«Egiten ditudan jantziek nire esentzia edukitzea gustatzen zait»
Andrentzako diseinuak egiten ditu Paul Txertudi diseinatzaile gernikarrak. Bezeroen neurrira egiten ditu arropak, baina bere puntua, berea den ikutua eman nahi izaten die. Bartzelonan bizi da 2017az geroztik, eta Mango arropa marka ezagunarentzat ere lan egiten du. 2011. urtean Getxo Moda sariketaren irabazle izandakoa, CreaModa lehiaketako finalista ere izan da gernikarra.
Paul Txertudi Maguregi-Bareta gernikar diseintzailea 2017tik bizi da Bartzelonan. Hara heldu eta hilabetera Mangon hasi zen beharrean, jostun lanetan. Horrez gain, bere marka propioa dauka. Besteak beste, 2011n Getxo Moda irabazi, eta Mercedes De Miguel diseinatzaileagaz praktikak egin zituen. 2015ean, BECen egiten den gazte diseinatzaileen CreaModa lehiaketara aurkeztu, eta finalista geratu zen.
Zure marka nola deskribatuko edo definituko zenuke? Zer bilatzen duzu zure lanekin?
Andrentzako bakarrik egiten ditut diseinuak, eta bezeroaren gorputzean eta nahi duen horretan ipintzen dut arreta. Jantziagaz zer adierazi nahi duen kontuan izaten dut, baita zertarako den ere. Bezeroen neurrira egiten ditut arropak, baina nire puntua, ikutua eman nahi izaten diet. Egiten ditudan jantziek nire esentzia edukitzea gustatzen zait.
Zein da bada, zure esentzia?
Zerbait atenporala, elegantea, femeninoa eta pertsonalitate handikoa. Gero bakoitzak nahi duena adierazten du nire diseinuekin, baina jantzi horrek zerbait adieraztea bilatzen dut, bera nabarmentzea, ikustaraztea. Jantziaren bitartez berak presentzia bat edukitzea, alegia.
Diseinu moduan, zure lanbidean, Euskal Herrian eduki ez dituzun ze aukera eman dizkizu Bartzelonak?
Multinazional batean beharrean nago eta, agian, Bilbon egongo banintz, ez nuke moda arloan aukera hau edukiko. Nire marka pertsonalari dagokionez, Bilbon ere baneuzkan bezeroak, baina, agian, lan esparru handiagoa daukat. Hiri handiagoa da eta, horregatik, esate baterako, jende gehiago ezkontzen da.
Zer suposatu du zuretzat Mango bezalako marka ospetsu eta handi batean behar egiteak?
Mangon ez nago diseinatzaile moduan, sastre moduan baizik. Ez dut ezer diseinatzen, sortzen. Markatu, konponketak egin, jantziak pertsonalizatu… horiek dira nire zereginak. Ez dut nire markagaz egiten dudan moduan zerotik zerbait sortzen. Mangon daukadan taldeagaz oso gustura nago. Pila bat ikasi dut, eta eguneroko lana erraza egiten zait. Agian, ez da nire bizitzako lana, baina bizitzeko Mangon lan egitea behar dut. Gaur egun nire markak ez dit ematen bizitzeko beste. Bi lanak uztartzen gustura nago.
Sare sozialek sekulako garrantzia daukaten aro honetan, horiek zure lana gehiago zabaltzen, ezagutara ematen lagundu dizute?
Bai, publiko zabalagora heltzeko lagundu dit. Diseinuak nire Instagram orrialdean aurkezten ditut. Jende gehiagorengana heltzeko aukera eskaintzen dit, eta jendea nigaz harremanetan jarri daiteke bertatik. Ez daukat beste plataformarik. Instagram erosoa iruditzen zait, bideoak egiteko aukera dago. Egia da argazkiak editatzeko, igotzeko… denbora eskaini behar diozula, baina nik daramat kontua, eta oso gustura nago; erraza egiten zait.
Konpetentzia asko dago moda munduan. Nabarmentzea kostatu egiten da?
Bai, konpetentzia handia dago, baina baita publiko gehiago ere. Publikoak aukeratu egiten du zer nahi duen eta zer ez duen nahi. Eta nire lekua eduki dezaket.
Batzuetan marka edo enpresa handien neurriak ez dira errealak. Baina, badago non erosi.
Sare sozialak eta moda eskutik doaz. Eta irudiak pisu handia dauka gure gizartean. Diseinatzaile moduan, zelan bizi edo ikusten duzu hori?
Nire kasuan, sare sozialetan aurkezten dudana nik egiten dudana da. Nahi dudana eta markaren esentzia adierazten dut. Nire esku dago hau erakustea edo hori erakustea. Orokorrean, zure parte ona bakarrik erakusten duzula esaten da, eta egia da hori, gure kasuan, gehiago saltzeko edota jende gehiagorengana heltzeko. Noski, nik ere argazki on baten eta txarraren artean ona igotzen dut beti. Zer erakusi nire esku dago, eta askea naiz nik nahi dudana aurkezteko edo erakusteko. Bestalde, moda munduan estereotipo batzuk markatuta daude, baina markek eta enpresek badakite zeintzuk diren euren bezeroak, eta nora eta nortzuengana heldu nahi duten. Adibidez, Desigualek ez du ematen Loewek ematen duen irudi bera. Euren identitate-marka eta euren bezeroak ondo zehaztuta dituzte. Egia da moda munduan itxurak eta irudiak zaindu behar direla. Moda azalekoa edota hutsala izan daiteke, baina horren bitartez eurek nahi duten publikora heltzen dira, eta publikoak ere hori eskatzen du.
Edertasun-kanonak aldatzen al doaz? Badago kanon zehatz bat?
Orain dela urte batzuetatik hona, dibertsifikazio apur bat dagoela ikusten dut, ez dagoela kanon zehatz bat. Adibidez, neurriei dagokienez, lodiagoa, argalagoa, altuagoa, txikiagoa izan… aukerak dituzu. Batzuetan marka edo enpresa handien neurriak ez dira errealak. Baina, badago non erosi.
Orokorrean gizartea modaren esklabo da edo moda da gizartearen esklabo?
Ni pertsonalki ez naiz batere modaren esklabo. Badakit jende askok berritasun edota tendentzia berriak agertu ahala, horiek erosi gura izaten dituela. Adibidez, marka indartsu eta ezagunen arropak imitatuz antzeko bertsioak egiten dituzte marka low cost-ek. Ia berdinak izaten dira, eta jendeak horiek erosi nahi izaten ditu. Uste dut enpresa handiek edota izen bat daukaten enpresek markatzen dituzten tendentziak edo arropa-motak bai heltzen direla guregana, kaleko jendearengana. Eurek tendentziak markatzen dituzte, eta batzuek zorrotz betetzen edo jarraitzen dituzte. Baina, bakoitzak bere izaeraren arabera, markatutako tendentzia horiek jarraituko edo kontuan edukiko ditu edo ez. Tendentzia bat irten bada, baina niri ez bazait ondo geratzen, edota ez baldin badut ikusten nire estiloagaz bat datorrenik, edo ez banaiz ondo ikusten, ez diot garrantzirik emango, eta ez dut hori segituko. Nire kasua da hori.
Gustura sentitu behar zara daukazun look-agaz eta daramazun arropagaz, eroso sentitu behar zara. Eta, era berean, zelakoa zaren edo nor zaren adierazi behar duzu.
Horrek zure lanean eragiten dizu?
Ez, ni ez noa tendentziekin bat. Egiten ditudan arropak ez doaz tendentziagaz bat, oso atenporalak dira. Hau da, gaur zein bost urte barru eroan ditzakezu; osagarriak aldatu, eta beste momentu batean eroan ahalko zenituzke. Ez naiz abiatzen tendentzietatik; ez dut kontutan hartzen orain modan zer dagoen edo ez dagoen. Pertsonaren gorputz motaren eta gustuen arabera diseinatzen dut. Eta ondo zer geratu ahal zaion hartzen dut kontuan, esate baterako, ze oihal den beretzat egokiena, zer gustatzen zaion, ze konbinazio geratzen den hobeto…
Ze aholku emango zenieke gure irakurleei?
Adibidez, ondo sentitzen diren moduan jantzi daitezela. Look guztiak zerbait zurea adierazten du. Hau da, nor zaren adierazteko beste era bat da. Gustura sentitu behar zara daukazun look-agaz eta daramazun arropagaz, eroso sentitu behar zara. Eta, era berean, zelakoa zaren edo nor zaren adierazi behar duzu. Garrantzitsuena hori da niretzat, eroso sentitzea, nor zaren adieraztea eta nahi duzun hori transmititzea.