Gizarte bazterketan daudenentzako kirol materiala batuko dute
Ekimen solidarioa Gou trainingek abiarazi du; Bermeon eta Mundakan, baina, Urdaibai Eskubaloi Taldea arduratuko da materiala batzeaz.
Gaur bertan Urdaibai Eskubaloi Taldeak jakitera eman duenez, Gabonei begira ekimen solidario batean parte hartuko dute. Aipatu ekimena Gou trainingek abiarazi badu ere, bilketa puntuetako bat izango da bertoko eskubaloi taldea. Bermeon eta Mundakan jarri dituzte bilketa puntuak: Bermeon Erreteneko bulegoan eta Mundakan Urdaibai ET Txokoan. Urtarrilaren 5era arte egingo dute bilketa.
Hain zuzen ere, kirol materiala batzea da helburua, gizarte bazterketan daudenei laguntzeko, “eta horiek ere, Gabonetan opariak eduki ahal izateko”.
Modu horretan, “herritar bakoitzak eman ahal duena ongi-etorria” izango dela zehaztu dute; kirol materiala edo kirol arropa izan daitekeela esan dute, “erabiltzen ez duzuena”.