eragile desberdinekin batzeko.
“Oso harrera” ona izan dute eta “pozik” daude. Nabarmendu dute ezaugarri komun asko dituztela Euskal Herriarekin, bertoko kultura eta hizkuntzagaz; “oso identifikatuta sentitu gara”.
Gogorarazi dutenez, 10 urte daramatzate erreboluzio prozesu batean, eta honekin batera eratutako administrazioak nazioartean “ez direla” aitortuak izan aipatu dute; Kataluniako Parlamentuaren aitortza izan zuten orain dela gutxi, ofizialki aitortu dute Administrazio Autonomoa, bai eta orain dela 15 egun Durangoko Udalak ere. “Gasteiz eta Nafarroako Parlamentuetako ia talde guztietako kideek ere konpromisoa agertu digute. Mozioak aurkeztuko dituztela esan digute gure administrazioak aitortzeko”. Hala ere, diotenez, gizarte mailan konturatu dira aitortuak direla.
Erreboluzio prozesua 10 urte badaramatzate ere, oraindik ere, mehatxupean bizi direla nabarmendu dute; “militarra eta ekonomikoa”. Aipatu dutenez, Administrazio Autonomoak hartutako ereduak “ikara” eragiten du herrialde zapaltzaileengan; horiek ahaleginak egiten dituzte modu anitzetan eredu hori zapuztu eta borrokatzeko. Gure hizkuntza eta kultura suntsitzen ahalegintzen dira”. Siriako presidente Baxar Al-Assad berriz aukeratu dute 2028ra arte, hortaz, gogorarazi dute ordura arte erregimen horren mehatxupean eta egoera horretan jarraituko dutela.
Uste dute Siriako arazoak siriarren artean konpondu beharrekoak direla, “elkarrizketaren bitartez eta kanpoko interferentzia barik”. Argi daukate hori dela “aukera bakarra”. Siriako Gobernuari eskatu diote Autoadministrazioak aitortzeko, baita ere kurdera hizkuntza ofizial modura aitortzeko. Gobernuak, baina, proposamenak errefusatu egin ditu; “astean kurdera emateko bi ordu baino ez dizkigute onartu”.
Administrazio Autonomoak sorreratik bultzatzen ditu kultura eta hezkuntza, nahiz eta gerran eta Estatu Islamikoaren eta Turkiaren mehatxupean dauden 2014tik. Agintean egon diren gobernuek ukatu dizkieten kulturak berpiztea dute helburu. Mesopotamia aipatu dute; “eskualdea ezaguna izan zen bertako herrien aniztasunagatik eta milaka urtez elkarrekin modu baketsuan bizitzen jakin zutelako”. Datorren urtera begira Kultura Ministerioak 12 kultur jaialdi antolatu dituela jakitera eman dute, “kultura eta hizkuntza guztiek lekua izateko”. Erbestean dauden idazleei eta artistei ere dei egin diete.
Hezkuntza ere “berritu” egin dutela aipatu dute; “kultura desberdinei lekua emateko”. Zinema eta Antzerki Fakultate bat zabaltzeko lanetan ere badabiltza.
Hizkuntzagatik galdetu zioten bermeotarrek. Esan zutenez, “harrituta” daude hemen jende askok euskaraz hitz egin eta ikasten duelako. Siriako Iparraldean, Rojavanen, lanean ari dira euren hizkuntza berreskuratzeko; “hezkuntza sisteman ere ezarri gura dugu, baina ibilbidearen hasieran baino ez gaude. Hizkuntza berreskuratzea gure kultura berreskuratzeko lehenengo pausoa da”. Gogorarazi dute, baina, euren lurraldean ez direla bakarrik kurduak bizi, siriarrak eta arabiarrak ere badaudela. Hortaz, hezkuntza sistema hiru hizkuntzatan eskaintzea aurreikusten dute. Lurraldea lau zatitan banatuta egonda, bakoitzak bere kurdua garatu du, desberdina da: “Hizkuntza bateratua sortzeko zenbait lan egiten ari dira”.
Emakume kurduen egoeragatik ere interesa agertu zuten bermeotarrek. “Gizarte feudal batean bizi gara eta emakumeek arazo ugari zituzten. 2005ean, baina, emakumeen kongresua sortu genuen. Ordutik gizartea aldatzeko lan egiten dugu. Arazo eta oztopo ugari izan ditugu baina lanean jarraitzen dugu. Gizartea aldatzeak denbora asko eskatzen du. Garrantzitsua da emakumeak antolatuta egotea, nabari egiten da non dauden antolatuta eta non ez”.